Iñaki Dorronsoro: "Euskarazko literatura erotikoaren inguruan zerbait mugitzea, zeresana badagoela aldarrikatzea da helburua"

2023ko uztailaren 5a

Iñaki Dorronsoro: "Euskarazko literatura erotikoaren inguruan zerbait mugitzea, zeresana badagoela aldarrikatzea da helburua"

"Orri bustiak: Euskarazko literatura erotikoa" saio osagarria antolatu dute UEUren Sexologia eta Literatura Sailek Udako Ikastaroetan. Eibarko Arrate Kultur Elkartearen aretoan egingo da uztailaren 6an, arratsaldeko 18:00etan, eta Iñaki Dorronsoro (Ataun, 1994) UEUko Sexologiako sailburua aritu da antolaketa-lanetan. Dorronsoro, bere hitzetan "lurreko eta itsasoko hainbat ikasketaren ondoren, euskara-irakaslea egun, kamarero-psikologoa eta artista panderista". Harekin izan gara saio osagarriaren gainean hitz egiteko.

Euskarazko literatura erotikoaren gaia ekarriko duzue Udako Ikastaroetara. Zergatik gaia?

Euskaraz oso literatura-sorkuntza sendoa daukagu, gure hizkuntzaren neurrirako bereziki aberatsa. Hala ere, literatura erotikoari dagokionez, lehen begiratuan badirudi oraindik baditugula etxeko lanak egiteko: gutxi ote dagoen, dagoena eroso idazten ote dugun... Badugu txulo bat, idazle, editore eta abenturazale batzuk hura betetzen saiatu arren, burugogor dirauena hutsik xamar: literatura erotikoa.

Honi heldu nahi izan genion Sexologia eta Literatura sailok, jakiteko zenbateraino den irudipena, hutsunea, esamesa; sortzen bada nolakoa den, nork idazten duen eta nola eman daitekeen jakitera; eta falta bada, zergatik ote den eta nola astin genezakeen zuhaitza fruitu gehiago eman ditzan.

Hiru alorretatik landu nahi izan duzue gaia.

Hori da. Izenak berak garamatza horretara, ezta? Kar-kar! Euskarazko literatura erotikoa aztertzeko hiru erpin ditu zuzenen.

Lehenik eta behin, euskararen alorra. Ba al dugu euskarazko literatura erotikorik, esateko? Ba al dugu lengoaia erotikorik, ala biraoekin bezala beste hizkuntzetara jotzen dugu? Hitz gutxitan, berotzen al gara euskaraz? Alderdi soziologikoena ere hauxe da, gure hizkuntzaz gain gure errealitatea islatzen baita hemendik ikusita.

Bigarren, literatura daukagu. Horretarako bereziki baliagarria da hizlariak idazle “kontsakratuak” izatea, gaiarekin harremana dutenak, konta diezaguten ze berezitasun dituen gure literatura erotikoak, ze erronka dakarzkien, zer bilatzen duten halakorik sortuta, edo zer behar duten halakorik sortzeko: irakurlea berotuko bada, idazleak bero idatzi behar al du? Zer da errazagoa, prosan idaztea ala olerkiak, abestiak? Zeinetan da aberatsena gurean?

Eta, azkenik, gure sailaren alderdia: erotismoa. Nola sortu txinpartatxoa hitzak baino ez erabilita? Deskribapenek, narrazioek pittirritzen al gaituzte? Ala sentimenduak, pasioak kontatu behar dira? Zerk pizten du irakurlea? Alderdi berean, ba al dago desberdintasunik idazlea gizonezkoa ala emakumezkoa izan? Eta irakurlea?

Ikusten duzue galdera gehiago ditugula geuk ere erantzunak baino. Horretarako elkartu dugu horren ekipo bikaina!

Zer eragiten du gugan literatura erotikoak? Horren bueltan arituko da Jon Imanol Etxabe psikologoa eta sexologoa.

Idazleak punta-puntakoak ekarri ditugun bezala, berdin sexologoa ere: artista galanta da. Gazteekin (eta ez horren gazteekin) lan asko egiten du, eta nor bera baino hoberik kontatzeko nola dagoen egoera gaur egun?

Askorik ezin kontatuko dizuet ostegunekoa “destripatu” gabe, noski, baina esango dizuet erotismoaren eta pornoaren arteko desberdintasunez arituko zaigula, baita hizkuntzak pizten dituen mekanismoez ere. Aurrerapen txiki bat: hizkuntza euskara izateak ere badu bere berexitasuna.

Euskararen eta literaturaren alorraz aritzeko, berriz, hiru idazle batuko dituzue mahai-inguruan.

Eta zer-nolako idazleak, gainera! Tere Irastortza bertatik bertara ezagutu ahal izan dut Bergarako abenturetan, Idazle Eskolako sortzaile eta gidari nekaezina baita. Olerki ugari oso “gorputzetik” idatzi ditu, erraietatik; non sortzen da, ba, desira, grina?

Josune Muñozek lanketa handiak egin ditu literatura genero-ikuspegitik eta erotikatik lantzen (beste hainbat lanen artean, hona beste nekagaitz bat!). Gainera, Desira Plazer olerki erotikoen bilduman eta Desira desordenatuak queer irakurketak (euskal) literaturaz antologian ere.

Hirugarrena Rafa Ugalde dugu, euskalgile sutsua, dela irakasle, dela teknikari, ipuin erotikoen bi lehiaketa irabaziak ditu, baita Relax narrazio erotikoen bilduma argitaratua ere. Zalantzarik gabe, prosa erotikoaren eta euskararen ikuspegi interesgarria ekarriko digu.

Gainera, hirukotea zuzentzeko Uxue Amonarriz izango dugu. Artista galanta hau ere, tranpaldo gainean ezagutuko zuten askok, baina idazle ere jardun izan da, Belarri Bero websaileko gidoigintzan. Bere esku izango du makila ostegunean.

Zer da saio osagarriarekin lortu nahi duzuena?

Galdera potoloak gustuko dituzue, ezta? Kar-kar! Tira, lehen helburua gaiaren inguruan zerbait mugitzea da, zeresana badagoela aldarrikatzea.

Bigarrena zeresan hori astintzea da, ia galdera adina erantzun sortzea, hausnartzea eta hamaika leiho irekitzea, eztabaida mahai gainera ekartzea. Ez da egia absoluturik aterako, agian, baina hemendik aurrera begira ezer egin nahi bada, hainbat bide azalduko ditugu.

Hirugarrena aurrez esana da: zuhaitza astintzea, genero hau mugitzen hastea, behar duen lekua eskatzea eta eskaintzea, idazle (eta orain arte izan ez diren) hainbat zirikatzea, ea sortzen hasten diren, ea geure literatura erotikoaz ere harro egoten garen.

Nori dago zuzenduta?

Literatura, sexua edota euskara maite dituen edonori, noski. Entzule aditurik izango dugu, noski, baina baita saltsero kuxkuxeroak ere. Denona da gai hau, eta denetarik erakartzea nahiko nuke. Zoragarria litzateke saioarekin motibatuta norbait ikertzen, idazten hastea, baina nork esan du idazleak aurrez zerbait behar duela idatzita? Kurioso guztiak dira ongi etorriak, beroari eta hitzei beldurrik ez badiete.

Nabarmentzeko zerbait?

Oso pozik gaudela antolatuarekin. Jendeak interes handia azaldu du, ea egunean bertan berdin ikusten dugun eta aretoa bete dezakegun. Kostatu zaigu dena osatzea, akaso izango da lotsaren baten sintoma. Eskerrak Literatura Sailekoek eskuko frenoa jarri ahal izan zidaten, nik buruan askoz plan anbiziotsuagoak nituen, eta auskalo nola ibiliko ginen guztiak lotzeko! Hori bai, aurtengoa ondo ateratzen bada, presta zaitezte hurrengorako: ez da izango balaztarik geldituko gaituenik, asko dago hausnartzeko, sortzeko, galdetzeko eta jolasteko honen inguruan, izango ahal dugu denerako aukerarik!

Ea jakin-mina ez den pizten zaigun bakarra, hitzak bezala, dena buruan sortuko da, baina behatz- eta mihi-puntetatik atera ezean, ez dugu orririk bustiko.

Jakintza-arloak