Santi Angulo Martin: "Sumerhillek hezkuntza oro har ulertzen dugun modua hausten du"
2024ko abenduaren 17a

A.S. Neillen Summerhill. Haurren hezkuntzari buruzko ikuspuntu erradikal bat liburua itzuli berri du Santi Angulo Martinek(Pasai Antxo, 1960). 1980an Donostiako Irakasle Eskolan bukatu zituen ikasketak eta euskalduntzeaz bat, Beraungo eskolan lanean hasi zen. Ordudanik, berrogei urtez irakasle aritu da hainbat herritan, Lazkaon, Oreretan, Artziniegan (hainbat urtez zuzendari) eta 2020an Lezo Herri Eskolan erretiroa hartu zuen. Lanaldi luze horretan zehar eskolarako material ugari sortu izan du, batez ere, HIPI programako ikasleentzat. Halaber, 1984-85 urteetan Egin egunkariaren Egunon euskarazko gehigarrirako kazetari moduan ibili zen. Prentsan artikulu asko argitaratu ditu eta 2022an Francisco Ferrer Guardiaren Eskola modernoa liburua ere itzuli zuen UEUrekin. Oraingoan Summerhill. Haurren hezkuntzari buruzko ikuspuntu erradikal bat liburuaz hitz egiteko izan gara berarekin.
Summerhill. Haurren hezkuntzari buruzko ikuspuntu erradikal bat liburua ekarri duzu euskarara. Zergatik?
1977an Irakasle Eskolan hasi nintzen. Pedagogia arloan liburu batzuk irakurri behar genituela esan zigun irakasleak, besteak beste, A.S. Neillen Summerhill liburua. Hura irakurtzeak izugarrizko zirrara sortu zidan, irakaskuntzaren mundua oraindik ezagutu gabe banengoen ere, oso ideia argiak, egokiak eta logikoak iruditu baitzitzaizkidan. Ordudanik, hezkuntza-sistema tradizionalean sartuta egonda ere, hura ideala izan da niretzat. Kontuan hartu behar da, garai hartan eskola publikoetan euskal irakaskuntza hasi berria zela eta ilusio handia zegoela irakasle gazteen artean. Giro hartan, Summerhillek kutsu berezia ematen zion irakaskuntzari, erabat desberdina eta erakargarria, utopikoa bazen ere. Bestalde, gure garaian, tamalez, ia den-dena gaztelaniaz zegoen, oso kasu gutxitan irakur zitekeen testuren bat euskaraz. Nire ustez, Summerhill liburuak pedagogia-testu klasikoen artean apal berezian egotea merezi du. Beraz, halako lan garrantzitsua euskarara ekartzea ezinbestekoa iruditu zait.
Zeintzuek izan behar dute haurren hezkuntzaren oinarriak? Zein da haren planteamendua?
Neillentzat oreka emozionala funtsezkoa zen, haurrak pertsona zoriontsuak izan zitezen, hezkuntzaren azken helburua, alegia. Haren ustez, emozioen garapen egokia garrantzitsuagoa zen adimen-aurrerapena baino. Izan ere, haur osasuntsu batek etorkizunari aurre egin diezaioke, baita eskola arruntetako haurren ezagutza eta baliabide intelektualen mailara iritsi ere. Halaber, haurren arteko lehiakortasunaren aurka zegoen, ez baitzen haurrentzat osasungarria eta giro txarra sortzen baitzuen.
Errepresioak, kontsumo-gizarteak, familiak eta ohiko hezkuntzak sortzen zuten zoriontasunik eza konpondu nahi zuen bere metodoaz. Haren sistema hainbat printzipiotan oinarritzen zen eta gaur egun ere oinarritzen da, besteak beste: Hezkuntzaren helburu gorena zoriontasuna da; fede irmoa du haurraren ontasunean; maitasuna eta onespena elkarrekin bizitzeko ezinbestekoak dira; haurraren gorputzari eta sexualitateari garrantzi handia ematen die; eta ez du irakaskuntza erlijiosorik onartzen, sinesteko askatasuna oinarritzat hartzen baitu.
Zertan bereizten da eredua eskola arruntetatik?
Arestian esandako printzipio horietatik abiatuz, eskola arruntetatik bereizten duten ondoko ezaugarriak aipa daitezke: Sumerhillen ez dago azterketarik, ez eta notarik ere; ez da derrigorrezkoa klaseetara joatea; ez dago ez erretolikarik, ez zigorrik; batzarra kudeatzeko organo gorena da; eta haurren eta helduen arteko trataera berdintzailea da nagusi.
Ikasle batek klasera joateko askatasuna izate hutsak erabat hausten du egungo hezkuntza-sistema. Baina, Neillek ez zuen lasaikeria onartzen, esaterako, haur batek konpromisoren bat hartzen bazuen, nahitaez bete behar zuen besteekiko errespetuagatik. Beraz, ikus daitekeenez, antolamendu eta funtzionamendu osoa goitik behera ezarrita duten eskola arruntek ez dute zer ikusirik Neillek abian jarri zuen sistemarekin. Dena den, liburuan xehetasun gehiago azaltzen dira eta, zalantzarik gabe, ez dugu guztiarekin bat etorri behar.
Bestelako pedagogien ikono bihurtu dela diozu.
Lehen esan dudan bezala, Sumerhillek hezkuntza oro har ulertzen dugun modua hausten du. Pertsonekiko errespetua, askatasuna, onespena... aurretik doaz, eta gero ikasketa-maila dator. Hobeto uler dadin, adibide bat jarriko dut: egun eskoletan asko hitz egiten da haurren eskubideez, baina oso gutxitan betebeharrez eta konpromisoez. Horren ondorioz, arazo baten aurrean eskubideak gailentzen dira, eta betebeharrak eta konpromisoak ahaztu egiten dira. Sumerhillen hiru kontzeptu horiek maila berean daude, askatasunez jokatzen da, baina lasaikeriarik gabe.
Izan ere, beste pedagogia gehienak haurrak hezteko duen eskubidean oinarritzen den derrigorrezkotasunean oinarritzen diren bitartean, Neillek haurrak ikasteko ala ez duen askatasunean oinarritzen du bere sistema, betiere haurraren ontasunean sinesten baitu.
Nire esperientzian zehar ateratako ondorio bat aipatu nahi nuke hemen. Haur batek zerbait ikasten du bi baldintza hauen arabera: gai horretan interesa duenean eta bere burua hori ikasteko prest dagoenean. Beraz, nire ustez, sistemak ezartzen duen curriculum estua nahitaez irakatsi edota ikasi beharrak ez du zentzurik. Horregatik diot Sumerhillek bestelako pedagogia erakusten duela, azken finean, askatasunez jokatzeko aukera baduzu, askoz irrika handiagoa erakutsiko duzu zure konpromisoan.
Nori dago zuzenduta?
Halako liburua batez ere irakaskuntza, pedagogia eta psikologia arloetan aritzen direnentzat eta gurasoentzat da egokia, baita haurren mundua ezagutu nahi duen edonorentzat ere. Dena den, oso liburu atsegina da, teoria baino gehiago esperientzia azaltzen baitu, horregatik denetatik irakurtzea gustatzen zaion edozein irakurlerentzat ere izan daiteke interesgarria.
Bestalde, irakasle izateko ikasten ari diren ikasleek irakurri beharreko liburua dela uste dut, oso aberasgarria delako eta hezkuntzaren beste ikuspuntu bat erakusten duelako, ikuspuntu erradikal bat, hain zuzen, beste liburu askotan irakurriko ez dutena.
Nolakoa izan da liburua itzultzearen esperientzia?
Itzulpenari dagokionez, jatorrizko testua erabiltzeaz gain, zalantzazko kasu batzuetan, gaztelaniazko bertsioa ere kontsultatu dut, lanaren ildoari eustearren. Izan ere, nire lanean euskarari jarraitutasuna eman nahi izan diot, ulermena eta zentzua ez galtzeko. Izan ere, ingelesaren gramatika nahiko erraza bada ere, haren joskera ez da hain erraza. Horregatik, hainbat kontzeptu zehaztu edota bereizi behar izan ditut; beste batzuetan hitzez hitzeko itzulpena egin beharrean, gure inguruan erabiltzen dugun terminologia erabili izan dut. Dena den, irakurleak ikusiko duenez, garai hartako ideia eta kontzeptu batzuk egun zaharkituak geratu dira edota beste era batera ulertzen ditugu. Beste ideia batzuk, ordea, egun egingarriak direla uste dut. Nire aldetik, garai hartako hizkera eta pentsamoldeak errespetatzen saiatu naiz, salbuespen batekin, liburuan hainbat leku konkistatzaileek jarritako izen kolonialez aipatzen dira eta nik haien benetako izenak erabili ditut. Horretaz gain, ohar ugari erantsi dizkiot lanari, irakurleari testuinguruan hobeto kokatzen laguntzeko. Beraz, A.S. Neillen ideiak egoki jaso eta irakurleari ondo helarazi izana espero dut.