Gorputza eta generoa euskal kulturan eta literaturan.

Aurkezpena
Eusko Jaurlaritzaren irakasleen formaziorako plangintzaren bidez homologatutako ikastaroa (ikusi argibideak behean).
Emakumeen gorputzak historikoki gizonezko ahotsetatik deskribatuak, izendatuak eta adieraziak izan dira. Historikoki, emakume gorputzak ez dira izan begirada maskulino hegemoniko batek zuen irudipena besterik. Hau dena, artean, literaturan, poesian, zinean... argi ikusi da, baina baita medikuntzan, biologian, eta beste edozein zientzietan ere. Honek emakumeen gorputzen ezagutza bat baino, gorputz horien objektualizazio zein anatomizazio bat eragin du.
Esan behar da, Euskal Herrian emakumeen gorputzaren inguruan ikerketa askorik ez dela egin, ez bada antropologia feministatik, eta hor zordun ginateke Teresa del Valle, Begoña Aretxaga, Mari Luz Esteban antropologo feministekin, batzuen batzuk aipatzearren. Zentzu horretan, ikastaro honen ekarpenik nagusienetakoa diziplinartekoa izatea litzateke, horrela, antropologia feministak, literaturatik, musikatik, arte feministatik nahiz gorputz heziketaren alorretik mintzatuko gara eta landuko dugu gorputzaren inguruan ikertutakoa.
Irakasleak
- Uxue Alberdi Alberdi
- Amaia Alvarez Uria
- Ainara Artetxe Azkueta
- Mari Luz Esteban Galarza
- Itsaso Gutierrez Retolaza
- Ainhoa Güemes Moreno
- Gema Lasarte Leonet
- Miren Agur Meabe Plaza
- Kattalin Miner Perez
- Iratxe Retolaza Gutierrez
- Maria Teresa Vizcarra Morales
Helburuak
- Ikastaro honen helbururik behinena euskal literaturan eta kulturan emakumeek euren gorputza nola ikusi eta ikusarazi duten subjektu bezala erakustea da. Gaian sakontzeko kontzeptualizazioak egingo dira eta didaktikak nahiz metodologiak proposatuko dira. Ikuspegi feministatik lan egingo da eta horretan doktoreak eta adituak diren hizlariak egongo dira: Mari Luz Esteban, Mariate Bizkarra, Amaia Alvarez, Iratxe Retolaza eta Gema Lasarte besteak beste.
- Eremu teoriko-didaktiko- metodologikoaz gain, egungo egoeren azterketa, esperientziak eta klase dinamikak martxan jarriko dira. Izan ere, bigarren helburua, bertaratutako ikasleek formazio teoriko-bibliografikoaz gain, zuzeneko gogoeta, esperientzia eta jardunaz gozatzea baita. Horrela, Ainhoa Guemes arte feministan adituak, Uxue Alberdi bertsolariak, Miren Agur Meabe poetak eta Itsaso Gutierrez musikariak, besteak beste, gorputzarekin izan dituzten esperientziak, zuzenean, partekatuko dituzte.
- Hirugarrenik, teoria nahiz esperientzia ezberdinak uztartu nahi dira. Interpretatu, eztabaidatu eta horren inguruko gogoetak eta jakinmina piztu bertaratzen diren ikasleengan. Helburu hau kontuan izanik, hainbat jardun forum gisa planteatu dira eta jardun bakoitzak amaiera aldera bere hausnar eta eztabaida denbora du.
Edukiak
- Goputza eta generoa euskal kulturan.
- Gorputza euskal literaturan (poesian, eleberrigintzan, bertsolaritzan eta ipuingintzan).
- Gorputza eta generoa gorputz heziketan.
- Gorputza musikan.
- Gorputza arte feministan.
- Gorputza antzerkian.
Metodologia
Lau modalitate landuko dira.
- Batetik, hitzaldia teorikoak interneta edota diapositiba edota power pointez lagunduta.
- Bigarrenik, klase modura, teoria kapsula txikiak emanaz eta klase dinamikak martxan jarriz.
- Hirugarrenik, zinema, tailer eta poesia emanaldiak egongo dira, eta esperientzia pertsonalen esplizitazioa. Parte hartze zuzena eta irekia eskainiko da. Artistekin zuzenean egoteko aukera.
- Eta azkenik, elkar topaketa, foruma. Dena den, hau hitzaldietan eta klaseetan barrena etenik gabe emango da. Hausnarra, hizketaldia, irakasle eta ikasleen arteko enkontrua.
Nori zuzenduta
Berdintasuna lantzen duten teknikariei. Literatura ikasten ari direnei (masterrak, doktorego tesiak). Generoa eskolan landu nahi dutenei (irakaslegaiak nahiz irakasleak).
Ez du adinik. Artistak, ikasleak nahiz irakasleak etor daitezke, izan ere, estreinakoz irakurriko da gorputzetik euskal literatura, bertsoa eta kultura.
Interesa daukan edonori irekitako ikastaroa da.