Iñaki Alegria Loinaz: "Gustatuko litzaidake liburua baliagarria izatea Israel egiten ari den sarraskia salatzeko"
2024ko ekainaren 19a
Rashid Khalidiren Ehun urteko gerra Palestinaren aurka liburua euskaratu berri du UEUrekin Iñaki Alegria Loinazek (Donostia, 1957). UPV/EHUko irakaslea eta ikertzailea izan da. UEUkidea da, Hizkuntz Teknologian eta IKTetan aditua da eta gaiaren inguruan hainbat liburu eta artikulu idatzi ditu. 2021ean Eduardo Galeanoren Latinoamerikaren zain urratuak itzuli zuen. Liburuaren aurkezpena gaur egin da, Donostian.
Rashid Khalidiren Ehun urteko gerra Palestinaren aurka liburua euskaratu duzu. Zerk eraman zaitu itzulpen-lan honetara?
2023ko udan, Irlandan nengoela, irakurri nuen jatorrizko bertsioa, ingelesez, eta historiako liburu itzela iruditu zitzaidan. Mugimendu internazionalistan ibilia naiz, eta Palestinan egon nintzen 1990ean, baina hango egoeraz hainbat liburu irakurri dudan arren, hau berezia iruditu zitzaidan, bereziki erakargarria. Ohartu nintzen euskaraz ez zegoela Palestinako historia kontatzen duen libururik, eta jubilatuta nagoenez animatu naiz itzultzera. UEUri argitaratzea proposatu nion eta ebaluatu ondoren baiezkoa eman zidaten. Egilea ere poztu zen euskarara ekarriko genuela jakin zuenean.
Palestina menderatzeko borrokan gertatutako sei inflexio-puntutan jartzen da arreta.
Historia ohiko moduaz kontatu beharrean, egileak sei funtsezko momentu hautatzen ditu, sei gerra-adierazpen egilearen hitzetan: Balfour adierazpena, NBEren zatiketarako erabakia eta Nakba delakoa, Sei eguneko gerra, Libanoko gerra (Sabra eta Xatila), Lehen intifada eta Osloko ituna. Bakoitza kapitulu batean azaltzen da. Baina esan bezala, gako bakoitzak aukera ematen du dagokion garaiko analisi zabalago bat liburura ekartzeko.
Bizipenetatik kontatutako gerra da liburukoa.
Neurri batean bai. Kapitulu guztietan egileak bizipen pertsonalak eta familiarrak txirikordatzen ditu gertaerekin eta analisiarekin. Historiako liburu konbentzionalen mugak gainditzen ditu, kronikari lekua emanez eta analisian sakonduz. Rashid Khalidi egilea Edward Said katedraren titularra da New Yorkeko Columbia unibertsitatean, Beiruten bizi zen Libanoko gerraren garaian eta Palestinako ordezkaritzan aholkulari aritu zen Madrilgo eta Washingtongo negoziazioetan. Senide ezagunak izan ditu, aitona Jerusalemgo alkatea izan zen, osaba erbesteratuta egon zen britaniarren garaian, aita NBEko itzultzaile...
2020an argitaratu zen liburua baina 2024ko apirilean Khalidik idatzitako "Azken hitza" jasotzen du itzulpenak.
Kolonizazio eta erresistentziaren ehun urteko historia (1917-2017) jasotzen du liburuak, baina azken hilabeteetako sarraskia kontuan hartuta egileari eskatu genion oraingo egoera jasoko zuen hitzatzea. Eta apirilaren 26an bidalitako “azken hitza” gehitu ahal izan dugu euskarazko argitalpenean. Horrek balio erantsia ematen dio liburuan jasotako analisiari.
Zer-nolakoa izan da itzulpen-lana?
Ingelesetik itzuli dut baina gaztelaniazko bertsioa ere erabili dut hainbat zalantza argitzeko. Ni ez naiz historialaria ezta itzultzaile profesionala ere, baina dibulgaziozko saiakera izanda ausartu naiz. Gainera, itzulpenerako oso baliagarriak izan zaizkit Palestinaren inguruan argitaratutako liburuak (Imanol Murua Uriaren Palestina Zauritua, Perry Andersonen Palestinaren Okupazioaz eta Kolonizazioaz eta Joe Saccoren Palestina komikia, besteak beste) eta egunkarietan argitaratutako testuak (Euskaldunon Egunkaria, Berria eta Argia nagusiki).
Ez da euskarara ekartzen duzun lehen liburua. Zer garrantzi du zuretzat euskarara itzultzeak?
Informatikaren munduan urte asko aritu ondoren, jubilatutakoan Galeanoren Latinoamerikaren zain urratuak itzultzeari ekin nion, liburu horrekiko nuen zorra kitatu nahian. Esker oneko lana izan da niretzat, itzuli bitartean ikasitakoarengatik zein izandako harrerarengatik, eta ildoari eustea erabaki nuen liburu puska hau irakurtzean. Halako liburuak euskaraz irakurri ahal izateak euskal komunitatea trinkotzen duela iruditzen zait, eta baliabide urri dugunez unibertsitatean aritutakook horretan ekarpena egin dezakegula uste dut.
Zerbait nabarmenduko zenuke?
Gustatuko litzaidake liburua baliagarria izatea Israel egiten ari den sarraskia salatzeko, bai eta aspalditik datorren historia lazgarria ezagutarazteko ere. Unibertsitatean zabaltzea oso garrantzitsua da alde horretatik.
Horrez gain UEUri eskerrak ematea liburua argitaratzeagatik, bereziki Pruden Gartziari eta Gidor Bilbaori emandako konfiantzarengatik batetik, eta Nekane Intxaurtzari eta Ander Altunari egindako lan bikainarengatik.
Hemen Iñaki Alegriari aurkezpen egunean egindako bideo-elkarrizketa.