Nor gara

Zer gara?

Udako Euskal Unibertsitatea (UEU) irabazi-asmorik gabeko eta Onura Publikoko aitormena duen kultur elkartea da. 1973. urtean sortu zen Ipar Euskal Herrian eta orduz geroztik bere helburu nagusia Euskal Unibertsitatea sortzea da. Horrekin batera, honako lan-ildo nagusi hauek ditu:

  • Euskararen eta unibertsitatearen arteko zubiak eraikitzea.
  • Euskal komunitate zientifiko-intelektuala biltzea.
  • Unibertsitate-gaiak ekoitzi eta gizartearen esku jartzea.

1.400 bazkide baino gehiagok osatzen dute UEUren oinarri soziala jakintza-alor desberdinetako sailetan antolatuta.

Zer egiten dugu?

Euskal Unibertsitatea sortzeko bidea

UEUren helburu nagusia da hau. Izan ere, euskal gizartea bere osotasunean garatzeko ezinbestekoa da maila goreneko hezkuntza-erakundea sortzea honako ezaugarri hauekin: euskal gizartearen beharretara egokitua, izaera soziala izango duena, Euskal Herria bere osotasunean hartuko duena eta euskara hizkuntza-ardatz nagusia izango duena. Helburu hau lortze bidean etengabe lanean ari da.

2019an UEUk Goi-mailako Online Institutua (GOI) sortu zuen UPV/EHUren baitan, online unibertsitate-ikasketak eta ikerketa sustatzeko helburuarekin. Bide horretatik, 2020/2021 ikasturtean UEUk martxan jarri zuen Irakasleen Prestakuntzarako Unibertsitate Masterra. Eta 2024/2025 ikasturtetik beste graduondoko batzuk ere eskaintzen ditu.

Jarduera akademikoa ( > )

Aurrekoa lortze bidean, goi-mailako formazioa eskaintzeko lan egiten du UEUk. Etengabe aldatzen den gizarte honetan beharrezkoa da ezagutza berriak barneratzea. Bide honi jarraituz, unibertsitate-mailako formazioa, ikastaro espezializatuak, mintegiak, jardunaldiak, graduondokoak, irakasle zein profesionalei zuzendutako prestakuntza, udako ikastaroak eta hauekin lotutako ikerketa lantzen ditu UEUk. Alor honetan dagoeneko erreferente bilakatu da.

2003tik online ikastaroak ematen hasi eta 2013an online irakaskuntzarako eredu pedagogikoa definitzen hasi zen, orduz geroztik etengabe eguneratzen joan dena.

Argitalpengintza ( > )

Liburugintzaren alorrean UEUren helburuak dira: azpiegitura bibliografikoa sortzea batetik, eta arlo teknikoetan euskarazko terminologia eta sintaxia finkatzea bestetik.

1977. urtean lehen liburua argitaratu zuenetik, dagoeneko ehunka izenburu ditu katalogoan liburu eta aldizkarien artean, eta unibertsitate-mailako euskarazko testugintzan dekano bilakatu da.

Urtean hamar bat liburu argitaratzen ditu eta, oro har, bost urte pasata modu askean eskuragarri jartzen ditu bere LIburutegi librean.

1990. urtetik Uztaro, Giza eta Gizarte Zientzien aldizkaria kaleratzen du. Honi gehitu zaizkio 2003. urtean Kondaira.eus Historiari buruzko aldizkari elektronikoa, Aldiri. Arkitektura eta abar (2011-2021) eta Osagaiz. Osasun-zientzien aldizkaria, 2017an Osasungoa Euskalduntzeko Erakundearekin (OEE) batera sortua.

Ikerketa

Ikerketa ere bada UEUren ildo estrategikoa. 2022az geroztik EAEko Zientziako, Teknologiako eta Berrikuntzako Euskal Sareko Agente da eta urte beran jarri zuen martxan Ikerketa Batzordea; UEUren ikerketa-lerroak definitzeko eta ikerketa desberdinak bideratzeko.

Hala ere, zientziaren dibulgazioaren alorrean UEUren lana aspaldiko da. Besteak beste ikertzaileei egindako elkarrizketak, Txiotesia lehiaketa, Ikerl(h)ari podcasta eta dokumentalak, Akademiatik plazara ekitaldi dibulgatiboa eta Barredromoa saioa. Argitaletxea ere baden heinean, ikerketa-lanak publikatzen ditu.

Ikertzaileentzako topagunea ere bada UEU eta horren adibiderik nagusiena da bi urterik behin antolatzen den IKERGAZTE Nazioarteko Kongresua. Horrez gain, jakintza-alor espezifikoetako jardunaldi eta topaketak ere antolatzen ditu.

Hain zuzen ere, 2023ko IKERGAZTE Kongresuan lehenengoz Ikerketa Proiektuen Deialdia egin zen BadaLab-en laguntzarekin. UEUk beste erakunde batzuekin elkarlanean ere hainbat ikerketa-deialdi bultzatu ditu: Juan San Martin Beka, Koldo Mitxelena Beka edota EWKE deialdia.

Ikertzaileei berariaz zuzendutako formazioak ere eskaintzen ditu UEUk.

Azkenik, baditu zenbait tresna ikertzeko ere baliagarriak izan daitezkeenak: INGUMA Euskal komunitate zientifikoaren datu-basea edota ARTIZARRA Profesional eta aditu euskaldunen sare soziala.

Gure balioak

EUSKARA
NAZIONALA
HERRITARRA

ELKARLANA
BERDINZALETASUNA

Nola antolatzen gara?

UEUren oinarria soziala da, hau da, UEU BAZKIDEZ osatzen da. Une honetan 1.400 bazkide ditu Euskal Herri osoan (eta kanpoan). Bazkide hauek gutxienez urtean behin BILTZAR NAGUSIAN onartzen dute aurreko urtean egindako lana eta hurrengo urteko egitasmoa.

Batzar Nagusia UEUren organo gorena da eta berari dagokio Talde Eragileko kudeaketa onartzea eta bertako partaideak aukeratzea.

UEUren jarraipena egiteko TALDE ERAGILEA dago, Zuzendaritza. Elkartearen organo eragile nagusia da. Urteko kudeaketaren erantzukizuna eta ardura berea da. Talde Eragileko kideak borondatezkoak dira, eta Batzar Nagusiak aukeratzen ditu lau urterako. Talde Eragileko burua ZUZENDARIA da. Kargu hau borondatezkoa da eta Batzar Nagusiak onartzen du lau urterako.

Bazkideak UEUk dituen 27 sailetan banatzen dira. Sail bakoitzak jakintza-alor batean lan egiten du eta autonomoa da. Sailek, UEUren Idazkaritzarekin batera UEUren jarduerak antolatzen dituzte: ikastaroak, jardunaldiak, liburuak... Sailen koordinazioa SAILBURUEK egiten dute.

UEUk bere historian zehar zuzendari hauek izan ditu:

Manex Goihenetxe Etxamendi
(1973-1976)
Martin Orbe Monasterio (1976-1983)
Baleren Bakaikoa Azurmendi (1983-1987)
Inaki Irazabalbeitia Fernandez (1987-1991)
Kepa Altonaga Sustatxa (1992-1996)
Mikel Aizpuru Murua (1996-2000)
Xabier Isasi Balanzategi (2000-2004)
Aitzpea Leizaola Egaña (2004-2005)
Lore Erriondo Korostola (2005-2010)
Karmele Artetxe Sanchez (2010-2014)
Iñaki Alegria Loinaz (2014-2018)
Kepa Sarasola Gabiola (2018-2023)
Aitor Bengoetxea Alkorta (2023- )

UEUko sailak hauek dira:

  • Antropologia
  • Antzerkilaritza
  • Arkitektura
  • Artea
  • Bertsolaritza
  • Ekonomia
  • Filosofia
  • Fisika
  • Glotodidaktika
  • Historia
  • Hizkuntzalaritza
  • Informatika
  • Itzulpengintza
  • Kazetaritza
  • Kimika
  • Klimatologia eta Meteorologia
  • Literatura
  • Matematika
  • Musika
  • Natura Zientziak
  • Osasuna
  • Pedagogia
  • Psikologia
  • Sexologia
  • Soziolinguistika
  • Soziologia
  • Zuzenbidea

Batzar Nagusiak onartutako egitasmoa teknikoki aurrera ateratzeko ardura LANTALDEArena da, Kudeatzaile Nagusia buru delarik. Une honetan 22 pertsonek osatzen dute UEUko lantaldea eta, Baiona, Bilbo, Eibar eta Iruñeko egoitzetan kokatzen da.