Unibertsitate-liburuen sorkuntza sustatzeko diru-poltsa
XXIII. deialdia, 2024
Udako Euskal Unibertsitateak, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, euskarazko unibertsitate-liburuen sorkuntza sustatzeko hiru diru-poltsaren deialdia zabaltzen du.
Ikasmaterialen esparrua unibertsitateko edozein jakintza-arlotakoa izan daiteke. Honako hauek dira UEUren sailak: antropologia, antzerkilaritza, arkitektura, artea, bertsolaritza, ekonomia, filosofia, fisika, glotodidaktika, historia, hizkuntzalaritza, ikasketa klasikoak, informatika, itzulpengintza, kazetaritza eta komunikazioa, kimika, fisika, klimatologia eta meteorologia, literatura, matematika, musika, natur zientziak, osasuna, pedagogia, psikologia, sexualitatea, soziologia, soziolinguistika, zuzenbidea, kultura-gaiak, folklorea eta gastronomia. Baina beste unibertsitate-arlo batzuk ere onartuko dira (ingeniaritza, filologia, geografia...).
Deialdi hau autore ororentzat dago zabalik, baina orain arte testugintza unibertsitariora hurbildu ez direnen lana sustatu nahi da batik bat, autore unibertsitarioen esparrua ahalik eta modurik zabalenean egituratzen joan dadin, idazle arituen lanari gazteena gehitu dakion. Hartara, bereziki baloratuko dira hala autore gazteen lan-proiektu indibidualak nola talde-proiektuetan autore gazteak integratzeko ahaleginak.
1. POLTSAREN EZAUGARRIAK
1.1. Proiektua, lan-jarduerak oro eta lanaren erredakzioa euskaraz burutuko dira.
1.2. Poltsa bakoitzaren iraupena gehienez 12 hilabetekoa izango da, poltsa esleitzen den egunetik hasita (salbuespenak onar ditzake epaimahaiak, egileek hala espresuki eskatuta).
1.3. Poltsa bakoitzaren diru-zenbatekoa 3.000 eurokoa izango da.
1.4. Lanek argitaratu gabeak izan behar dute.
1.5. Autoreak berak erabakiko ditu jakintza-arloa, titulua eta edukiak.
2. ESKATZAILEAK
2.1. Norbanakoek nahiz lan honetarako osatutako lantaldeek jaso ahal izango dituzte poltsak. Bigarren kasu honetan, lanaren zuzendari edo arduradun bat izendatu beharko da eta hori izango da lanaren erantzulea UEUren aurrean.
2.2. Poltsa jaso ahal izateko ezinbestekoa da unibertsitateko diplomatua, maila bereko tituluduna edo goi mailako tituluduna izatea. Taldeen kasuan, zuzendariak eta gutxienez taldekideetako erdiek bete beharko dute baldintza hori.
3. ESKABIDEETARAKO ARAUAK
Interesatuek Udako Euskal Unibertsitatearen webgunean (www.ueu.eus) eskuratu ahal izango dute eskari-orria, “Deialdiak” atalean. 2024ko urriaren 11a baino lehen, honako hauek helaraziko dira UEUren Bilboko bulegora, hala posta elektronikoz nola paperean (ale bat):
3.1. Eskari-orria, behar den bezala beteta.
3.2. Liburuaren lagin bat (liburu osoaren % 5, gutxienez)
3.3. Eskatzailearen curriculum vitae-a. Lantaldeen kasuan, partaide guztienak.
3.4. Autore gazteen kasuan (25 urtetik beherakoak), unibertsitate-ikasketetako espediente akademikoa.
3.5. Eskatzailearen edo eskatzaileen nortasun-agiriaren fotokopia.
Harremanetarako eta informaziorako helbidea:
Unibertsitate-liburuen DIRU-POLTSA
Erribera kalea 14, 1. D
48005 Bilbo (Bizkaia)
E-mail: argitalpenak@ueu.eus
Tlf.: 946790546
4. DOKUMENTAZIOA AURKEZTEKO EPEA
Eskaerak eta gainontzeko agiriak aurkezteko epea 2024ko uztailaren 20tik urriaren 11ra arte egongo da zabalik, biak barne.
Eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioa osatu gabe dagoela edo oinarri hauetan eskatutako baldintzak ez dituela betetzen ikusiz gero, hamar eguneko epean konpontzeko edo beharrezko agiriak ekartzeko eskatuko zaio interesatuari. Hala egingo ez balu, eskaeran atzera egin duela ulertuko da.
5. ESLEIPEN PROZEDURA
Poltsa hau UEUko Talde Eragileak adjudikatuko du, 2024ko abenduaren 29a baino lehenago, epaimahaiaren proposamena jaso ondoren. Erabakia aurkeztu diren guztiei jakinaraziko zaie.
6. POLTSADUNEN BETEBEHARRAK
6.1. Poltsaren onarpena adieraztea eta sinatzea, 10 eguneko epean, erabakia jakinarazten zaionetik.
6.2. Lanaren garapenari buruzko txostena aurkeztea (proiektuaren arabera egindakoa eta egiteko dagoena) poltsaren lehen bost hilabeteak igarotzerakoan.
6.3. Udako Euskal Unibertsitateak izendaturiko gainbegiratzailearekin harrema-netan izatea eta, hala eskatuez gero, horren esku jartzea aldioro egindako lanen ohar, zirriborro, aurrerapen zein emaitzak.
6.4. Aurreikusitako planaren edo lantaldearen osaketaren aldaketen berri ematea. Halakorik ezingo da egin Udako Euskal Unibertsitatearen baimen idatzirik gabe.
6.5. Liburuaren azken erredakzioa eta proiektuari buruzko azken txostena aurkeztea 12 hilabeteko epean.
Liburuak honako ezaugarri hauek izango ditu:
- 150 eta 300 orrialde bitarteko luzera, orrialdeko 30 lerroz eta lerroko 60 karakterez, grafikoak, argazkiak eta antzekoak dituzten orrialdeen kasuan izan ezik. Lanerako erabilitako erreferentziak aipatzea beharrezkoa da (UEUren argitalpenetarako irizpideei jarraiki).
- Testua ez den elementu oro orrialdeetan zehar edo tokirik ez balego lanaren bukaeran, eranskin gisa, txertaturik. Era horretako elementu bakoitzak oinarrian bere azalpena izan beharko du. Edozein kasutan, lanak gutxienez testuko 100 orrialderen baliokidea izan behar du. Eranskinetako orrialdeak ez dira kontuan hartuko puntu honetan eta aurrekoan zehaztutako gutxienekoak betetzeko.
- Liburua euskarri informatikoan eta paperean (ale enkoadernatu bat) entregatuko da.
Proiektuari buruzko azken txostenak gutxienez ondoko atal hauek izango ditu:
- Lana egitean izandako gorabeherak.
- 10 orrialdeko laburpena.
- Lanaren 10 lerroko laburpena, euskaraz eta ingelesez.
6.8. Lana epez kanpo amaitzea aurreikusiz gero, saridunak luzapen-eskaera zuzendu beharko dio batzordeari, arrazoiak emanez.
7. ORDAINKETAK
Ordainketa modu honetan egingo da, izapide administratiboak burutu ondoren:
- Kopuru osoaren % 33a, poltsa ematen den une berean, aurre-ordainketa moduan.
- Gainontzeko % 67a, poltsaren bukaeran, lana bukatu eta aurkeztu ondoren.
Justifikazio onargarririk edo gainditu ezinezko arrazoirik gabe, lana entregatzeko azken epea beteko balitz, epaimahaiak erabakiko luke emandako arrazoiak nahikoa diren ala ez. Nahiko izango ez balira, poltsaren % 8ko murrizketa egin ahal izango da, hilabete bakoitzeko atzerapenagatik.
Lana amaituko ez balitz 18 hilabeteko epe luzaezinean eta autorearearen edo autoreen balizko arrazoiak aztertuta epaimahaiaren oniritzia izan ezean, poltsadunak jasotako diru guztia itzuli beharko dio UEUri. Lanak sor ditzakeen gastuak poltsadunaren kontura joango dira.
8. LANEN JABETZA
Lana egin bitartean egilea da lan horren jabea. Hau burutu bitartean egileak beharrezkoak dituen lanen jabego-eskubideen kudeaketaz arduratu beharko du. Besteak beste, beste egile batzuen aipu, itzulpen edo bestelakoak behar izanez gero, saridunak bere gain hartu beharko du eskubide horien kudeaketa. Udako Euskal Unibertsitatea izango da saridunak aurkeztutako lanaren azken erredakzioaren txostenaren jabea. UEUk berarentzat gordetzen du lanak, osoki edo/eta partzialki erreproduzitu, argitaratu eta plazaratzeko eskubidea, bere kabuz edo beste erakunderen batekiko hitzarmenez, egoki deritzonean. Beti ere, lanaren egilea edo egileak aipatu beharko dira.
Sortutako materiala aurkeztu eta urte biko epean Udako Euskal Unibertsitateak argitaratu ez badu, egileak edo egileek material hori erabili ahal izango dute egokien iruditzen zaiena egiteko. Kasu honetan, egileak edo egileek jasotako poltsaren aipamena egin beharko dute (poltsaren eta poltsa eman duen erakundearen eta laguntzailearen izenak jarriz), eta UEUri argitaratutako lanaren 20 ale eman beharko dizkio.
9. EPAIMAHAIA
2024ko ekitaldi honetarako, honako epaimahai hau izendatzen ditu UEUk:
1. Batzordeburua: UEUko zuzendaria, edo berak izendatutakoa.
2. UEUko Argitalpen Batzordeburua, edo berak izendatutakoa.
3. Aurkeztutako proiektuen jakintza-arlo bakoitzeko aditu bat.
4. Idazkaria.
10. GORABEHERAK
Udako Euskal Unibertsitateak izango du betebehar hauetan aurreikusi gabeko gorabeherak konpontzeko eskumena. Era berean, poltsa indarrik gabe utzi ahal izango du, onuradunak betebehar hauetako eginbeharrekoak betetzeke lagako balitu.
Deialdi honetan parte hartzeak oinarri hauek onartzea dakar.