Itsaso Bakedano Moreno: "Denok gara sexu-hezkuntzako erreferenteak"

2025ko urtarrilaren 27a

Itsaso Bakedano Moreno: "Denok gara sexu-hezkuntzako erreferenteak"

"Sexu-hezkuntzaikasgeletatik haratago" ikastaroa emango du UEUrekin online Itsaso Bakedano Moreno (Baldorba, 1992) sexologoak. INCISEXeko Sexu-hezkuntza eta -aholkularitza masterra du, Biko Arloak-eko Training sexologia klinikoko formakuntza du eta Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Prestakuntza Pedagogiko eta Didaktikoa (NUP) ere bai. Sexu Hezkuntzako Espezializazio Diplomadu (NUP) eta ISESUSen Ikuspegi Sexologikoa duen Esku-hartze Sozialeko Unibertsitate Espezialista ere bada. Berarekin izan gara ikastaroaz hitz egiteko.

Sexu-hezkuntzaren garrantzian jarri nahi duzu fokua... Zer da sexu-hezkuntza?

Sexu-hezkuntza familientzat, ikasleentzat, profesionalentzat eta, oro har, edozeinentzat bideratu daitekeen hezkuntza mota bat da. Azken finean, jaiotzen garenetik hil arte irauten duen prozesu bat da eta, izaki sexuatuak garenez, gure bizitzaren biografian oso inportantea da. Garrantzitsua da jaso dugun sexu-hezkuntza (jaso baldin badugu), edo jaso dezakegun edo ikertu dezakegun edo bilatu dezakegun sexu-hezkuntza hori.

Zeintzuk dira gure haur eta nerabeen erreferenteak?

Oro har esango nuke familia dela, irakasleak direla, komunikabideetan agertzen diren erreferente guztiak direla. Zergatik guztiak? Batzuk sexu-hezkuntzari buruz arituko direlako edo sexualitateari buruz arituko direlako, baina beste asko ez. Kontua da ezin dugula sexu-hezkuntzarik ez egin. Eta denbora guztian garen emakume, garen gizon, gure desiraren orientazioa zer motatakoa den, zerekiko dugun erakarpena, zer emakume femenino, zer gizon femenino, zer gizon maskulino... garen, horrek guztiak, eragina duela. Erreferenteak gara denok eta denak dira gure erreferenteak. Bidirekzionala da.

Nola egin sexu-hezkuntza? Zeintzuk dira tresnak eta baliabideak?

Lehenengo baliabide nagusia da pertsonak garela. Gizaki sexuatuak garenez, hori da dugun baliabide eta tresnarik handiena. Hau da, ni gela batera sartzen naizenean eta naizen emakumea ikusten dutenean, bada, ari naiz sexu-hezkuntzari buruz. Ari naiz esaten emakume-izaera bat dudala, emakume-janzkera bat... Gauza asko azaldu gabe ere ari naiz sexu-hezkuntza egiten. Esan bezala, ezin dugu sexu-hezkuntzarik ez egin, denbora guztian egiten dugu, une oro.

Gakoa, sexu-hezkuntzan oinarritzen den metodologian dago Zer motatako metodologia den, horrek markatu edo erabakiko du zer sexu-hezkuntza mota den. Sexu-hezkuntzak bilatzen dituen helburuak dira komunikatzea, elkarren ezagutza izatea (bai norberak bere buruarekiko eta bai inguruko pertsonekiko), gure gorputza onartzea, gure izaera onartzea, gure sexualitatea onartzea eta askeagoak izatea mundu honetan. Sexualitateak eta sexuak duen ikuspegi positiboa zabaltzea, ikuspegi hori handitzea da helburuetako bat eta, batez ere, beldurretatik eta arriskuetatik ez heztea. Orain arte, edo azken urteetan, egin den sexu-hezkuntza izan da platano bati kondoi bat jartzea eta horretatik haratago doa gaur egungo sexu-hezkuntza. Eta hain zuzen ere, ikastaroarekin zerikusia du horrek, "haratago" doalako: ikasgeletatik haratago, familietatik haratago, komunikabideetatik haratago, sare sozialetatik haratago... azken finean denok garelako sexu-hezkuntzako erreferenteak.

Nori dago zuzenduta?

Interesa duen edonori zuzenduta dago: familiei, ikasleei, profesionalei... edonori.

Nabarmentzeko zerbait?

Oso ikastaro interesgarria izango dela, oso dinamikoa eta oso berritzailea. Podcast moduko ikastaro bat izango dela aurreratu dezaket, ez atal guztiak noski, baina oso erraz egingo den ikastaroa izango da, batez ere egunerokoan txertatu daitekeena. Agian kozinatzen edo kirola egiten arituko gara eta podcast bat entzuten... oso malgua izango da ikastaroa eta oso aberasgarria edonorentzat, bai profesionalki, bai pertsonalki.


Jakintza-arloak