HDEH2023: Adimen Artifiziala Auzitan.
Aurkezpena
2020ko leit motif nagusia pandemia izan bazen, 2023koa zalantzarik gabe “Adimen Artifizialak” izaten ari dira. Nork ez du entzun jada, edo probatu, DALL-E edo Midjourney irudigile edota Chat-GPT testugileen ingurukorik? Itzultzaile automatikoak oso urte gutxitan normalizatu ditugun garaiotan algoritmoen inguruko diskurtso garaikideek iraultza eta disrupzioa bezalako berbak darabiltzate. 2022an Adimen Artifizialaren garapena eta egungo erronkak, erakundeen eta industriaren estrategiak eta aplikazio nabarmenenak, hezkuntzan eta ingurugiroan dauzkan inplikazioak, algoritmoen etika, datuen pribatutasuna eta beste hainbat landu ziren IEB Informatikari Euskaldunen Bilkuratik, UEUren Filosofia eta Informatika sailekin elkarlanean. 2023an Humanitate Digitalen Ikerketa Gunetik AA hauek perspektiba propio eta gertukoetatik problematizatu eta auzitan jartzea proposatzen dugu BadaLab Hizkuntza eta Gizarte Berrikuntzarako Laborategiarekin elkarlanean.
Jardunaldi hau elkarlanean antolatu dute BadaLabek, Errenteriako udalak eta UEUk.
> Elkarrizketa: Xabier Landabidea: "Gure helburua beteko litzateke gaur gure planteamenduak zalantzan jarri eta etxera zalantza berriekin joango bagina"
Irakasleak
- Miren Berasategi Zeberio
- Martin Etxauri Sainz de Murieta
- Diana Franco Eguren
- Galder Gonzalez Larrañaga
- Ines Osinaga Urizar
- Jon Torner Zabala
Helburuak
- Egun bateko habia komuna eraikitzea Adimen Artifizial terminoarekin izendatu ditugun teknologiak elkarrekin eta begirada anitzetatik problematizatzeko.
- Adimen Artifizial deritzen teknologia hauen eraginak, aukerak eta arriskuak ezagutzea Euskal Herriko eragile, praktika eta esperientzia anitzetatik abiatuta.
- Hiru ardatz tematikoren inguruan teknologia hauen eta hauen inguruko diskurtsoen aldeko eta aurkako arrazoiak ezagutu, aletu eta eztabaidatzea.
Edukiak
- AAk eta Kazetaritza
- AAk eta Hezkuntza
- AAk eta Arte Sorkuntza
Nori zuzenduta
HDEH jardunaldi guztiak bezala zabalkunde zientifiko eta humanistikoa du helburu jardunaldiak, eta ez da aurretiazko ezagutza edo prestakuntzarik behar hitzaldiak jarraitu edo dinamikan parte hartzeko. Adimen Artifizialaren gaian interesa duen herritar guztiei zuzenduta dago saioa.
Hori esanda, bereziki interesgarria izango da kazetaritza, komunikazio eta informazioaren profesionalentzat, hezkuntza komunitateko kideentzat eta diziplina artistiko eta sormenarekin lotura duten pertsona eta erakundeentzat. Baita, nola ez, Adimen Artifizialarekin lotutako garatzaile teknologikoentzat ere.