Eider Saragueta: "ikerl(h)ari bideopodcasta ikertzaile gazteen artean beharrezkoa bilakatu da"
2024ko abenduaren 10a
ikerl(h)ari bideopodcastaren 2. denboraldia estreinatu berri da azaroan. Euskal ikertzaile gazteei ahotsa emateko UEUk sortutako espazioa da ikerl(h)ari. "Dibulgazioa", "Etxetik mundura", "Generoa" eta "Herri-ikerketa" izan dira 2024an mahai gainean jarri diren gaiak eta 14 euskal ikertzailek parte hartu dute bertan. Hezkuntza Zientzian doktorea den Eider Saraguetak (Ibarra, 1989) egin ditu bideratzaile-lanak eta berarekin izan gara bideopodcastaz hitz egiteko.
Aurkezle-lanetan aritu zara ikerl(h)ari bideopodcastean. Zer-nolako esperientzia izan da?
Urduritasunez eta gogoz bizi izan dudan erronka handia izan da. Bideopodcasta egiten aurkezle-lanean aritu behar izan dut eta ez naiz kazetaria, beraz, ardura eta kezka izan ditut lan hori ondo egin nahi nuelako. Era berean, askatasun handia izan dut gidoia oinarri hartuta beste hainbat ekarpen egiteko eta pozgarria da ekarpen horiek bideopodcasta hobetzen lagundu dutela sentitzea, aletxoa jartzea horrelako proiektu batean ederra da.
Nire helburuetako bat parte-hartzaileak lasai eta goxo egotea zen konfiantza-giroan hizketan aritzeko, niretzat hori oso garrantzitsua zen eta esango nuke lortu genuela. Izan ere, UEUren atzean pertsona talde ezin hobea egon da (Idoia, Zihara, Ainhoa eta ahaztu ditudan beste asko) parte-hartzaile guztiok zaintzen aritu dira eta horrek segurtasun handiz lan egiteko aukera eman dit. Nire ziurgabetasunak ziurgabetasun, UEUko bideopodcasta antolatu duten pertsonek eutsi egin didate saioz saio onena eman nezan eta uste dut hori denean eta denekin islatu dela. Eskertuta nago esperientzia hau bizitzeko aukera eman didatelako.
Aurrez ere ezagutzen zenuen ekimena. Iaz "Zaintza" atalean parte hartu zenuen.
Iaz aukera izan nuen gai horri buruz hitz egiteko, nahiz eta ez den aktiboki jorratzen dudan gai bat. Interes pertsonaletik eta bizipen pertsonaletik hurbil dudan gaia da. Bertan izan nituen kideekin oso gustura aritu nintzen eta saio oso emankorra izan zela uste dut. Gainera, Ander Prieto de Garay eta bioi bideopodcasteko atal horretan parte hartu ondoren, Barredromoan parte hartzeko deitu gintuzten. Ez dakit gaiari nola heldu genion, baina zerbait ondo egin genuen seinale dela pentsatu nahi dut!
Aurten beste lau gai jarri dituzue mahai gainean: "Dibulgazioa", "Etxetik mundura", "Generoa" eta "Herri-ikerketa"
Ertz eta mami asko duten gaiak izan dira eta adituek parte hartu dute haien esperientziak partekatuz. Niretzat opari bat izan da ezagutza hori partekatu den unean presente egotea. Ikustea nola elkarrekin bide berriak, ideia desberdinak eta pertsonak konektatu diren, hori da ikerl(h)ari bideopodcastak sortzen duen efektuetako bat.
Gaiez haratago, atal pertsonalagoa ere gehitu nahi izan duzu bideopodcastean.
Atala gehitzen utzi zidaten (oso eskertuta nago), baina ezin izan nuen dekorazioan eskua sartu, nahiz eta saiatu nintzen (maleta bete ideia eraman nuen). Editorea nahiko zurruna izan zen, eta emaitza ikusi ondoren, eskerrak!
Bestetik, nahi baina bideopodcast gutxiago ikusten dut, baina agian horietatik jasotakotik edo nire inguruak transmititu didan horretatik beharrezkoa ikusten nuen ikertzaileon B aldea erakustea. Askotan gure gertuko inguruarentzat ikertzaileak beste mundu batekoak dirudigu, hitz egiteko dugun moduagatik, edota gure lanak dituen ezaugarriengatik, ez nago ziur zergatik (hemen ere bada beste ikerlerro bat!). Horregatik, beharrezkoa ikusi dut hezur-haragizko pertsonak garela erakustea, nahiz eta batzuetan gauza bitxiak edo ezohikoak egiten ditugun! Uste dut beharrezkoa dela humanizatzea eta pertsonak garela erakustea horregatik, nik neronik hainbat alderdi pertsonal partekatu ditut, etxeko giroan sentitu naizelako eta horixe zen beste ikertzaileek sentitzea nahi nuena.
Zergatik da garrantzitsua euskal Ikertzaile gazteei ahotsa ematea?
Ahotsa eman, baina baita zabaltzeko aukera izatea ere beharrezkoa da, eta UEU hori lortzen ari da Ikergazte edota bideopodcastaren bidez. Uste dut horretan jarraitu behar dugula. Mikrofonoa hartzen dugunean, gure hitzak interpretaziorik gabe adierazteko aukera dugu, dakigunetik eta ahal dugunetik, baina guretik. Arrazoiak arrazoi, emakumeoi gehiago kostatzen zaigu espazioak hartzea eta eroso sentitzea dugun hori kontatzeko. Horregatik, beharrezkoak dira espazio lasaiak sortzea patxadaz hitz egin eta ezagutza partekatzeko.
ikerl(h)ari bideopodcastak hirugarren denboraldirik... bai?
Bai mesedez! Ahotsak biltzen eta zabaltzen jarraitu behar dugu denontzat delako mesedegarria lanak zabaldu eta partekatzea.
Ez dakit zer formatu izango duen 3. denboraldiak, baina dagoeneko baditut ideia batzuk buruan, agian gauzatuko direnak edo ez, sormena itxi ezin daitekeen iturri bat da. Ez dakit bertan egongo naizen edo arduradunek zer formatu emango dioten, baina ikerl(h)ari bideopodcasta ikertzaile gazteen artean beharrezkoa bilakatu da. Beraz, gonbidapena jasotzen baduzu, animatu denon artean egingo dugulako!
Zerbait nabarmendu nahiko zenuke?
Uste dut nahikoa esan dudala! Besteei entzutea ere ederra da.