Iratxe Retolaza: “Balio izan dit ohartzeko UEUko Literatura Saila mugarri izan dela neure ikaskuntza eta formakuntza ibilbidean”
2023ko urtarrilaren 30a
Udako Ikastaroen mende erdia ospatzeko, “Urratuen arrastoan” bilduma literarioa argitaratu du UEUk. Bertan hainbat idazlek UEU bihurtu dute mundu literarioen hauspo. Iratxe Retolaza Gutierrez izan da bilduma berezi honen arduraduna. Literatura-kritikaria eta literatura-ikertzailea da Retolaza. Euskaltzain urgazlea ere bada, eta UEUko Literatura sailburua izan da urteetan.
UEUko Literatura Saila, bide-urratzaile izan dela diozu. Zergatik?
Gaur egun irakurketa literarioaren, sorkuntza literarioaren, kritika literarioaren edo literatur teoriaren inguruko ikastaroak eta formazioak eskaintzen dira hainbat lekutan, zorionez, baita euskaraz eskaini ere. Baina, garai batean, halako formazio literarioa euskaraz jasotzeko, sortzeko eta partekatzeko gune gutxiago zeuden, eta hortxe UEUko Literatura mintegiek eta Literatura sailak ekarpen interesgarri askoak egin zituzten. Lehen mintegietan, euskal literaturaren historiari heldu zioten, egituratzen ari zen hezkuntza-jarduna elikatzeko asmoz. Beranduxeago, Literatura sailetik sailburuek edo kideek sustatu izan dituzten hainbat ezagutza edo gogoeta ildo berritzaile izan dira, garaian garaiko testuinguruan. Esate baterako, itzulpengintza literarioari heldu zion sailak, besteak beste, Gerardo Markuletaren gidaritzapean, eremu hori gutxiago landurik zegoen garai batean; edo Ibon Egañak eta Edu Zelaietak gatazka armatuaren irudikatze literarioen inguruko ikastaroa antolatu zuten, gai hori hain erdigunean ez zegoenean, are garai gatazkatsuago batean, horrek duen balioarekin;edo diziplinartekotasuna ardatz izan duten ikastaroak antolatu izan dira, joera hain nagusi ez zen garaian: Mikel Ayerbek eta Ibon Egañak antolaturiko ikastaroa, hainbat diziplina artistikoez ziharduena (ilustrazioa, zinema, komikia...), edo Amaia Serranok eta biok antolaturikoa, komikigintza eta irakaskuntza ardatz zuena. Eta abar.
Zer suposatu du zuretzat lan honek?
Hiru alderditan egin dit ekarpena liburuaren prozesuak. Alde batetik, aukera eman dit, UEUko Literatura Sailaren ibilbideaz pentsatzeko. Eta balio izan dit Literatura Sailak neure ibilbidean izan duen eraginaz pentsatzeko: hasieran, sailak antolaturiko ikastaroetan jardun nuen ikasle, Larraonan, Baionan... eta oso-oso oroitzapen onak ditut, asko ikasi izanaren sentsazioarekin itzuli nintzela etxera; ondoren, sailetik bertatik hizlari gonbidatu ninduten ikastaro batera, eta hain zuzen ere, hortxe eman nuen lehen aldiz hitzaldi edo saio bat, jendaurrean; urtetan jarraitu izan dut ikasle edo irakasle izaten Literatura Sailak antolaturiko ikastaroetan, eta bertan esperientzia interesgarriak bizi izanaren sentsazioa dut; azkenik, Literatura sailburu aritu nintzen Amaia Serranorekin batera, eta horrek ere aukera eman zigun beste ikuspegi batetik (antolakuntzatik, kudeaketa eredutik...) UEU ezagutzeko, baita geure intereseko proiektu batzuk abian jartzeko, eta neure ikasketa ibilbidearen beste mugarri bat izan zen hori. Balio izan dit, beraz, ohartzeko mugarri izan dela neure ikaskuntza eta formakuntza ibilbidean zein harreman sareak egituratzeko bidean.
Beste alde batetik, aukera eman dit idazle batzuekin testuaren prozesua bizitzeko, eta batzuekin hurbilagotik lan egiteko, eta halako esperientziatatik beti sortzen zaizkigu galdera berriak. Edizio prozesua oso erraza izan da, gehienek testuak oso ongi landuta, txukunduta eta itxita bidali dituztelako.
Azkenik, fikziozko testu bat idaztera animatu nau egitasmoak. UEUkide batzuek ere horretara xaxatu naute. Neuk besteei ahalegin hori eskatu ondoren, neuk ariketa hori ez egitea... Hara, neure eremua ez izanik ere, eta neuk literatura ez idatzi arren, jolasari heldu, eta denbora hartu nuen neuk ere narrazio bat asmatzeko. Jolas horretan parte hartzeko aukera ere eman dit.
Nolako erantzuna jaso duzu jendearen aldetik? Erraza izan da egile hauek guztiak biltzea?
Erraz jarri dute sortzaileek. Lepo ibili ohi dira, eta enkarguzko lanak egitea ez da izaten sortzaile batentzat erakargarriena, ulertzekoa da. Gainera, epe estu batekin ere aritu ginen lanean, sorkuntza lanak izanda. Testuingurua eta muga horiek kontuan izanda, eskertzekoa izan da idazleen harrera, askok esan baitigute baietz (nahiz eta ezezkoak ere jaso ditugun, jakina), eta oso-oso jarrera ona izan dute, oso eskuzabal jokatu dute. Hasieratik argi nuen (baita urteurren batzordeak ere), askotariko ahotsak bildu nahi genituela, bai UEUren ibilbide osoari keinu egiteko, baita idazle posizio ugari ager zitezen ere (adina, generoa, ikuspuntu literarioa..).
Zuk aipatu bezala estilo ezberdinetako lanak dira, ertz askoko bilduma da.Zer aurkituko dute irakurleek liburuan?
Bai, hala da. Askotariko genero literariotan jardun dute idazleek, laburtasuna izan baitute muga bakar, antologia baitzen helburu genuena. Batzuek fikziozko narrazioak sortu dituzte, pertsonaia batzuen arteko gatazkak, gorabeherak, zauriak... kontagai dituztela, guztiak ere UEUko ikastaroen testuinguruan gertatzen direla (edo testuinguru horren albo guneetan). Narrazio gehienak errealistak dira, baina izan bada narrazio distopikorik ere. Beste batzuek testu narratiboak sortu dituzte, baina saiakeratik edo pentsamendutik hurbilago kokatzen direnak, kronika kutsua ere badutenak, baina gogoetarako hari ugari zabaltzen dituztenak. Beste batzuek poema izan dute mailu, kasurik gehienetan UEUren aldarri poetikoak egiteko. Eta abar. UEUren unibertsoa mundu literario bihurtzeko askotariko bideak gorpuztu ditu liburuak.
Zein da azken helburua?
UEUren 50. urteurrenaren testuinguruan kokatu dugu liburua, eta alde horretatik, argi dago omenezko liburua dela, eta omenezko kutsu hori ere zeharkatzen dutela testu literarioek. Baina, erakunde bat omentzean, kasu honetan UEU, askotan antzeko testu edo diskurtso-eretara jotzen da, eta urteurrenaren testuinguruak edota omenezko testuinguruak zailtzen du erakunde barruko dinamika batzuez hitz egitea (giza harremanak, barne-kontraesanak, tentsioak...). Hain justu ere, literaturak hori ahalbidetzen du gatazkak, tentsioak, kontraesanak... gorpuzteko gune aproposa da, baita ñabardurak zein galdera berriak egitekoa ere, edo halako guneetan sortzen diren afektu-sareez hitz egitekoa. Hori ere biltzea izan da asmoa, askotariko ahots eta ikuspuntu literarioren bitartez.
Afektu-sareak, giza sareak azpimarratu dituzu...
Hori da... Bilgune, topagune, lanerako gune, ezagutza sortzeko gune, ikasteko gune... da UEU, eta giza harremanak dauden lekuetan sortzen dira afektuak, sortzen dira igurtziak, sortzen dira tentsioak... Hori ere ikusgarri egitea garrantzitsua da, eta uste dut antologiko testu literarioek hainbat leiho zabaldu dituztela ikuspegi horretatik.