Martxel Aizpurua: "Gurean, erlea pertsonen heriotzako errituekin loturik egon da"

2023ko uztailaren 4a

Martxel Aizpurua: "Gurean, erlea pertsonen heriotzako errituekin loturik egon da"

Erletxo, erletxo, nagusia hil da liburua argitaratu berri du UEUrekin Martxel Aizpurua Agirrek (Alegia, 1949). Langatukale-baserrian jaioa, bederatzi urtez ikasi zuen Donostiako apaizgaitegian. Bartzelonan Biologia eta Palinologian espezializatu zen eta urte betez aritu zen Donostiako Santo Tomas lizeoan irakasle. Zazpi urtez UZEIko Natura Zientzietako hiztegien arduraduna izan zen biologiako terminologia lantzen, eta, aldi berean UEUn Natur Zientzietako Sailaren arduraduna izan zen. Azken 35 urteotan, Zarautzen bizi dela, profesionalki ari da erlezaintzan. Ekoizle, ezti-ontziratzaile eta Giez-Berriren Eusko Labeleko eztitegiko kudeatzailea da, Eztiaren Eusko Labelaren sortzailea eta Gipuzkoako Erlezain Elkarteko sortzaileetakoa. Hamar urtez izan zen bertako arduradun eta Erlazantza aldizkariko zuzendaria. Zarauzko Arkamurka Natura Elkarteko partaide da azken 30 urteetan, bertan bizi denetik.

Erletxo, erletxo. nagusia hil da liburua argitaratu berri duzu UEUrekin. Nola sortu da ideia?

Nire aurreko liburua (Erleekin solasean, UEU, 2020) pandemiaren aurretik argitaratu zen eta etxeratuta egon ginenean nire paperak ordenatzen hasi nintzen. Konturatu nintzen material asko nuela eta pena eman zidan tiraderan betiko uzteak. Apurka-apurka osatu dut oraingo hau.

Hogeita hamabi atalek osatutako liburua aurkeztu diguzu. Zer jaso nahi izan duzu bertan?

Aurreko liburuan erlearen bizitzaren berri ematea zen helburua. Oraingo honetan erlezainaren edo jendeak erlearekin izan duen harremanaren berri ematea da. Alde batetik, gure aurreko belaunaldikoek zer harreman eta ohitura zituzten (haietako batzuek gure belaunaldira arte iraun dute eta gurean bukatu); bestalde, erleari buruzko informazioa, esan nahi baita, erlea noiz heldu zen Euskal Herrira, XVII. mendetik hona zer-nolako aurkikuntzak egin diren erlearen bizitzaz eta erlezaintzan, eta, azkenik, guk geuk 40 urte hauetan zer-nolako aldaketak ikusi ditugun, bai gure lanean bai gure erlezaintzaren antolaketan.

Berrogei urte hauetan ikusi dugu, adibidez, kalitateko ezti arautuak sortu direla (Eusko Labelduna eta ekologikoa, adibidez), erle-gaixotasun berriak etorri direla, mota askotako erlezain-elkarteak sortu direla, erle-produktu berriak ustiatu direla, erleak galtzeko arriskuak zein diren, liburu eta aldizkariak kaleratu direla, webguneak sortu direla, ikastaroak eman direla… Neurri batean aldaketa horren testigantza da liburu hau.

Antzinako ohitura bitxiak bildu dituzu, tartean liburuari izenburua ematen diona: erleari etxekoen heriotzaren berri eman behar zitzaiola.

Liburua jada probetan zela, asko harritu nintzen jakitean, Britania Handiko Isabel II.a erregina hiltzean, nola pertsona bat palazioko erleetara joan zen haren heriotzaren berri erleei ematera. Dirudienez, gure arteko ohiturak garai batean zabalduagoak egon ziren Europan barna. Hor ikerketa-gai bat.

Gurean, beste ohitura batzuen artean, erlea (argizarigile den neurrian) pertsonen heriotzako errituekin loturik egon da. Labur esanda, adierazten zitzaion nagusia hil zela eta argizari asko egiteko, nagusiaren arima zeruratzeko pizten ziren kandelak egiteko. Une berean, nagusi berria aurkezten zitzaien. Beste ohitura asko datoz liburuan.

Euskal Herriko 2.000 erlezainetako bat zara. Zer eman dizu erlezaintzak?

Erlezaintzara profesionalki dedikatzera erabaki nuenean, jaiotzez eta aurreko belaunaldiz lehen sektorekoa nintzenez, sentitzen nuen gutxietsitako sektore horrekiko zor bat kitatu beharra. Kitatu ote?

Nire hasierako asmoa eztiaren ikerketan eta ekoizpenean jardutea zen, baina gerora energia gehiago xahutu dut erlezaintzako elkarteak sortzen eta mantentzen ezti-ekoizpenean baino. Denbora horretan buruhauste eta kezkaz gain, eman didan gauzarik onena izan da lehen sektoreko jendearekiko harremana. Ondo sentitu naiz.

Erleekiko harremanak beti erakarri nau, zeren eta erlategiko bisita bakoitza sorpresa baita beti, erlauntza bakoitzaren dinamika beti da berria eta hartara egokitzea zuri dagokizu, ez erleari. Horrek kateatzen eta zaletzen du erlezaina, ni behintzat. Erlezainen arteko elkarrizketa luzeak hortik datoz.

Zeintzuk dira erlezaintzaren erronkak?

Erlezaintza erleari lotua da eta erlea intsektu bat denez, intsektuekin gertatzen ari denarekin batera doa aurrera edo atzera. Gure ingurumenean sortzen ari garen mota guztietako triskantza neurrigabea da. Konkretuki, plagizida eta intsektiziden erabilera izugarri handitu da, baratzedun edo nekazari xumeak ere barra-barra erabiltzen ditu; zer esanik ez, monolaborantza erraldoiek. Erronketako bat erleari (beste intsektuei) kaltegarri zaizkien produktuak debekatzea da. Borroka handia da jada Europan.

Beste erronka bat klima-aldaketarekin dator. Lehorraldiak luzatzera doazela diote adituek eta horrek landaredian eragin zuzena izango du eta, ondorioz, erlezaintzan. Erlezainen egutegia alda lezake egoera berri horrek, baina baita ekoizpena ere. Euskal Herriko erlezaintza zaletasunean oinarrituta dagoenez, atzerakada sor daiteke sektorean. Egoera berriari aurrea hartu beharko zaio.

Biodibertsitatearen ikuspuntutik letorke hirugarren erronka, eta da, bertako erle-motarekin lan egitearena. Jada badira ikerketak eta ekimen interesgarriak martxan, bertako erlea aukeratu eta hobetzeko.

Azkenik, eraso handiak diren bi gaitzei irtenbidea topatzea berebiziko lorpena litzateke. Bata, barroa akaroarena da, eta bestea, heldu berri den Asiako liztor beltzarena. Biek kalte handia sortzen dute erleetan eta etsipena erlezainetan.

Nola irudikatzen duzu aurrera begirako erlezaintza?

Aurreko erantzunean esan bezala, Euskal Herriko erlezaintza zaletasunean oinarritutako jarduera da, ikus bestela, 50.000 erle 2.000 erlezainen esku daude.

Horregatik, elkarteetan txertatutako erlezaintza irudikatzen dut, ez bakarkakoa. Jada Hegoaldeko lau lurraldeetan elkarte bana dugu. Lauren artean 2.018 bazkide dituzte (oharra: erlezain bat bizpahiru elkarteetako bazkide izan daiteke), Iparraldean eskualdeko erlezain-elkarterik ez dago, baina han ere nekazaritzako elkarteetan txertaturik daude.

Sektorerik badago eguraldiarekin loturik dagoena, hori erlezaintzarena da eta oso aldakorra da ekoizpen-itxaropena. Baina, bestetik, polinizaziorako hain beharrezkoa denez, administrazio publikoaren laguntza zuzena behar du, eta hor daude elkarteak laguntzak egoki bideratzeko.

Nori dago zuzenduta?

Liburua bitxikeriaz beteta dago. Adibidez, erleekiko ohitura zaharrak, Aristotelesen erle-informazioak, kleroak euskal erlegintzan izan duen eragina, noiz jakin zen erlauntzean erregina dela “burua” eta ez erregea, Eliza katolikoak zergatik lotu izan dituen erleak eta Ama Birjina, erlekumeak pausarazteko ohiturak, erleak noiz heldu ziren penintsulara, nor konturatu zen erleak airean ernaltzen direla, zein den erlezaintzako euskarazko libururik zaharrena, erle-lapurrak galeretara bidaltzen zituztela Nafarroan, argizaria zuritzeko alorrak zeudela Iruñean, apizidioa nola egiten zen… Beraz, edonorentzat izan daiteke atsegina liburu hau.

Noski, esan beharrik ez dago, erlezainentzat izango dela erakargarriagoa. Haientzat praktikoa ere izan daiteke, zeren eta, gaur egun Euskal Herrian dauden museo eta elkarte (txiki eta handi) guztien helbide eta telefonoak bertan baitaude. Baita erleez Euskal Herrian dauden webgune guztiak ere.

Euskal Herriko erlezaintzari buruzko bibliografia eleaniztun osoa ekartzeaz aparte, euskaraz argitaratu diren liburu gehienetako zatiak datoz liburuko atal batean. Euskaraz arduratzen direnentzat ere polita izan daiteke 200 urteko idazkera-aldaketa ikusteko.

Jakintza-arloak