Berdinzaletasuna
UEUk, erakunde berdinzalea den aldetik, pertsona guztien arteko berdintasun politiko eta soziala bultzatzeko ardura du, eskubideei, erantzukizunei eta aukerei dagokienez.
UEUtik jendarte berdinzale bat eraikitzeko gure alea jarriko dugu eta edozein diskriminazio egoera edo jokabide iraultzeko lan egingo dugu.
Genero, adin, klase, arraza, jatorri, erlijio, kultura, nazio, hizkuntza, aniztasun funtzional, gorpuzkera, sexu-joera edota bestelako ezaugarri pertsonal edo sozialek eragindako desberdinkeriak gainditzeko konpromisoa hartzen dugu, eta konpromiso hori egiazki gauzatu ahal izateko eraldaketa-prozesu bat abian jarri dugu erakundearen barruan, lantaldean eta hurbileko jardun-eremuetan.
.
Berdintasun plana
2022an UEUk Berdintasun Plana egin zuen Elhuyarren aholkularitzarekin. 2023an jarri zen abian plana eta honen jarraipenerako Berdintasun Batzordea osatu zen.
Berdintasunarena zeharlerroa den heinean, aipatu batzordea osatzerakoan, UEUko ahal denik eta arlorik gehienak kontuan hartzea hobetsi da.
Argazkian, ezkerretik eskuinera, gaur egungo batzordekideak: Zihara Enbeita Gardoki (Komunikazio-taldeko teknikaria), Oihane Landazabal Bernabeu (Aholkulari pedagogikoa eta Berdintasun Batzordeko koordinatzailea), Ander Altuna Gabiola (Hizkuntza-arduraduna), Ane Garetxana Ettcheto (Etengabeko Prestakuntzako teknikaria) eta Eider Goiburu Moreno (GOI ikastegiko irakasle eta ikertzailea).
Eraso matxistak kudeatzeko UEUren protokoloa
UEU berdinzalea eta feminista egiteko bidean tresna lagungarria izango da protokoloa, beste batzuen artean, barne-eraldaketari bide emango diolako. Zentzu horretan, protokolo bat izatea bera prebentzio-neurritzat hartzen da.
Funtzio prebentiboa izateaz gain, eraso matxistak kudeatzeko bitarteko nagusia ere izango da.
Protokoloaren osaketa ahalik eta kolektiboena izateko ahalegina egin da, UEUren egitura guztiak inplikatzea, zeharkatzea eta bere egitea ezinbestekoa delakoan.
Azpimarratzekoa da UEUren izaerari lotzen zaizkion beste erakunde batzuen protokoloak aztertu eta erreferentziak ere hartu direla. Aurretik beste erakunde batzuek egindako lanari ere zor zaio, beraz, UEUk garatu ahal izan duen protokolo hau.
Ez da, ordea, dokumentu itxia izango, etengabeko eraldaketan egongo den tresna bizia baizik. Prozesu errestauratibo eta justizia-eredu feministan sakonduz kasuak kudeatu ahala, eztabaida eta ikaspenetatik egokitzen eta fintzen joango gara, baita esku-hartzeak doitzen ere.
Indarkeria matxista jendarte-antolaketapatriarkalak emakumeak eta sexu-genero arauekiko disidenteakdirenpertsonakzapalduta edo azpiratutamantentzeko duen moduetako bat da,etagizontasun-eredu jakin batzuen pribilegiozko posizioak eta botere-posizioak iraunarazteaduhelburu, genero-hierarkiak birsortzeko eta erreproduzitzeko.
Indarkeria matxistatzat izendatzen da, beraz, espazio fisiko eta sinboliko guztietan ikuspegi eta egitura patriarkalak ezarritako genero-eskemetatik at kokatzen diren gorputzen eta identitateen kontra (hots, emakumeen, transen, genero-disidenteen, eta abarren kontra) egiten den edozein eraso mota. Eraso mota horiek gizontasun-eredu patriarkalaren pribilegioak eta botereak iraunaraztea dute helburu, pribilegio edo botere horiek auzitan jartzen dituzten genero-posizioak zigortuz, azpiratuz eta zaurgarri eginez.
Gainera, kontuan izan behar da indarkeria matxista zisheteropatriarkatua, kapitalismoa eta (neo)kolonialismoa gurutzatzen diren sistema batean kokatu behar dela. Horrek esan nahi du ezaugarri pertsonal edo sozial askotarikoek eragindako desberdinkeriak gurutzatzen direla hainbat une eta eratan: generoa, adina, klasea, arraza, jatorria, erlijioa, sinesmenak, nazioa, hizkuntza, aniztasun funtzionala, gorpuzkera, sexu-joera, etab. Horri intersekzionalitatea deritzo.
Indarkeriak ez dira eraso isolatuak edota indibidualak, aitzitik, indarkeria matxista estrukturala da, bizitzako esparru guztietan gertatzen da eta dimentsio edo forma askotarikoak ditu, elkarrekin harreman estua dutenak: indarkeria zuzena gertakari zehatza da, jarrera edo ekintza bidez eragindakoa eta agerikoa; egiturazko indarkeriak botere eta baliabideen banaketa desorekatuari, esplotazioari eta biziraupenerako oinarrizko beharren asebetetzerik ezari egiten die erreferentzia; eta indarkeria sinboliko edo kulturalak indarkeria zuzena eta egiturazkoa justifikatzen eta legitimatzen dituen gizarteko esfera sinbolikoa biltzen du. Indarkeria zuzena egile —pertsona zein talde— batek eragiten du; egiturazko indarkeria eta kulturala, aldiz, ez dira norbaitek eragiten dituen eraso puntualak, sistema sozio-politiko-ekonomikoaren eta kulturaren zati baizik, horien bitartez ezartzen direnak.
Protokolo honek indarkeria matxistaren ondorio diren eraso zuzenen aurrean jarduteko helburua du, eta erakundean izan litezkeen bestelako indarkeriak (sinbolikoa eta egiturazkoa) Berdintasun Planaren bidez landuko dira.
Eraso batez jakitun den edonork komunikatu dezake, bai erasoa jasan duenak berak zuzenean, baita hirugarren batek ere. Jakinarazpen anonimoak, ordea, ez dira aintzat hartuko, hauek kudeatzeko elementu faltagatik.
Erasoaren berri talde iraunkorrarieman beharko zaio, eta komunikatzeko modua idatzizkoa zein ahozkoa izan daiteke. Hiru bidetatik helarazi ahalko da:
- Talde iraunkorreko edozein kideren bitartez.
- Erasoa egin den uneko edo tokiko UEUko arduradunaren bitartez.
- Talde iraunkorraren helbide elektroniko orokorraren bitartez (erasomatxistak@ueu.eus).
Prozedurari hasiera emango dio talde iraunkorra eraso baten jakitun izateak. alde horri dagokio, beraz, lehen balorazio baten ostean, protokoloa aktibatzea. Aitzitik, protokoloa ez aktibatzea erabaki dezake, protokolo honen helburu eta funtzioei erantzuten ez dieten kasuen aurrean.
Protokoloa aktibatzeko ez da erasoa jasan duenaren baimenik beharko. Zalantza gabe, batez ere erasoaren berri eman duena bera izan ez bada, hasieratik jakitun egon dadila bermatuko da, eta bere iritzia kontuan hartuko da, baina ez da baldintzatzailea izango; erakunde gisa berezko ardura dugu. Betiere, erasoa jasan duenak protokoloa aktibatzearen inguruan kezkarik, zalantzarik edo beldurrik badu, informazioaren kudeaketa eta esku-hartzea horren arabera egokituko dira.
Talde iraunkorrak, protokoloa aktibatzearekin batera, erasoaren nolakotasuna eta aplikazio-eremuaren araberako esku-hartze mota zehaztuko ditu. Lehenbailehen, protokoloa aktibatu izana jakinaraziko die erasoa jasan duenari, erasoa egin duenari eta, horrela badagokio, UEUren egiturari ere bai.
Protokolo hau klabe eraldatzaile eta erreparatzaileetan oinarrituta ulertu eta aplikatuko da, eta filosofia horrek markatuko du indarkeriei aurre egiteko jarrera orokorra.
Irekitasuna eta itxitasuna
Protokolo hau tresna irekia da, egoerak eta baldintzak askotarikoak direlako eta, hartara, errezeta itxi, zurrun eta bakarrek balio ez dutelako. Kasuan kasu, aurreikusi gabeko egoerak kudeatu beharko dira. Alabaina, protokoloa tresna zehatza edo itxia ere bada, kasu baten aurrean jarraitu beharreko bidea zehazten duelako, eztabaida amaiezinetan korapilatzea ekidinez.
Bertsio-gudarik ez
Inplikatuak ez daude maila berean, egiturazkoa den botere-harremanen testuinguruan gertatzen dira eraso matxistak.
Bi aldeei entzungo zaien arren, ez da epaiketarik egingo eta esku-hartzearen helburua ez da arrazoia nork duen erabakitzea izango. Era berean, ez da erasoa jasan duenaren hitza uneren batean ere zalantzan jarriko. Kontuan hartu behar da sinesgarritasuna kentzeak bigarren indarkeria-prozesu bat ere eragin dezakeela.
Gauzak horrela, erasoa jasan duen pertsona babestea eta laguntzea izango da lehentasuna.
Konfidentzialtasuna eta informazioaren kudeaketa
Informazioa modu egokian eta diskrezioz erabiltzea garrantzitsua da, inplikatutako pertsonen konfidentzialtasuna gordetzeko eta zurrumurruak ekiditeko, batik bat. Izan ere, zurrumurruek ez dute prozesuan batere laguntzen, eta are, arriskutsuak izan daitezke; erasoa jasan duenari zein erasoa egin duenari egin diezaiekete kalte.
Hasieratik argitu behar da informazioa eta erabakiak zer markotan kudeatuko diren, eta marko horrek kide guztien konfiantza eta zilegitasuna izan behar ditu.
Zer informazio jaso nahi den, nola eta non landuko den, eta zertarako behar den zehaztuko da, baita horrek prozesuan lagunduko duen edo ez. Ostean, zer eta nola kontatu tentu handiz neurtuko dugu. Oro har, diskrezioa garrantzitsua izango da prozesuak bide egokia har dezan.
Justizia errestauratiboa
Erasoak kudeatzeko proposatzen diren prozesuak ikuspegi erreparatzaile eta eraldatzaileetan kokatu asmo dira.
Norabide horretan, hauek izango dira esku-hartzeen helburu nagusiak:
1. Erasoaren ondorioz sortu diren zauriak eta minak ez handitzea eta, ahal den neurrian, osatzea.
2. Erasoa jasan duen pertsonaren berrosatze-prozesua babestea edo lanketa-prozesu bat martxan jartzen laguntzea.
3. Erasoa egin duenaren eraldaketa eta birgizarteratze feministari bide ematea.
4. Erasoa ez errepikatzea, edo gutxienez erasoak ekiditeko talde-dinamikak zaintzea.
Justizia punitiboak proposatzen duen zigorraren ordez, erasoa egin duenak eragindako mina onartzen badu, prozesu bat abiarazteko aukera eskainiko zaio. Funtsean, lanketa pertsonala edota trebakuntza feminista egitea proposatuko zaizkio, gizontasun-eredu patriarkalaren gaineko errebisioa egin dezan.
Justizia errestauratiboan oinarritutako prozesuan sartzeak ez du esan nahi erasoa jasan duenak amorrurik edo gorrotorik sentituko ez duenik. Emozio guztiak ateratzea osatze-bidearen parte da.
Ardura kolektiboa
Eraso bat ez da soilik bi alderen artean gertatzen den zerbait; guztiok baimendu dugu nolabait botere-harreman horiek egotea eta, beraz, guztiona da gertatu denarekiko ardura. Gainera, horrelako gertaerek, gutxiago ala gehiago, komunitate osoari eragiten diote, eta ondorioz, geruza guztiek daukate inplikatzeko ardura eta, askotan, berrosatzeko beharra. Izan ere, komunitate politiko eta afektibo batez ari gara. Hori horrela izanik, lanketak eta esku-hartzeak egiterakoan, hiru subjektu hartuko dira kontuan: erasoa egin duena, erasoa jasan duena eta kolektiboa edo komunitatea.
Kudeaketaz arduratuko den talde bat egongo den arren, erakundeak sostengatu beharreko prozesuak izango dira.
Proportzionaltasuna
Egoeraren araberako prozedurak eta neurriak jarriko dira martxan. Horretarako, eraso mota, testuingurua eta erasoa jasan duenaren egoera eta beharrak kontuan hartuko dira, eta hartutako neurriak elementu horiekiko proportzionalak izango dira. Halaber, erasoan inplikatutakoek UEUrekin duten loturaren arabera egingo dira esku-hartzeak.
Udako Euskal Unibertsitatea (UEU) erakundeak egitura adarkatua du, UEUkide izateko askotariko guneak, moldeak eta konpromiso-mailak daudelako.
Erakundearen egitura eta adarkatze horiek guztiak kontuan hartuta bi esku-hartze mota bereiziko dira: esku-hartze zuzena eta erdibideko esku-hartzea. UEUrekiko loturak edo konpromiso-mailak markatuko du esku-hartzea zuzena edo erdibidekoa izango den. Esku-hartze zuzenarekin subjektu bakoitzari ibilbide bat proposatuko zaio. Aldiz, erdibideko esku-hartzean ez da jarraipena eskatuko duen prozesu izaerako interbentziorik egingo.
Esku-hartze zuzena
Esku-hartze zuzena egingo da UEUren kidegoan zuzeneko indarkeria-kasu bat gertatzen denean, izan erasoa jasan duena UEUko kidea delako, izan erasoa egin duena UEUko kidea delako. UEUren kidegotzat hartuko dira UEUrekin lan-kontratua duten kideak (lantaldeko kideak), UEUren norabidearekin eta lan-ildoekin konpromiso-maila altua duten kideak (UEUren Talde Eragilea, sailburuak edota ekimen iraunkorren batean diharduten bazkideak), eta UEUrekin kontratu-harremanen bat duten kideak. Izan ere, hiru geruza horietariko batean diharduten kideek hitzartu dute UEUren balioekiko zein oinarriekiko atxikimendua eta konpromisoa, eta hortaz, indarkeria matxistaren kontrako protokoloarekiko konpromisoa ere hitzartu dute.
Erdibideko esku-hartzea
UEUk sare zabal batekin jarduten du elkarlanean, eta, gainera, UEUk antolaturiko jardun akademikoetan eta formazio-jardunetan askotariko kideek hartzen dute parte. Aldi berean, UEUren espazioak beste erakunde batzuek erabiltzeko irekiak ere egoten dira. Hortaz, UEUren jardunean edo eremuetan askotariko erasoak gerta daitezke, UEUren kidegoa inplikatzen ez dutenak, baina UEUren ardurapeko espazio edo jardunetan gertatzen direnak. Hori horrela, UEUren espazioetan edota UEUk antolaturiko ekimen-jardueretan zeharkako parte-hartzeren bat izan dutenak (ikasleak, ikus-entzuleak, parte-hartzaileak...) erasoren batean inplikaturik egonez gero, erdibideko esku-hartzea aztertuko da, kasuan kasu erabakiak adostuz, betiere erasoa bizi izan duenari baliabideak eta babesa eskaintzeko prestutasuna erakutsiz.
Nola edo hala, badira salbuespenezko zenbait egoera: UEU bere eskumenekoa ez den edo eskumen soilekoa ez den tokian antolatzaile izatea, adibidez; edo UEU antolatzaile ez izan arren, espazioa UEUren ardurapekoa izatea edo UEUren kidegokotzat hartzen den norbait inplikatuta egotea, esaterako. Egoera bakoitzean nola jokatu aurreikusiko da.
Edozein modutan, UEUra eraso baten berri ematera jotzen duen UEUko kide den orori, edo UEUrekin elkarlanean aritzen den/aritu den orori arreta egingo zaio.
UEUk bere jarduerak bi formatutan eskaintzen ditu, aurrez aurre eta online, eta biek pisu handia dute, bakoitzak bere mailan. Hartara, protokoloak bi jardun-eremu horiei eragingo die neurri berean, batetik bestera esku-hartzeak egokitu daitezkeen arren.
Eraso matxistak aurpegi asko ditu, batzuk oso agerikoak dira; beste batzuk, aldiz, ia oharkabean pasatzen dira: intentsitate ezberdinez agertu eta bizi daitezke, batzuek marka fisikoak lagatzen dizkigute, beste batzuek, aldiz, ikusezinak diren markak; batzuk aurrez aurre gertatzen dira eta, beste batzuk, tresna digitalen bitartez edo hirugarren pertsona batzuen bitartez; batzuk eguneroko ogia dira, beste batzuk, aldiz, noizbehinkakoak... Baina guztiek, guzti-guztiek, zapalkuntza-sistema patriarkala erreproduzitzen dute: emakumeen eta genero-disidenteen kontrola dute helburu, kontzienteki edo inkontzienteki harreman hierarkizatuak mantentzea ahalbidetzen dute eta jendarte patriarkal honetan gizonzis heteroekdituzten pribilegioak egonkortzen dituzte.
Dena dela, aurretik esan bezala, eraso matxistak identifikatzea, izendatzea eta sailkatzea beharrezkoa izango da neurriak finkatzeko. Hori horrela, atal honetan larritasunaren araberako sailkapen bat egin da. Sailkapen bat diogu, beste neurgailu batzuen arabera ere egin zitekeelako, edota beste norbaitek eginda, ziurrena, sailkapena bestelakoa litzatekeelako.
Erasoen larritasunaz ari garenean, egungo jendartean —eta baita gure erakundean ere, jendartearen isla den heinean— erasook duten onarpen-pertzepzioari egiten diogu erreferentzia, baita pairatu dituen pertsonarengan zein komunitatean duten inpaktuari eta eraginari ere.
Sistema heteropatriarkalak oinarri dituen botere- eta pribilegio-posizioak indartzen dituzten jokabideak sartu dira hemen. Helburua sistema matxista betikotzea da. Itxuraz sotilak diren arren, behin eta berriz errepikatzen direnean, pixkanaka, intentsitatez igotzen doazen jokabideak dira. Autoestimua hondoratu eta segurtasunik eza eragiten dute, emakume eta genero-disidenteentzat espazio ez askeak bihurtuz.
Funtsean, pairatzen dituen pertsona mendean hartzea helburu duten erasoak dira, kikildu eta kontrolatzeko helburuz izaten diren jokabide oldarkorrak. Horiek pairatzen dituzten pertsonak estres- eta beldur-egoera etengabe batera bultzatzen dituzte, eta haiengan ez ezik, haien ingurunean ere ondorio larriak uzten dituzte.
Bortizkeria handiko erasoak dira, pairatzen dituen pertsona suntsitzea helburu dutenak. Deshumanizazioa dakarten erasoak dira, pairatzen dituenarengan eta komunitatean ondorio oso larriak eragiten dituztenak, bizitza galtzerainokoak.
Badaude erasoak larriago, astunago edo pisutsuago egiten dituzten eta baldintzatzen dituzten testuinguru-elementuak. Horiek kontuan hartzea ezinbestekoa da, erasoek dimentsio ezberdina hartzen dutelako horiekiko harremanean.: Botere-posizioak (Erakunde barruko boterea/posizioa/ardura, Kokapen soziala edo entzutea, erreputazioa, fama, generoa, adina, jatorria... ), maiztasuna, iraupena, intentsitatea, agerikotasuna, ondorioak (albo-kalteak), inpaktua (eragina), arriskua, erasoa egin duenak beste salaketa bat aurretik jaso izana...
Informazioa jaso
Erasoa jasan duenarekin eta erasoa egin duenarekin hitz egingo da, bakoitza bere aldetik. Horrez gain, beharrezkoa edo lagungarria bada, lekukoekin edo erasoari buruzko informazio kualitatiboa izan dezaketenekin ere hitz egingo da.
Erasoa jasan duenarekin zein erasoa egin duenarekin, batarekin zein bestearekin, jarraipen-taldeko bi kide elkartuko dira, testigantzak jaso ostean zalantzarik ez suertatzeko, gaizki-ulertzeak ekiditeko eta prozesuan zehar bertsio-lehiarik ez egoteko. Era berean, nahi duten pertsonarekin lagunduta etortzeko aukera ere emango zaie
Jakina, lehentasuna izango dute erasoa jasan duenaren behar eta denborek. Harekin egoteko egoerarik erosoena bilatuko da. Horretarako, gertuko jarrera izatea lagungarria izango da, baita espazioa ezaguna eta lasaia izatea ere. Informazioa eman duena ez bada erasoa jasandako bera, berarengana hurbiltzeko edo beraren ingurune hurbilera heltzeko modurik egokiena bilatuko da.
Erasoa jasan duenarekin
- Gure babesa adierazi eta protokoloaren berri emango diogu.
- Zer nahi eta behar duen galdetuko diogu, baita hori pentsatzeko denbora eskaini ere.
- Isiltasunak errespetatuko ditugu.
- Ez ditugu haren bizipenak eta gertatukoaren kontakizuna zalantzan jarriko, ez epaituko eta ez jarrera paternalistarik izango ere.
- Konfidentzialtasuna zainduko dugula adieraziko diogu.
Erasoa egin duenarekin
Iritsitako gertaeraren berri emango diogu, indarkeria matxistaren markoan kokatuko dugu, eta horrelako egoerak kudeatzeko protokolo bat eta jarraipen-talde bat ditugula jakinaraziko diogu, neurri eta proposamen zehatz batzuekin.
Protokoloaren filosofia azalduko diogu eta, oinarriekin bat datorren prozesu bat abiarazteko, bere ardura hartzea eta jarrera aktiboaren garrantzia azpimarratuko dizkiogu.
Eragindako mina onartzen badu, eraldaketa eta birgizarteratze feminista bati begira prozesu bat proposatuko zaio.
Eragindako mina onartzen ez badu, beste era bateko erabakiak hartu ahalko dira, hala nola kaleratze zuzena edo salaketa publikoa. Kasu horretan, idatziz jaso beharko da. Onartu gabe eta aldeko jarrerarik erakutsi gabe jarraituz gero, horren ondorioak jakinaraziko zaizkio, eta erabakimena eta kudeaketa idazkari nagusiaren eskuetara pasako da.
Garrantzitsua da kontziente izatea eragindako minaz ohartzea, onartzea eta jarrera arduratsua agertzea elkarrizketa-prozesu baten ondorio izango dela, gehien-gehienetan. Beraz, denbora-tarte bat utziko zaio.
Erasoaren dimentsioa definitu
Informazioa jaso ostean, erasoaren nolakotasuna berriz definituko da, aurretik aintzat hartutako bi irizpideak kontuan hartuta: erasoen sailkapena eta testuinguruari lotutako faktoreak. Zehaztapen-ariketa horrek markatuko du egoeraren larritasun-maila eta prozedura.
Kudeaketaren urratsak eta neurriak
Lanketa hiru dimentsiotan egingo da: erasoa jasan duenarekin, erasoa egin duenarekin eta komunitatearekin. Horietako bakoitzean hartzen diren ekinbide eta erabakien inguruan zer eta nola jakinarazten den tentuz aztertuko da.
Erasoa jasan duenari,
zaintza, babesa eta laguntza eskainiko dizkiogu. Bere beharrak galdetu, identifikatu eta entzungo ditugu, bere erabakiak errespetatuko ditugu eta, bere inguruarekin batera, zaintzarako eta babeserako neurriak hartuko ditugu, honakoak bermatzeko:
Ohiko jardunarekin eta barne-bizitzarekin normaltasunez eta lasaitasunez jarraitzea.
Ohiko espazioetan askatasunez eta baldintzatzailerik gabe parte hartzeko aukera izatea
Erasoa egin duenarekin,
hitzarmen edo adostasun batera iristea garrantzitsua da: proposamenak onartu eta dagokiona egiteko ardura eta konpromisoa adierazi behar ditu. Berarekin batera denborak eta epeak jarriko ditugu, baita prozesuaren jarraipena diseinatu ere. Erasoaren, egoeraren eta haren jarreraren arabera, deseraikitze- eta birgizarteratze-terminoetan egin beharreko lanketak pentsatuko ditugu. Prozesu hori egin bitartean, beto-izaerako neurriak ere hartu ahal izango dira: betetzen dituen funtzioei dagokienez, parte hartzen duen espazioei dagokienez, erreferentzia publikoari dagokionez, lanaldiari edo soldatari dagokionez...
Azkenik, komunitateari begirako esku-hartzeari erreparatuko diogu. Gertaerak izan duen inpaktuaren arabera, behar kolektiboak identifikatu eta asetzeko (berrosatze kolektiborako) kudeaketa ere pentsatuko dugu, tartean, gertakariak sorturiko minak arindu edo sendatzeko espazio zainduak eta baliabideak eskainiz. Horrekin batera, gertaeraren inguruabarretan bakoitzaren arduraz hausnartzea bilatuko dugu.
Orain artekoak kontuan hartuta, esku-hartze zuzena edo erdibidekoa izango den zehaztu, eta dagozkion urratsak eta neurriak erabakiko dira.
Jarraipena
Jarraipenari garrantzia eman behar zaio, zailena izan ohi delako. Eraso baten berri izatean, hasieran, bestelako lanak paralizatu egiten dira, baina hortik denbora gutxira gertatutakoa eguneroko beharrek estalita gelditzeko arriskua dago. Prozesua aktibo mantentzen duten energia, baliabide eta denbora agortzen joaten dira.
Berebizikoa da kasuaren kudeaketan diharduten jarraipen-taldeko kideak zaintzea. Energia eta denbora andana eskatzen duten prozesuak izaten dira, inplikatuengan arrasto emozional eta sozialak uzten dituztenak; izan prozesuak eskatzen dituen lanengatik (testigantzak entzun, prozesua kudeatu, etab.) izan kanpo-presio, epai edo iritziengatik.
Erasoa jasan duenarekin: zuzenean berarekin harremanetan egongo garen edo inguruko lagunen bitartez bideratuko dugun finkatuko dugu, nolako maiztasunarekin, zer informazio ezagutzea nahi duen eta zein ez argituko dugu...
Erasoa egin duenarekin: jarraipenaren maiztasuna trazu finagoarekin diseinatuko dugu, terapia edo bidelaguntza-prozesua egiten ari denarekin harreman zuzena edukiko dugun finkatuko dugu...
Kasu bakoitzak bere tempusak eta moduak izango baditu ere, gutxienez hilean behin biekin, bakoitza bere aldetik, hitz egiten saiatuko gara. Betiere, ahal dela, mintzakide berberak mantenduko dira prozesu osoan zehar.
Prozesua ondo badoa eta hartutako konpromisoak betetzen ari direla baloratzen badugu, beto-izaerako zein bestelako neurriak malgutzen joango gara.
Kontrara, erasoa egin duenak prozesuan zehar hartutako konpromisoak apurtzen baditu, hasierako hitzarmen edo proposamena ekarriko diogu gogora, berak hartu zituen ardurak eta adostutako erabakietan berresteko. Jarrera aldatzen ez badu, prozesua eta hitzarmena apurtutzat jo ditzakegu eta bestelako neurri nahiz erabakiak hartzeko aukera izan.
Itxiera eta ebaluazioa
Prozesuari itxiera ematea garrantzitsua bezain beharrezkoa da, nahiz aurrez zehaztutako helburuak oso-osorik ez bete. Ahal dela, itxiera erasoa egin duenarekin zein jasan duenarekin modu adostuan egitea bilatuko dugu.