UEUren Udako Ikastaroak gogoeta eta hausnarketa gune bihurtu dira

2023ko maiatzaren 24a

UEUren Udako Ikastaroak gogoeta eta hausnarketa gune bihurtu dira

UEUk 51. Udako Ikastaroak aurkeztu ditu Iruñean. Iazkoaren haritik, 17 jardunaldi eta topaketa antolatu ditu hainbat eragileekin elkarlanean, euskal gizartearentzat garrantzitsuak diren gaien inguruan hausnartzeko helburuarekin. Arnasgune akademiko eta euskaldunen topagune bezala definitu dituzte UEUko arduradunek.

Aurkezpenean Aitor Bengoetxeak, UEUko Zuzendariak eta Irati Iciarrek, UEUko Udako Ikastaroen arduradunak parte hartu dute. Aitor Bengoetxeak hartu du lehendabizi hitza: "UEUren Udako Ikastaroek 50 urte bete zituzten iaz. Donibane Lohitzunen egin ziren lehen Udako Ikastaro horiek hainbat euskaltzalek eta erakundek bultzatuta, euskara unibertsitatean ere erabili zitekeela sinetsi zutelako. Orduz geroztik, urtero-urtero, bost hamarkadetan zehar UEUren Udako Ikastaroek ez dute hutsik egin udako beraien hitzordura (1977tik aurrera Iruñean), eta jakin izan dute urte hauetan guztietan gizartearen beharretara egokitzen. Hasieran hitzaldi irekiak ziren, ondoren jakintza-alor espezifikoak, barnetegi moduan Larraonako garaian, laburragoak eta aditu eta profesionalei begirakoak azken urteetan, eta iazko urteurrenaren hariari jarraiki, hausnarketa eta gogoetarako gune dira orain. Besteak beste, hori baita UEUren funtzioetako bat: Euskal Herriarentzat garrantzitsuak diren gai eta eztabaidentzat gune akademiko euskaldun bat eskaintzea gure gizartea aberatsagoa izaten laguntzeko asmoz".

Irati Iciarrek, UEUren Udako Ikastaroen arduradunak Udako Ikastaroen izaera aldaketa azaldu du: "Iaz, 50. Udako Ikastaroek UEUren ibilbidea eta egindako lana ospatzeko aukera eman ziguten, baina baita Udako Ikastaroen inguruan hausnartzeko parada ere. Hori dela eta, iaz UEU zein gure gizartearentzat estrategikoak ziren gaiak landu genituen hainbat jardunaldien bidez. Aurten, nahiz eta zenbaki borobila ez izan, bide horri eutsi, formazio-esparrua gainditu (hori urtean zeharreko eskaintzarekin bideratuko dugu) eta Udako Ikastaroak gogoeta gune bezala finkatzea erabaki dugu". Hala ere, udakoen ezaugarriak bere horretan mantenduko direla azpimarratu du Iciarrek: "Aurrez aurrekotasuna ezinbestekoa da udakoetan, jendeak hausnarketa egiteaz gain, elkar ezagutu eta komunitatea trinkotzea baitute helburua. Horietaz gain, kalitatea da beste ezaugarrietako bat. Gure antolatzaileak adituak eta arituak dira proposatzen dituzten gaietan eta horiek mimatzen saiatzen gara. Udakoak arnasgune akademikoa dira bertara hurbiltzen direnentzat eta baita euskaldunen topagunea ere". Jardunaldi guztiak neurrira egindakoak direla azaldu du UEUren UdakoIkastaroen arduradunak: "Udako Ikastaro hauek lankidetzan oinarritzen dira, eta hainbat eragilerekin batera antolatu ditugu aurten: Kontseilua, BadaLab, JAKIN, ALDEE, GEZKI,... Eta jende multzo zabalak izena eman dezake bertan: alorreko profesionalak eta adituak, gaian interesa duenak eta azken finean, euskaldun guztiek".

Aurtengo Udako Ikastaroak hilabete iraungo dute, ekainaren 12tik uztailaren 12ra eta Euskal Herriko txoko askotara iritsiko dira: Eibar, Baiona, Iruñea, Gasteiz, Bilbo, Errenteria, Tolosa eta Usurbil. Ahalik eta jende gehiagok parte hartu dezan, 10 euro balioko dute matrikula guztiek.

Hauxe da aurtengo eskaintza:

1. Udako Ikastaroen Hasiera Ekitaldia: "Herritarrak ikerketan inplikatzen". Bilbo, ekainak 14

2. Osasunaldia: osasun-zientzietako gradu amaierako lanen 3. jardunaldia. Eibar, ekainak 12

3. Hizkuntza hautuen eta generoaren arteko gurutzaketa arnasguneetan. Tolosa, ekainak 15

4. HDEH2023: Adimen Artifiziala Auzitan. Errenteria, ekainak 20

5. Gizarte mugimenduak: erronka berriei elkargune berriak. (Jakin jardunaldia). Usurbil, ekainak 22-23

6. Unibertsitatearen barruak eta prekaritatea. Doktoregaion begirada akademiari. Eibar, ekainak 26

7. Euskal Herri maitea, afektuak eta euskal askapen desira gaur egun. Iruñea, ekainak 27-28

8. Loditasuna ikuskera neomaterialistatik. Teoria eta esperientziak. Iruñea, ekainak 28

9. Ekofeminismoak konpos(t)atzen Euskal Herrian. Gasteiz, ekainak 29

10. Informazio eta Dokumentazio Kudeatzaileen IX. Bilkura. Liburutegi espezializatuak: Espezializazioaren bideak, aniztasunaren isla: dokumentazio-zentroak eta liburutegi espezializatuak. Eibar, ekainak 30

11. Trantsizio ekosoziala ekonomia sozialaren bidetik: zer egin hezkuntzaren esparruan? Eibar, ekainak 30

12. BideGurutzean. Partaidetza komunitariotik elkarbizitza sustatzen. Eibar, uztailak 3

13. Filosofo Euskaldunen I. Bilkura: pentsamendua eta irakaskuntzaren erronkak. Eibar, uztailak 3

14. Berrikuntza hezkuntza-marko berrian: ikasteko egoerak gorpuzten, Euskal Curriculuma ardatz.. Eibar, uztailak 6

15. Euskal artearen historiaren bide berriak. Eibar, uztailak 7

16. Emakumeak euskal kooperatibismoan. Eibar, uztailak 7

17. Euskal literaturaren irakaskuntza gogoetagai: tokikotasuna, lurraldetasuna eta kolektibo azpiratuak. Baiona, uztailak 12.

TAILERRAK ETA SAIO OSAGARRIAK

-Datu Lotuak, Ezagutza-grafoak, Wikidata/Wikibase. (tailerra). Eibar, uztailak 7

-Orri bustiak: Euskarazko literatura erotikoa (mahai ingurua). Eibar, uztailak 6