Sailburuak
Bazkideak UEUk dituen 27 sailetan banatzen dira. Sail bakoitzak jakintza-alor batean lan egiten du eta autonomoa da. Sailek, UEUren Idazkaritzarekin batera UEUren jarduerak antolatzen dituzte: ikastaroak, jardunaldiak, liburuak... Hauek dira sail bakoitzeko Sailburuak.
Inhar Agirrezabala Saenz de Santamaria
(Zarautz, 1980)
Arkitektura Saileko sailburua
2004. urtean ezagutu zuen UEU, arkitektura eskolan, eta urte horretan bertan Biarritzeko udako ikastaroetan parte hartu zuen ikasle gisa. Segidan bazkide egin zen eta orbitan ibili ondoren 2012an eskaini zioten saileko gidaritza hartzeko Anartz Ormazarekin batera. Arkitektura estudio batean egiten du lan eta irakasle gisa jarduten du IBN-IEB-UdLk (Institut für Baubiologie + Nachhaltigkeit – Insitituto Español de Baubiologie – Universitat de Lleida) eskainitako bioeraikuntza masterrean.
Elisabete Alberdi Celaya
(Markina-Xemein. 1975)
Matematika Saileko sailburua
Matematika ikasten ari zela ezagutu zuen UEU, honek argitaratutako zenbait libururen bidez. Ondorengo kontaktua komunikazioarekin lotutako ikastaro batean parte hartu zuenean izan zen. UPV/EHU-ko Matematika Aplikatua Saileko irakaslea da, Bilboko Ingeniaritza eskolan. Matematika saileko arduraduna da 2012tik.
Oskar Arantzabal Iraeta
(Eibar, 1967)
Ekonomia Saileko sailburua
Ekonomia eta enpresa zientzietan lizentziaduna da (Deustuko Unibertsitatea) eta Nazioarteko marketinean masterduna (Strathclyde University, Glasgow, Scotland). Esportazio lanetan jardunean dabil, sektore industrialean. EITBn ekonomia gaietan kolaboratzaile eta estatu txikietan espezializatua. Juan Zelaia saria irabazi zuen 2013an, honako saiakeragatik: “Azpilkueta, ekonomiaren aitzindari”. UEUko Ekonomia sailburua ere bada.
Aitzol Astigarraga Pagoaga
(Mutriku, 1976)
Informatika Saileko sailburua
Informatika ingeniaritza ikasi zuen UPV/EHUn eta garai horretan ezagutu zuen UEU, Larraonako Udako Ikastaroetan. Ordutik hona, irakasle eta informatikari gisa aritu izan da batik bat, UEUrekiko lotura galdu gabe. 2019ko irailean UEUko lantaldera bildu zen, eta Irakaskuntza Masterreko zuzendari izan zen (2020-2024).
Ines Castiella Imaz
(Barañain, 1974)
Itzulpengintza Saileko sailburua
Ingeniari industriala da formakuntzaz eta lanbidez, eta energia berriztagarrietan dabil lanean; baina horretaz gain sarritan egiten ditu itzulpen teknikoak beste hizkuntzatatik euskarara, eta bi eleberri txiki ere itzuli ditu. Sinetsita dago euskara batua hizkuntza oso gaztea izaki, bere erabilera formala sustatzeko eta baita bere existentziaren berri mundura zabaltzeko, itzulpengintza lana ezinbestekoa dela, ongi merezitako duintasuna jaso dezan.
Iñaki Dorronsoro Maioz
(Ataun, 1994)
Sexologia Saileko sailburua
Natura Zientzietako sailburuaren bitartez izan zuen UEUren ezagupena, 2017an. Sexologia sailean lan egitea zegoela ikustean, bertako ardura hartu zuen. Ingeniaritza zibileko ikasketak burutu izan arren, hainbat jakintza alorretara zabaldu du interesa, antzerkigintza, sexologia eta historia, esaterako. Hainbat proiekturen artean, EHE, Torto GA eta SMEuskaldundu taldeetan lanean ibilia da.
Ainara Estarrona Ibarloza
(Gasteiz, 1974)
Hizkuntzalaritzako Saileko sailburua
Gasteizen 90eko hamarkadan Euskal Filologia ikasketak egiten ari zenetik du UEUren berri, baina Ixa taldean lanean hasi zenetik izan du harekin harreman estuagoa. Ikasketak bukatuta, Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegian aritu zen erredakzio-lanetan 8 urtez. 2004. urtetik hona HiTz zentroko Ixa taldean dabil ikertzaile Hizkuntzaren Prozesamenduaren alorrean. 2013. urtean hasita, Hizkuntzalari Euskaldunen Topaketak antolatzeko lanetan ibili da Ixako hizkuntzalari-taldeako kide gisa. 2020an hartu du Hizkuntzalaritza sailaren gidaritza, Uxoa Iñurrietarekin batera.
Gorka Etxebarria Dueñas
(Gasteiz, 1988)
Historia Saileko sailburua
2016ko irailean hartu zuen UEUko historia sailaren ardura. Historia Garaikidean doktoregaia da egun, Euskal Herriko Unibertsitatean. Musikagintzari lotua bizi da (Hudaltzainak, Bertso-Tavern, Montauk…) eta proiektu komunikatibo askeekin engaiatuta. Akademiaren, euskalgintzaren eta kultura herritarraren arteko zubia eraiki eta mantentzea du ardatz bere UEUrekiko atxikimenduan.
Mikel Etxeberria Okariz
(Beasain, 1994)
Natura Zientziak Saileko sailburua
2013. urtean ezagutu zuen UEU, EuskalNaturaren bidez urte hartan antolatu zuten Natur Zientzien I. Topaketan parte hartu zuenean. Ondoren 2017ko udan UEUren udako ikastaroetan Erlezaintza ikastaroaren antolaketan hartu zuen parte. 2017ko udazkenean Natur Zientzien Sailburu hasi zen UEUn.
Rakel Gamito Gomez
(Arrasate, 1984)
Pedagogia Saileko sailburua
UEUko lantaldeko kide bilakatu zen 2016aren hasieran, on-line irakaskuntzaren arduradun bezala. Urtebete luzez on-line ikastaroak eta ikasgela birtuala kudeatu zituen baina 2017ko apirilean UEUko Eibarko bulegoa utzi behar izan zuen bere doktorego-ibilbidean aurrera egiteko. Denbora-tartea laburra izan arren, harremana estua eta oso bizia izan da hasiera-hasieratik. Ordutik, beti saiatzen da UEUk antolatzen dituen ekintza guztietan parte hartzen eta zenbait ikastaroetako irakasle ere izan da.
Ana Irene Garcia Del Bao
(Donostia, 1996)
Natura Zientziak Saileko sailburua
Biologiako ikasketak burutzen ari zela ezagutu zuen UEU, EuskalNatura elkartearen bidez 2015. urtean antolatu zuten Natur Zientzien II. Topaketan parte hartu zuenean. Geroztik, natura zientzien saileko topaketa eta ikastaroak antolatu ditu, besteak beste: Euskal paisaien argazkilaritzako ikastaroa; Zientzia ala superstizioa? Sendabelarren afera azterketa etnobotanikoaren ikuspegitik; Arazoetan oinarritutako irakaskuntza DBHko Natura zientzietan eta Natur Zientzien III. Topaketa. 2019. urtean Natur Zientzien Sailburu izendatu zuten.
Uxoa Iñurrieta Urmeneta
(Donostia, 1990)
Hizkuntzalaritza Saileko sailburua
Itzulpengintza eta Interpretazioko ikasketei ekin zienerako, ezaguna zuen UEU, baina gerora estutu du harekiko lotura, doktoretza-tesia egiten ari zela (IkerGazteren lehen hiru edizioetan parte hartu du, irakasle aritu da Itzulpengintza eta Teknologia graduondokoan, eta ikastaro askotan hartu du parte). Euskara teknikoko irakasle aritu da zenbait urtez Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan, EHUn, eta, gaur egun, UEUn egiten du lan, online irakaskuntza-masterrean irakasle. Horrez gain, HiTZ zentroko Ixa ikerketa-taldearekin lankidetzan aritzen da, eta itzulpenak ere egiten ditu tarteka, Haur eta Gazte Literaturakoak batez ere. 2020an hartu zuen Hizkuntzalaritza sailaren gidaritza, Ainara Estarronarekin batera.
Xabier Landabidea Urresti
(Bilbo, 1981)
Komunikazio Saileko sailburua
UEU Miarritzen ezagutu zuen lehen aldiz, Ikus-entzunezko komunikazioaren bigarren urtean zegoela. Erromantikotasun eta profesionaltasunaren arteko oreka transmititu zion orduan, eta oreka zail hori gordetzen jakin du gerora ere, IkerGazte kongresuaren Batzorde Dinamizatzailean eta Batzorde Zientifikoan parte hartzerakoan ikusi ahal izan zuen bezala. UEUko Komunikazio Sailburua da, eta Talde Eragileko kidea 2017tik. Euskal Herriak bizi duen aro zirraragarri honetan UEU lehen mailako eragile intelektual eta soziala izateaz gain, euskarak behar eta merezi duen estatusa lortu dezan lanean dabilen edozeinentzat ezinbesteko aliatua dela uste du.
Gema Lasarte Leonet
(Errenteria, 1962)
Literatura Saileko sailburua
Gema Lasarte formazioz kazetaria da eta horretan aritu da 17 urtez. Literatur Zientzietan doktorea da eta azken 15 urteak EHUko irakasle gisa aritu da Hizkuntza eta Literaturaren Didaktikan. Bere ikerketa ibilbidean euskarak eta generoak hezurmamitzen dute bere egitea.
Igor Leturia Azkarate
(Arrasate, 1971)
Informatika Saileko sailburua
Ingeniaritza informatikoa eta elektronikoa ikasi zituen Mondragon Unibertsitatean eta Toulousen, hizkuntza-teknologietako Hiztek eta HAP masterrak egin zituen UEUn eta UPV/EHUn eta doktoretza-tesia hizkuntza-teknologietan UPV/EHUn. Elhuyar Fundazioan egiten du lan, ikertzaile eta hizketa-teknologien saileko arduradun gisa. UEU 1996an ezagutu zuen, Informatikari Euskaldunen I. Topaketetan, eta geroztik bazkide eta informatika saileko kide da, non hainbat ikastaro eman eta jaso dituen. Neurri handi batean, UEUn ikusi eta ikasitakoek eraman dute bere lan-bizitza euskarara eta hizkuntza-teknologietara bideratzera.
Josu Lopez Gazpio
(Tolosa, 1987)
Kimika Saileko sailburua
Donostiako Kimika Fakultateko ikasle zela ezagutu zuen UEU eta harrezkero UEUren hainbat ekimenetan gogotsu parte hartu du. 2015ean UEUko unibertsitate-mailako ikasmaterialak sustatzeko laguntzei esker “Kimika orokorreko eskuliburua” argitaratu zuen. 2016ko uztailean “Zientziaren dibulgazioa: aukerak, baliabideak eta erronkak” udako ikastaroa antolatu zuen, Koldo Garcia UEUkidearekin elkarlanean. 2017ko martxotik UEUKo Kimika Sailaren ardura du.
Eneko Mendiluze Plaza
(Altsasu, 1987)
Psikologia Saileko sailburua
2019an UEUrako Familia Tepaiaren Hastapenak ikastaroa aurkeztu zuen eta era honetan UEUrekin harremana estua bilakatu zen. Gaur egun, EHUko irakaslea den Luixa Reizabalekin batera saileko sailburutzari heldu dio, erronka nagusi bezala Psikologo Euskaldunen Sarea sortzea duena. Lan arloari dagokionez, Bizkaian eta Nafarroan esperientzia psikotikoak dituzten pertsonekin lan egin ostean, adopzio eta akogidazko alorrean dihardu Iruñean.
Yolanda Mendiola Mirasolain
(Aubervilliers, 1963)
Zuzenbide Saileko sailburua
2010. urtean ezagutu zuen UEUn Jendaurrean hitz egiteko eman nuen ikastaro baten ondorioz. Urte horretan egin zen bazkide eta handik gutxira Zuzenbide saileko sailburu. Batez ere, udako ikastaroei begira aritzen da arloarekin zerikusia duten gaien bila eta talde barrutik edo kanpotik datozen ideiak asko estimatzen ditu. UEUko beste sailekin elkarlana egiten du ere.
Euskal telebistan du bere lanbidea eta kultura, zuzenbidea eta oro har gizarte gaiak dira ikusmira sortzen dizkiotenak. Elkarkidetzan sinesten duelako hainbat taldetan boluntario lanetan aritzen naiz.
Jon Mentxakatorre Odriozola
(Galdakao, 1992)
Filosofia Saileko sailburua
Giza Zientzietan graduatua (Deustuko Unib.) eta Filosofian doktore da (Madrilgo Unib. Autonomoa). Mondragon Unibertsitatean ari da, gaur egungo gizartea eta hezkuntza gaien gainean irakas-ikerketan. UEUren baitan zenbait urtez ikasle eta irakasle aritu ondoren, 2021etik Filosofia saileko arduraduna da.
Anartz Ormaza Ugalde
(Bakio, 1981)
Arkitektura Saileko sailburua
Arkitektoa eta hezitzailea TEO Arkitekturan, Aranzadi Zientzia Elkarteko bazkide eta Arkeologia Saileko kolaboratzailea eta umeentzako arkitektura tailerretan hezitzailea, besteak beste urte batzuz Bilboko Guggenheim Museoan. Dantzaria eta euskal dantza irakaslea Deustuko Unibertsitatean. 2012ko udan hartu zuen parte lehendabizikoz UEUn, Bioerikuntza eta Geobiologia ikastaroko ikasle moduan. Urte berean bertan hartu zuen Inhar Agirrezabalekin batera Arkitektura Saileko ardura, Kepa Iturralde aurreko Sailburuaren eskutik. UEUko Arkitektura Sailaren bitartez ordurarte arkitekturako ikasketetan lantzen ez ziren gaiak garatzeko aukera ikusi zuten, eta gai hauen inguruan proposatzen dituzte ikastaroak. UEUk argitaratutako “Aldiri arkitektura eta abar” aldizkariko erredakzio kontseiluko kidea izan da.
Idoia Orueta Santa Marta
(Bilbo, 1975)
Musika Saileko sailburua
2015. urtean ezagutu zuen UEU eta 2016ean Musika Sailaren ardura hartu zuen. Musika lizentziatua da biola espezialitatean, bai eta irakaskuntzan diplomatua, luteria ikasketaduna, idazlea eta ikerlaria. Eskola Publikoan irakaslea da lanbidez.
Andrea Perales Fernández Gamboa
(Gasteiz, 1985)
Literatura Saileko sailburua
Andrea Perales Fernández de Gamboa UEUko kidea da 2019az geroztik. Literatura eta irakurzaletasunarekin zerikusia duten graduondo eta formakuntza batzuetan izan da irakasle. a Literatura eta Hizkuntza Garaikideetan doktore (University of Tennessee, 2017), egun Hizkuntza eta Literaturaren Didaktika saileko irakaslea da Gasteizko Hezkuntza eta Kirol Fakultatean. Gasteizko Feminist Agenda Euskal Literaturan literatur taldeko kidea da, eta Gema Lasarterekin batera, Literatura Agenda Feministak Sarean proiektuaren atzean dago.
Luixa Reizabal Arruabarrena
(Donostia, 1964)
Piskologia Saileko sailburua
1994. urtearen bueltan ezagutu zuen UEU. Izan ere, urte horretan eman zuen Iruñean bere lehen ikastaroa. Hurrengo urtean, berriz, UZTARO aldizkarian argitaratzen zuen lehen artikulua etorri zen eta 1997an. Une horretatik aurrera, estua izan da UEUrekin izan duen harremana eta egun, Eneko Mendiluze Plazarekin batera, Psikologia Saileko Sailburua da. UEUko kide izateaz gainera, EHUko irakaslea da 1995etik. Hain zuzen ere, garapenaren eta hezkuntzaren psikologiarekin zerikusia duten gaien irakaskuntzan zein ikerketan nabil lanean, bereziki hezkidetzan.
Aitor Salaberria Oiartzabal
(Lezo, 1994)
Natura Zientziak Saileko sailburua
UEUrekin lehen harremana 2013ko Iruñeko udako ikastaroetan eduki zuen arren, Euskalnatura ikasle elkartearen bidez ezagutu zuen hobeki erakundea. Biologo ikasketaz, hasiera batean ikastaroak antolatzen laguntzen zebilen, baina 2017an sailburu egin zuten aurrekoei erreleboa emateko. Egun Euskalnatura eta UEUren arteko zubi dabil, euskal unibertsitatea helburu.
Alain Urizar Oleaga
(Bilbo, 1974)
Informatika Saileko sailburua
Ingeniaritza informatikoa ikasitakoa. Ikasle garaian ezagutu zuen UEU, udako euskal unibertsitate bezala ezagutu ere, hau da, udan, euskaraz eta gaurkotasuna zuten gaiei buruzko ikastaroetan. Praktika batzuk ere egin zituen bertan. Hasieratik UEUren Euskal Herriko ikuspegiak erakarri zuen. Eta beti izan du apur bat gehiago eskaintzeko gogoa, orain sortu da aukera hori. Euskal Herria burujabetza teknologikoaren bidean jartzen saiatuko da.
Arkaitz Zarraga Azurmendi
(Durango. 1972)
Glotodidaktika Saileko sailburua
UEUrekiko harremana orain dela urte asko hasi zuen, edukien zein formaren aldetik ezin erakargarriagoak egiten zitzaizkion ikastaro batzuen bidez. Glotodidaktika eta Soziolinguistika izan dira betidanik bere gai kuttunak. Harrezkero hainbat formazio saio eman eta jaso ditu. Hizkuntzaren irakaskuntzan dauden joeretan sakondu eta geurean ahalik eta modurik eraginkorrenean aplikatzeko saiakera egingo dute sailean, beti aurrera egiteko asmo garbiaz.