Jon Gómez Garmendia: "Idazlan hau Krimenaren testuinguruan hausnartzeko gidaliburua da"
2024ko urriaren 15a
Kriminologiaren printzipioak liburua argitaratu berri du UEUrekin Jon Gómez Garmendiak (Ermua/Durango, 1995). Kriminologian graduatua da eta Zuzenbide eta Politika Zientzietan doktorea. Doktoretza-tesia bazterketa farmazeutikoari buruz egin zuen eta hainbat artikulu eta kongresutan kriminologia kritiko globalaren, teoria kritikoaren, metodologia feministaren edo memoriaren gaiak landu ditu. Irakasle izan da Euskal Herriko Unibertsitatean eta UEUkidea da. Harekin izan gara.
Kriminologiaren printzipioak liburua argitaratu berri duzu. Nola sortu da ideia?
Euskal Herriko Unibertsitateko Kriminologia Graduaren laugarren promoziokoa naiz. Ikasketak 2013tik 2017ra burutu nituen ikaskideekin batera euskaraz Donostian. Bertan, ikasgela osatu genuen hamabi pertsonok hasiera-hasieratik euskarazko ikasmaterialen falta sumatu genuen. Gradua berria zen eta ez zegoen ia ezer ere egokituta.
Gradua bukatu ondoren, orain dela gutxira arte Bartzelonako Unibertsitatean egiten zen Kriminologia, politika kriminala eta soziologia juridiko-penala masterrean matrikulatu nintzen. Ondoren, unibertsitate bereko doktoretza-programan parte hartu nuen. 2013. urtetik gaur eguneraino, beraz, esan dezaket kriminologiarekin harreman estua izan dudala, horregatik liburu honekin jasotako jakintza guztia hasierako hutsune edo material falta hori betetzera bideratu da nire asmoa .
Hortaz, liburu hau argitaratzea ahalbidetu zuen arrazoietako bat UEUk 2022. urteko liburuen sorkuntza sustatzeko diru-poltsetan hautatua izatea izan zen. Aurkeztu ziren proiektu guztien artean hautaturiko bat izan nintzen eta 2023. urtea liburua idazten eman nuen. Gaur eguneraino, sorkuntza-poltsa horrek bere fruitua eman du eta hori da gidaliburu hau, graduan ematen den lehendabiziko irakasgai baten izena duena eta xede duena kriminologia zer den aurkeztea.
Kriminologoen papera oraindik ere ezezaguna dela diozu. Dauden zalantzak argitzeko liburua ere bada.
Bai! Ohikoa da ingurukoei edo ezezagunei kriminologoa naizela esaten diedanean, honelako erantzunak entzutea: “a! CSI bezalakoa?”; “o! heriotza, odola, lapurretak”; “a! gogoko dut kriminologia, eleberri beltz asko irakurtzen ditut!”; “a! hori gradua da? non ikasten da?”. Kriminologiaren printzipioak izenburua duen gidaliburu hau zalantza edo estereotipo horiek argitzen ahalegintzen da. Hori da asmoa, behintzat.
Kriminologia, formalki, delitua, biktimarioa, biktima eta gizarte-ordena —auzi kriminalaren dimentsiotzat hartuta— aztertzen ahalegintzen den zientzia enpiriko eta diziplinartekoa da. Ordea, auzi kriminal edo gaitz guztiek ez dute Zigor Zuzenbidearekin loturarik, gizarte-kalte asko egiturazkoak baitira, ikusezinak. Hortaz, ez zaizkigu burura etortzen kriminologiari buruz ditugun lehen inpresio hauetan.
Adibidez, gidaliburuan zehar delituari buruzko dilemei, pertsona delitugileen “normaltasunari”, biktimaren nozio kritikoari edo gizarte-kontrolaren ikuspegi zabalagoari buruz hitz egingo dugu. Kontuan hartu dira, horren ondorioz, ohikoak ez diren aztergaiak, hala nola arma-esportazioa, 2008ko finantza-eztandaren ondoren ezarritako politiken ondorioz sortutako etxegabetzeak eta suizidioak, Mediterraneo itsasoko milaka errefuxiatuen heriotzak, lan-prekarietatea eta horren eragina edo funtsezko sendagaiak eskuratzeko arazoak (bazterketa farmazeutikoa).
Gaiaren gaineko hausnarketa kritikoa ere sustatu nahi izan duzu.
Gidaliburu honen azpitituluan argi diogu: idazlan hau Krimenaren testuinguruan hausnartzeko gidaliburua da. Zalantzan jartzen ez diren gaiak eta edukiak kolokan jartzea izan da idazlan honen ardatz nagusia. Horretarako, ez naiz ezkutatzen, lan hau guztiz subjektiboa da, 29 urteko gizon gazte zuri batek idatzirikoa.
Sarreran aipatzen dudan moduan, bell hooks aktibista eta militante estatubatuarraren hitzak hartuz, "Pentsamendua akzio bat da […] pentsamendu kritikoaren motorra jakin-mina da, biziak nola funtzionatzen duen jakiteko jakin-mina". Ondorioz, “hausnarketa kritikoa” jakin-min hori piztearekin lotzen dut; auzi kriminalaren funtzionamenduaren inguruan nire posiziotik idazten eta eztabaidatzen ditudan gaiek zuen burutazio eta iritziekin talka egitea, alegia!
... baita Kriminologiaren alorra bera zalantzan jartzea ere.
Begira —hau ez da kriminologiako gidaliburu guztietan azaltzen—, nahiz eta diziplinaren jaiotza zientifikoa XIX. mendean kokatu —beste diziplina batzuekin konparatuta orain dela “gutxi” esan genezake— kriminologia lehenagotik egin zen. Haren jaiotza prezientifikoa, adibidez, “demonologoen” figuran ezar genezake, zeinak kriminologoen aitzindari kontsideratu daitezkeen eta kode kriminalen antzeko testuak erabiliz Inkisizio garaian milaka emakume torturatzeko eta erailtzeko legitimazioa eman zuten.
Kriminologiaren atzean beti daude botere-interesak, auzi kriminala esanahi, iritzi edo gizarte-helburu konkretu batzuen arabera eraikitzen baita. Ondorioz, historian zehar sortu diren teoria kriminologiko desberdinen harira —gidaliburuan lantzen direnak—, gidaliburu honek eskaini nahi duen hausnarketa kritikoa gaur egungo giza behar eta interesei erantzuten ahalegintzen da.
Horretarako, defendatzen dugun kriminologiak bat egiten du “kriminologia kritiko globala” izenez ezaguna den korrontearekin. Kriminologia kritiko aktualizatu bat, gaurko egoera globalari erantzuna ematen ahalegintzen dena, bereziki hiru ardatzen gainean. Bat, egiturazko indarkeriaren azterketa berreskuratzea; bi, diziplinaren mugak zabaltzea, gizarte-kaltearen azterketa-ildoan haratago doazen aztergaiak sartuz; eta hiru, memoria kolektiboa muga epistemologiko gisa kokatzea.
Nori dago zuzenduta?
Auzi kriminalari buruz jakin-mina duen edonori, bai kriminologia entzutean interesa pizten zaionari baita diziplinari buruz estereotipoak apurtzeko gogoeta egin nahi duenari ere. Hortaz, gidaliburu hau, bereziki, Kriminologia Graduko lehen urteko ikasleei zuzenduta dagoen arren, gaiaren inguruan hausnarketa egin nahi dutenei zuzenduta dago, irakasleei, ezagutza dutenei eta ezagutzarik ez dutenei.
Gogoeta egiten eta probokazioa bilatzen ahalegindu naiz gidaliburu osoan zehar. Horretarako, esaterako, eztabaidagaiak proposatzen ditugu —lodifobia, emakume delitugileak edo Frankfurteko eskola, adibidez—, baita “Zein da zure iritzia?” izenburua duten espazioak ere —zeintzuetan gizakiak ez diren biktimei, espetxealdi iraunkor berrikusgarriari edo “Soilik bai da bai” Legeari buruz hausnarketa egitea bilatzen dugun—.
Nabarmentzeko zerbait?
Oso txarto dago nik hau esatea baina, kriminologiari buruzko euskarazko lehendabiziko gidaliburuari buruz hitz egiten gabiltza! Graduko beste irakasgai batzuekin ireki den bideari jarraituz, hau pauso txiki bat besterik ez da. Hortaz, uste dut aukera ezin hobea dela idazlan honen edukia hobetzeko, zuzentzeko eta baieztapen asko kritikatzeko. Auzi kriminalaren aldakortasun eta dinamismoaren barruan, gidaliburu hau erabilgarri izatea izan da nire helburua. Horregatik irakurleak gonbidatu egiten ditut honen edukian zerbait txarto, aldaketa bat egin edo edukia gehitu behar bada abisatzera. Horrek ahalbidetu dezake, agian, etorkizuneko bigarren edizio batean pausoak ematen jarraitzea, eta, nola ez, beti euskarazko kriminologia baten alde!