Ekofeminismoak konpos(t)atzen Euskal Herrian.
Aurkezpena
Gero eta sakonagoa den krisi ekosozialaren testuinguruan, eta lurraren eta landa eremuaren kontrako egitasmoak areagotzen ari zaizkigun honetan, (eko)feminismoa (analisi, praktika eta mugimendu gisa ulertuta) ezinbesteko begirada eta tresna dugula iruditzen zaigu. Ekologismoa eta feminismoa uztartzen dituzten askotariko hausnarketa, ekimen eta proposamenak badira jada gure lurraldeetan. Aitzitik, ekofeminismoaren gaineko ezezagutza eta aurreiritzi asko ere badagoela deritzogu eta, horrek, izan ditzakeen potentzialitateak mugatu ahal dituela. Zer da ekofeminismoa? Zein ekofeminismo praktika ditugu jada gurean? Zerk sortzen digu zalantza ekofeminismoetatik? Zein aukera irekitzen dizkigute? Nolako ekofeminismoa nahiko genuke Euskal Herri feminista eta iraunkor baterako? Galdera horien bueltan elkartu nahi dugu; denon artean nahi d(it)ugun ekofeminismoa(k) pentsatu, asmatu, gorpuztu eta konpos(t)atu dezagun/ditzagun.
Jardunaldiaren antolatzaile eta dinamizatzaileak: Mirene Begiristain eta Marta Barba. > Elkarrizketa: "Euskal Herrian, ekofeminismoa marrazteko eta gorpuzteko dago, eta horrek ariketa, lan eta jardute kolektibo baten ondorioa izan behar du"
>>> Eskuratu hemen jardunaldiaren errelatoria.
Laguntzailea: SUmendi Espazioa
Irakasleak
- Lorea Agirre Dorronsoro
- Arantza Arrien Goitiandia
- Marta Barba Gassó
- Mirene Begiristain Zubillaga
- Jenofa Berhokoirigoin Hirigarai
- Amanda Dias Verrone
- Isabel Dominga Hernandez Castro
- Ainara Kaltzakorta Urresti
- Marta Luxán Serrano
- Miren Vives Urbieta
- Maite Zabala Idigoras
Helburuak
- Izen horrekin identifikatuta ala ez, ekofeminismotik Euskal Herrian izan ditugun esperientzia eta praktikak ezagutzea, gaurdaino gurean ikuspegi, mugimendu eta praktika horrek izan duen ibilbidea denon artean marrazteko.
- Ibilbide horretan suertatu diren eztabaida, kezka, aliantza, gatazka eta erronkak identifikatzea eta horien inguruan hausnartzea.
- Eremu eta arlo ezberdinetan ekofeminismoa nola ikusten dugun eta zein erronka planteatzen dizkigun eta dizkiogun aztertzea.
- Horrenbestez, denon artean Euskal Herrirako nahi ditugun ekofeminismoak zehaztea eta horiei begira planteatzen ditugun erronka eta eztabaidak identifikatzea.
Nori zuzenduta
Ekofeminismoan interesa, zeresana eta/edo inplikazioa izan dezaketen horiei guztiei zuzenduta dago jardunaldi hau. Asmoa da, hain zuzen, hainbat arlo (antropologia, hezkuntza, euskara, sindikalgintza, ekonomia, nekazaritza, kulturgintza, gizarte zerbitzuak, kazetaritza,...) eta espaziotan (mugimendu sozialak, ikerketa, elkarte eta proiektu kolektiboak,...) jarduten dugunok elkartzea.