Gurekin argitaratu
Argitalpen-zerbitzua liburu-produkzioaren ebaluazioa kalitate-irizpideen arabera bermatzeko garapen etengabean dago. UEUk urratsak eman ditu azken urteetan horiek protokolo zehatz eta ageriko batean biltzeko.
UEUn argitaratu nahi duen egileak, ziur jakingo du zein den bere liburua aztertzeko eta ebaluatzeko UEUn erabiliko den bidea, eta UEUn argitaraturiko liburua esku artean hartzen duen irakurleak argi izango du zein izan diren liburu horrek argitaratu arte pasatu dituen kalitate-iragazkiak.
Argitalpen eta ebaluazioaren prozesua eskuragarri dago hemen.
Liburua aurkeztu aurretik komenigarria da Egileentzako Ohar Orokorrak kontsultatzea.
UEUk Liburugintza Deialdia egiten du urtero, urtarrila-martxoa aldera egileek beren eskariak aurkezteko. UEUren urteko argitalpengintza-planean, lehentasuna emango zaie epe honetan deialdiaren barruan aurkezturiko eskariei. UEUko Argitalpegintza Batzordeak azaro-abenduan aurreikusitako argitalpengintza-plana zehaztuko du proposamenak aztertu eta ebaluatu ondoren. Dena den, urte osoan ere aurkeztu ahal izango dira proposamenak, behar izanez gero, deialditik kanpo; horiek ere ebaluazio-prozesu bera izango dute.
Liburugintzako Deialditik kanpo geratuko dira liburu-proiektuak, esan nahi baita oraindik idatzi ez diren liburuak. Horien proposamenak Unibertsitate-liburuen Sorkuntza Sustatzeko Diru-poltsen Deialdira bideratuko dira (orohar, ekainean irekiko da urtero eta urriaren hasiera arte aurkezpen epea zabalik egongo da).
Proposamenak urte osoan
Amaituriko liburua UEUn argitaratu nahi duenak deialdietara itxarotea komeni da, baina, orohar, honakoa bidali behar zaizkio UEUko Argitalpengintza Batzordearen idazkariari argitalpenak@ueu.eus:
- Liburua UEUn argitaratzeko eskaria, behar bezala beteta.
- Egilea/en CVa, beste dokumentu batean.
- Liburua formatu elektronikoan.
- Liburua formatu elektronikoan, egilea identifikatzeko balioko luketen datuak ezabatuta (ebaluazio itsua egin ahal izateko).
UEUren Argitalpengintza Batzordeak erabakiko du eskari bati dagokion ebaluazio-prozesua abiaraziko den ala ez.
UEUren Argitalpengintza Batzordeak UEUko arduradun bat izendatuko du, liburuaren jakintza-alorreko UEUkide adituen artean, ebaluazio-prozesuan sartzen den liburu bakoitzarentzat.
Arduradun honen egitekoa izango da liburu horren jarraipena egitea, idazkariarekin batera, liburua UEUn argitaratu arte edo argitaratzea erabat baztertu arte. Arduradun honek liburuaren egilea zein den jakingo du, baina egileak ez du jakingo nor den arduraduna, liburua UEUn ez argitaratzea erabakitzen bada. Arduradun honek bilatuko ditu, orobat, berarekin batera ebaluazioa egingo duten aditua edo adituak (bat gutxienez, bi ahal dela); aditu hauek ez dute jakingo zein den egilea, eta egileak ez du jakingo zein diren ebaluatzaileak, itsu-bikoitza sistema erabiliz.
Hala UEUko arduradunak nola eduki-ebaluatzaileek, liburuari buruzko txostena beteko dute. Horretarako, honako eredu hauek erabiliko dituzte:
- UEUko arduradunaren txostena argitaratu nahi den liburuaz
- Ebaluatzaileren txostena argitaratu nahi den liburuaz
Horrez gain, UEUko hizkuntza-arduradunak liburuaren hizkuntza-kalitateari buruzko txostena egingo du.
Ebaluazio-prozesua gainditzen duten liburuen artean UEUren Argitalpengitza Batzordeak erabakiko du zein diren interesgarriak UEUrentzat eta zein sartuko dituen bere argitalpen-planean, kontuan izanik aurkezturiko liburu guztiak eta finantzabide-aukerak.
Kode etikoa
Argitalpengintza Batzordeak eta argitaletxearen kolaboratzaileak orokorrean Argitalpenen Etika Batzordeak (Committeeon Publications Ethics, COPE) ezarritako Kode Etikoa eta Jardunbide egokiak jarraitzen ditu. UEUko argitalpenek jarraituko duten Argitalpenetarako Jardunbide Gida kode horretan oinarritzen da.
Jabetza Intelektualaren eskubideen kudeaketa
Egileak UEUrekin eta balizko beste erakunde batekin sinatutako Hitzarmenaren araberakoa izango da, indarrean dagoen Jabetza Intelektualaren legeriarekin bat (1/1996 Legegintzako Errege Dekretua, apirilaren 12koa).
UEUk euskal unibertsitario eta komunitate zientifikoaren euskarazko material mugatuaren arazoari irtenbide bat emateko konpromisoari jarraituz, baliabideak jartzen ditu euskal komunitate zientifikoaren garapenerako tresnak eskainiz.
Gaur egun euskara hutsezko 3 aldizkari zientifiko daude aktibo UEUn, alor desberdinetako jakintzen komunikazio zientifikoa goi mailako bermeekin argitaratzeko prozedura eta garantiak eskaintzen dituztenak.
Uztaro. Giza eta gizarte-zientzien aldizkaria 1990ean sortu zen, giza eta gizarte-zientziei buruzko artikuluak argitaratzeko helburuarekin. Esparru honen inguruko gaiei buruzko artikuluak jasotzen ditu, gaurkotasun handikoak gehienak eta eztabaidarako oinarri izan daitezkeenak.
Uztaro aitzindaria izan da adituen ebaluazio-sistemaren prozedura euskaraz arautua antolatzen eta nazioarteko datu-base bibliografiko erreferentzialetan agertu eta indexatua izaten.
Aldizkariaren webgunean lan-proposamenak egiteko prozedurari buruzko informazio guztia aurki daiteke.
Kondaira aldizkariaren helburua historiari buruzko artikuluak argitaratzea da. Historiaren edozein arloren ingurukoak izan daitezke, gai eta ikuspegi askatasuna utziz. 2003. urtea sortua.
Erredakzio Kontseiluak eskubidea du jasotako artikuluak, kalitatearen arabera, onartzeko edo ezesteko, eta jasotako ordenaren arabera zein zenbakitan argitaratu erabakitzeko. Printzipioz artikuluak jaso eta onartu bezain laster sarean jarriko dira.
Gaur egun aldizkaria Open Journal System plataformaren bidez eskaintzen da eta lan-proposamenak aldizkariaren webgunetik egiten dira.
Osagaiz aldizkaria Osasungoa Euskalduntzeko Erakundearen (OEE) eta Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) elkarlanetik sortu da, osasun zientziei buruzko artikulu zientifikoak argitaratzeko eta ikerketa taldeen lanak ezagutzera emateko helburuarekin.
Osasunarekin erlazionaturiko ikerkuntza mota guztiak hartuko ditu barne. Izan ere, aldizkariak osasun arloko euskal komunitate zientifikoak eginiko aurkikuntza zientifikoen transferentzia-tresna izatea du xede.
On-line izaera izan du hasieratik eta Open Journal System plataforma baliatu du aldizkariaren prozedura guztiak aurrera eramateko. Egileek beraien lan-proposamenak aurkezteko gida osatu bat aurkituko dute bertan.