Haritz Azurmendi Arrue: "Liburu honetan saiatu gara kapituluak sarbide izan daitezen euskal pentsamenduaren adar desberdinetara"

2024ko azaroaren 27a

Haritz Azurmendi Arrue: "Liburu honetan saiatu gara kapituluak sarbide izan daitezen euskal pentsamenduaren adar desberdinetara"

Euskal pentsamenduaren garabideak liburua argitaratu berri dute UEUrekin Haritz Azurmendi Arruek, Alba Garmendia Castañosek eta Jon Mentxakatorre Odriozolak. UEUko Filosofia Saileko bi ekimen daude liburuaren sorburuan eta horretaz guztiaz hitz egiteko izan gara Azurmendirekin.

Euskal pentsamenduaren garabideak liburua argitaratu berri duzue. Nola sortu da ideia?

UEUko Filosofia Saileko bi ekimen daude sorburuan. 2023an zehar “Euskal pentsalariak Bigarren Hezkuntzako curriculum berrian” hitzaldi zikloa egin zen; urte bereko Udako Ikastaroetan, “Filosofo Euskaldunen I. Bilkura” egin genuen. Jon Mentxakatorre sailburuak proposatu zuen liburu bat egitea bi ekimen horien inguruan bildutako ekarpenak jasotzeko. Alba Garmendia eta biok batu ginen edizio-lanetara eta hirurok aritu gara testuak biltzen, txukuntzen, bateratzen. Azken batean, ikusten genuen bazegoela batasun bat ekarpen guztien artean: guztiek aletzen zituzten Euskal Herrian pentsamendua sortu duten banako eta kolektiboen ekarpenak, nahiz eta kapitulu bakoitzak bere berezitasunak izan. Interesgarria zen horiei guztiei liburu berean oihartzun eginaraztea.

Pentsamenduaren transmisioan abagune berezian gaudela diozue. Zergatik?

Kezka bera handitu delako, premia berriak sortu direlako, jauzi baten beharra ikusten delako, bide berri eta interesgarri batzuk jorratzen hasi garelako... Esaterako, azken urteetan gogoeta interesgarriak irakurri ditugu EAEko Hezkuntza Legearen aitzakian sortuta. Badago kezka, arrazoiz, hor euskal dimentsioak duen lekuaz. Baina jende bat adi dagoenez, sortu dira zirrikitu batzuk ere. Adibidez, lortu zen Filosofiako eta Antropologiako curriculumetan Txillardegi, Azurmendi, Esteban... esplizituki aipatzea. Horrek atea irekitzen dio ez bakarrik pentsalari horien lana ikasgelan modu soltean lantzeari, baita ere erakusteari horien aitzakian pentsamendu-giro oso bat, eztabaida-eremu bat, dagoela eta hori beste lekuetako ildoekin harreman betean dagoela. Orduan, aukera berriak daude eta horrekin premia berriak ere bai. Zein da transmisioa behar den bezala eman dadin behar dugun azpiegitura, hasi ikerketatik, segi hezkuntzatik eta aisiarako sareko edukietaraino? Transmisio-sistema egokitu egin behar da egoerak eskatzen duenera. Hori ez da liburu honen gogoeta-gaia, baina gogoeta horiek presente zeuden liburua osatzerakoan, eta hor ekarpena egiteko gogoa ere bai.

Liburuak lan-tresna izan nahi duela diozue. Zer da irakurleak bertan aurkituko duena?

Irakurleari euskal pentsamendura hurbiltzeko helduleku batzuk eskaini nahi izan dizkiogu. Askotariko gaiak jorratzen dira, nahita, irakurleak zeri tira izan dezan. Jon Jimenezek Erdi Aroko eta Lehen Modernitateko zenbait euskal pentsalari dakartza, halako genealogiak egiteari buruzko gogoeta teoriko interesgarri batekin batera. Alaitz Aizpuruk eta nik neuk Txillardegiren eta Azurmendiren pentsamendura sarbide bana eskaintzen dugu. Mari Luz Estebanek eta Jone Miren Hernándezek Euskal Herrian pentsamendu antropologiko feministak izandako bilakaera historikoa eta egindako ekarpenak azaltzen dituzte. Xabier Irujok eta Iker Arranzek, berriz, Oteizaren proiektu pedagogiko baten azalpena dakarkigute. Bukatzeko, Iñaki Zabaletak Humboldtek Euskal Herrian aurkitu zuen errealitatea abiapuntu hartuta egin zuen ikerketa-egitasmoa azaltzen du. Azken batean, liburu honetan saiatu gara kapituluak sarbide izan daitezen euskal pentsamenduaren adar desberdinetara. Irakurle batzuk aseta geratuko dira gaiaren sarbide horrekin, eta gehiago sakondu nahi duen hori helduleku batzuekin eta hurrena nora jo jakinda iritsiko da irakurraldiaren amaierara. Horregatik diogu lan-tresna izan nahi duela liburuak.

Euskal pentsamenduaren mapan joan-etorriko bide berriak sortzen jarraitzea ere bada asmoa.

Halaxe da. Hitzaurrean diogun bezala, euskal pentsamendua ez dugu gauza itxi eta koherente bat balitz bezala ulertzen, ezpada Euskal Herria, bertako jendea, gurutzatu duten auzien aurrean irekitako bide-sare baten gisan; mapa bat, bide eta norabide askotakoa. Are gehiago, mapa horrek arakatzeke dauden eremuak eta irekitzeke dauden bideak ere badauzkala uste dugu. Egon izan diren eta egun dauden bideak ezagutuz, berrezagutuz, ahanzturatik ateraz eta harremanetan jarriz, espero dugu sortuko direla berriak, bai bideak, bai bidegileak. Eta espero dugu bide horiek joan-etorrikoak izango direla, gure artean, guretik kanpora eta auzo-herrietatik gurera, euskal herriko pentsamenduaren historian beti izan diren bezala.

Nori dago zuzenduta?

Dagoeneko aipatu dut badagoela borondate bat euskal pentsamendua Bigarren Hezkuntzako testuingurura gerturatzeko, irakasleek gai eta erreferentzia hauek landu nahi badituzte, sarbide bat eta lanabes batzuk eskaintzeko. Baina, egia esan, publiko orokorrarentzat ere jakingarri interesgarriak direla pentsatzen dugu. Inork noizbait entzun badu liburuan jorratzen den gairen bat edo agertzen den izenen bat, eta bere buruari esan badio jakingo lukeela gehixeago horri buruz, liburu hau aukera polita du horretarako.

Nabarmentzeko zerbait?

Liburuari transmisioaren kezka jarri diogu abiapuntuan, lanabesa izatea nahiko genukeela esan dugu eta mapa zabaltzeko esperantza adierazi... Benetan poztuko ginateke liburuak norbait zirikatuko balu guk landutakoa eskolara, Wikipediara edo okurritzen zaion beste edonora zabaltzera.

Jakintza-arloak