Maite Luengo Aguirre: "UEU diziplina anitzetako kideentzako topagunea da eta hori indargune garrantzitsua da"
2024ko martxoaren 8a

Maite Luengo Aguirre (1995, Arrigorriaga) da UEUren Talde Eragileko kide berria. Luengo, Artearen Historian doktorea da UPV/EHUn eta, gaur egun, Leioako Arte Ederren Fakultatean ematen ditu eskolak. Artearen Historiako Gradua ikasi ostean, arte garaikide txinatarrean espezializatu zen Birmingham City Universityn. Ondoren, Euskal Herrira bueltatu eta doktorego-tesian 90eko euskal testuinguruko artea genero-ikuspuntutik behatu zuen, zehazki, emakumeen gorputz-irudikapenak aztertuz.
Zer harreman izan duzu UEUrekin?
UEUrekin dudan harremana duela urte batzuk hasi zen eta oso aberasgarria izan da maila pertsonal zein profesionalean. 2013an udako ikastaro batean eman nuen izena Eibarren, “Gorputza eta generoa euskal kultura eta literaturan” ikastaroan. Horren bitartez ezagutu nuen UEU, generoari buruz euskal testuinguruan egiten ari ziren ikerketak ezagutzeko aukera eman zidan, gerora nire ikerlerro bihurtu dena. Urteak igarota, master-garaian, Ikergazte kongresuaren berri izan nuen eta Baionakoa izan zen nire lehenengo esperientzia, ederra guztiz. Horren atzetik, Gasteizko eta Donostiako edizioetara joan nintzen.
Ikerketari lotutako hasierako pauso horiez gain, diziplinartekotasunean trebatzeko aukera eman zidan UEUk, 2020an humanitate digitalak euskaraz garatzeko laguntza lortu bainuen nire lagun min batekin batera. Hortik abiatuta antolatu nuen lehendabizi jardunaldi bat UEUrekin, guk egindako lana gizarteratzeko. Iaz, lehendabizi ere, udako ikastaro bat proposatzera animatu nintzen artearen historiako beste kide batzuekin eta oso erantzun ona jaso genuen. Ikerl(h)ari podcastean parte hartzeko aukera ere izan nuen eta orain PrestGarako ikastaroekin nabil.
Laburbiltzeko, esango nuke UEUk lehendabiziko esperientzia asko bizitzeko aukera eskaini didala eta asko gozatu dudala ekimen horien prozesu eta emaitzekin. Horrez gain, nabarmenduko nuke momentu oro sentitu dudan gertutasun eta prestutasuna, gustura sentitu naiz nire balioekin bat egiten duen giro honetan.
Talde Eragileko kide moduan, zer ekarpen egin dezakezula uste duzu?
Asko jaso dut nik UEUrengandik eta orain nolabait bueltan zerbait eskaini nahi dut. Barnean garatzen ari diren eztabaidetan parte hartu nahi dut eta nire ibilbidetik abiatuta ekarpenak egin. Genero-ikuspuntutik aritzeko ekarriak egin ditzakedala uste dut eta, noski, artearen historiari lotutakoak. Horri begira, arteari lotutako dinamikak sustatu ahal ditudala uste dut, arlo horrekiko ikuspegia osatzen laguntzeko. Ez hori bakarrik, diziplinartekotasuna garatzeko pausoak emateko ekarria egin dezaket, orain arte izandako esperientziarekin. Alderdi onuragarria litzateke ere belaunaldi berri baten ikuspuntua eskaini ahal izatea.
Etorkizunera begira zeintzuk dira zure ustez UEUren erronkak?
Aurrera begira, esango nuke diziplinartekotasunaren garapena litzatekeela erronka polita. Azken finean, UEU diziplina anitzetako kideentzako topagunea da eta hori, zalantzarik gabe, indargune garrantzitsua da. Diziplinartekotasunarekiko joera ez da berria UEUn, egin dira jada aurrerapauso nabarmenak: Ikergazte kongresua berez diziplinen arteko topagunea dugu, BadaLabekin batera arlo desberdinetako ikertzaile gazteek elkarrekin lan egiteko beka eskaini da eta Ikerl(H)ari podcasta grabatu genuenean esparru desberdinetako kideak ere egon ginen elkarrizketan. Hortaz, pil-pilean dagoen ildo hori garatzea litzateke nire ustez bide esanguratsuetako bat.