Historia

1970an unibertsitatean euskara ez zen bat ere erabiltzen. Orduan utopia moduan ikusten zen euskara etorkizunean arlo guztietara naturaltasunez zabaldu ahal izango zela. Baina 1970-72an Baionako Euskal Erakustokian antolatu ziren Euskal Asteak izan zuten arrakasta ikusirik, 1972ko ekitaldian Karlos Santamariak Euskal Unibertsitatea sortzeko premiaz emaniko hitzaldiaren bidetik, Euskaldunen Biltzarra, Ikas eta Fededunak elkarteek UEU antolatzea erabaki zuten 1973ko udan, Euskaltzaindiaren babespean. Lehengo ekitaldi biak Donibane Lohizunen egin ziren, ondorengo biak Uztaritzen, eta 1977tik Iruñean. Geroago, urteak pasa ahala, hainbat urrats kualitatibo egin dituzte etengabe euskarazko unibertsitatea eraikitzeko bidean.

  • 1975ean hasi ziren liburuak argitaratzen. urtero 10 bat liburu argitaratu dira harrezkero.
  • 1990an UZTARO Giza eta Gizarte Zientzien aldizkari zientifikoa sortu zuten, geroago sortu ziren Historiari buruzko Kondaira aldizkaria (2003-2013), arkitekturari buruzko Aldiri aldizkaria (2009-2022), eta osasungintzari buruzko Osagaiz aldizkaria (2017).
  • Udako ekitaldien eragina zabaldu nahian, 1985tik urtean zehar ere Jardunaldiak antolatzea erabaki zen, publiko orokorrari zuzendutako dibulgazio-mailako hitzaldi eta mahai-inguruz osatuak.
  • 1996an Informatikari Euskaldunen Bilkurak antolatzen hasi ziren kongresu moduan. Geroago beste hainbat arlotara zabaldu zuten kongresuen formula: Natur Zientziak, Hizkuntzalaritza, Arkitektura...

.

  • 2000. urtean Markeskoa-Isasi Jauretxea egoitza akademiko bezala erabiltzeko lagapen-ituna sinatu zuten UEuk eta Eibarko Udalak, aho batez. Jarduera akademikoa urte osora zabaltzeko akuilu handia izan zen. Urte berean, gainera, Bilboko egoitza soziala erosi zuen UEUk, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. Urte horretan INGUMA datu-basea sortu zuen, unibertsitate mailako euskarazko produkzioa erraz atzitzeko helburuarekin. Euskarazko komunitate akademikoa koordinatzeko antzeko beste zerbitzu informatiko sortu zituzten geroago.
  • 2001etik Hizkuntza Teknologia berezko titulua antolatu zuten, lankidetzan Euskal Herriko Unibertsitatearekin. Geroago 10 baino gehiago izan dira honela antolatu diren graduondokoak edo berezko tituluak. 2001ean bertan hezkuntza-komunitatearekin lankidetzan hasi ziren irakasleak prestatzeko Ulibarri programan. Geroago Prest_Gara eta Haurreskolak programetan ere parte hartu du.

.

  • 2003tik online ikastaroak ematen hasi eta 2013an online irakaskuntzarako eredu pedagogikoa definitzen hasi zen.
  • 2015ean euskarazko ikerkuntza sustatzeko eta ikertzaile gazteak koordinatzeko asmoz IKERGAZTE kongresua antolatu zuten lehenengoz. Helburu bera zuen TXIOTESIA lehiaketa 2013az gero euskarazko ikertzaileei ikusgarritasuna emateko.

  • 2022an UEUren Udako Ikastaroen 50. edizioa izan zen.