"Deialdi honek aukera bikaina eskaini digu hiru arlo desberdinetako ikertzaileok elkar ezagutzeko eta batera lan egiteko"
2023ko azaroaren 8a
UEUk eta BadaLab-ek Ikerketa-proiektuen I. Deialdia egin zuten maiatzeko Ikergazte kongresuan. Ikertzaile gazte euskaldunak elkarlanean jartzea eta euskarazko produkzioa sustatzea ditu helburu eta gaur eman dituzte irabazleak ezagutzera. Miren Iraeta Orbegozo, Oihane Mendizabal Sandonís eta Sofia Marcos Basagoiti ikertzaileak dira irabazleak eta Euskal Herriko poniaren jatorri eta ondarea aztertzea da haien helburua.
Nola animatu zineten deialdira aurkeztera?
Hainbat gertakizun momentu egokian lerratu eta deialdira aurkeztera animatu gintuzten. Pottokazaleen Federazioak bere sorkuntzatik pottoka arrazaren jatorri eta aniztasunaren inguruko jakin-mina izan du. Hori horrela izanda, zenbait urtetan zehar Aranzadi Zientzia Elkarteko kideekin elkarlanean Burdin Arotik Erdi Arorainoko zaldi-hezurren bilduma bat osatu zuten. Pottokazaleen Federazioko Aitor Iraeta eta antzinako DNArekin lan egiten duen Miren Iraeta lehengusuak izanik, elkarrizketa-gai hori era naturalean atera zen. Beka honen deialdia momentu egokian iritsi zen; izan ere, EHU zein Aranzadirekin harremanetan jarri ostean, gaiarekiko interesa izan eta jakintza-arlo osagarrietan trebatutako Sofia Marcos eta Oihane Mendizabal gehitu ziren taldera. Behin taldea osatuta, hiruron artean 18 hilabetetan gauzatu zitekeen proiektu bat diseinatu eta ikerketaren helburu espezifikoak zehaztu genituen.
Beraz, deialdi honek aukera bikaina eskaini digu hiru arlo desberdinetako ikertzaileok elkar ezagutzeko eta batera lan egiteko, pottoken jatorriari buruz lan egiteko aukera emateaz gain. Are gehiago, hirurok neska gazte ikertzaileak eta euskaldunak izanik, era autonomoago batean proiektua gauzatzeko aukera izatea luxu bat da guretzat.
Zer ikertuko duzue? Zein da azken helburua?
Pottokak, Euskal Herriko poni-arrazak, bertako lurralde eta giza populazioarekin mendeetako historia partekatua du. Hala ere, habitat-galeraren eta teknologia-aurrerakuntzen ondorioz (haren lana ordezkatzearen medio), gaur egun desagertzeko arriskuan dagoen animalia da. Kezka horri erantzunez eta Euskadiko Pottokazaleen Federazioarekin lankidetzan, beraren jatorria argitzeko eta euskal historian izan duen garrantzia zabaltzeko ikerketa-proiektu bat gauzatzeko asmoa dugu. Arkeologia eta genomika uztartuz, iraganeko zein gaur egungo pottoken ezaugarri genetikoak zuzenean aztertzeko egitasmoa izango litzateke, eta horren bidez, iraganeko balizko pottokak testuinguru arkeologikoan kokatu. Horren abiapunturako Erromatar Garaiko (K.a. I - K.o. V mendeak) Pirinioen inguruko bi aztarnategitan aurkitutako tamaina txikiko dozena bat inguru zaldi-hezur hautatuko dira eta haien zein gaur egungo beste hainbat pottokaren DNA sekuentziatuko dugu. Proiektu honekin, etorkizunean pottoken jatorria ulertzeko proiektu zabalago baterako abiapuntua eta oinarri metodologikoak ezarri nahi ditugu.
Nola jaso duzue irabazi duzuelako albistea?
Beka irabazi izanaren albistea sorpresaz eta ilusioz jaso dugu. Berria jaso bezain laster, ikerketa martxan jartzeko bilera bat egin genuen, analizatuko diren zaldi-hezurren laginketekin hasi eta laborategiko lana abiarazteko. Datozen egunetan lanari ekiteko gogotsu eta indarrez beterik gaude.