Tania Razquin Palomares: "Hizkuntzaren garapenaren nahasmendua nahasmendu larria da eta ikasleei eskola-ibilbide osoan zehar eragingo die"
2025eko martxoaren 24a

"Hizkuntza nahasmendua (TDL) Haur eta Lehen Hezkuntzan" ikastaroa emango du Iruñean Tania Razquin Palomaresek (Arbizu, 1994). Lehen Hezkuntzako irakaslea eta espezialista. Zazpi urte daramatza lanean Iruñerriko eskola publikoetan behar bereziko ikasleekin eta hizkuntzaren nahasmenduak dituzten ikasleekin. UEUk Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin antolatutako ikastaroa da eta maiatzean emango da online. Berarekin izan gara.
Zer da hizkuntzaren nahasmendua? Kontzeptua argitzetik hasiko duzu ikastaroa.
Hizkuntzaren garapenaren nahasmendua (TDL) neurogarapenaren nahasmendua da eta hizkuntzaren adierazpena edota ulermena arriskuan jartzen ditu. Eragin nagusia ahozko hizkuntzan badago ere, garapen-arlo problematikoak egon ohi dira. Hizkuntzaren garapenaren nahasmendua duten ikasleek arazoak izan ditzakete irakurketarekin eta idazketarekin, kalkulu matematikoarekin, arreta-arazo askorekin, hiperaktibitate-maila jakin batekin, portaera disruptiboekin, gizarte-komunikaziorako arazoekin, jokabide negatibistekin eta desafiatzaileekin, nerabezaroan arazo emozionalekin, gizarte-harremanekin... Hortaz, hizkuntzaren garapenaren nahasmendua nahasmendu larria da eta ikasleei eskola-ibilbide osoan zehar eragingo die.
Aurreiritziak eta mitoak apurtzea beharrezkoa dela diozu. Zeintzuk?
Bai, noski. Hainbat aurreiritzi daude nahasmendu honen inguruan eta horiek ezagutzea ezinbestekoa da gure ikasleei kalitatezko hezkuntza-arreta eskaintzeko. Askotan, hizkuntza-zailtasunak gainditu eta desagertuko direla uste da, baita esku-hartzea adin batetik aurrera egin behar dela ere… eta hezkuntza-profesionalok ezin ditugu horrelako ideiak abiapuntutzat hartu, oso garrantzitsua da nahasmenduaren teoria ezagutzea gero gure praktika eraginkorra eta esanguratsua izan dadin.
Nahasmenduari buruzko ezagutzarik ezak ezaugarri hauek dituzten haurrei erantzun aproposa ematea oztopatzen du...
Alde batetik, nahasmendu hau ikasleetan identifikatzeko zailtasunak suerta daitezkeelako (alerta-seinaleak ez identifikatzearen ondorioz) eta hori dela eta, haien ezaugarriak eta jokabideak gaizki interpretatzen direlako. Bestetik, hizkuntzaren garapenaren nahasmendua duten haurrekin lan egiteko metodoak eta teknika zuzenak aplikatzen ez direlako.
Kasuak identifikatzen ikasteko tresnak eta esku-hartze eraginkorrerako estrategiak eskainiko dituzu.
Bai, hori da ikastaroaren helburuetako bat. Hizkuntzaren garapenaren nahasmendua duten ikasleak identifikatzea ez da erraza eta oso garrantzitsua da argi eta garbi izatea zeintzuk diren ezaugarri nabarmenenak. Horregatik, identifikazio-tresnak eskura izatea funtsezkoa da irakasleon egunerokotasuneko praktikan. Horren harira, behin ikasleak identifikatuta ditugula, haien premia eta beharretarako egokiak eta eskola inklusiboarekin koherenteak izango diren proposamenak egiteko gaitasuna izatea ezinbestekoa da; hau da, esku-hartze eraginkorra martxan jartzeko estrategiak ezagutzea.
Nori dago zuzenduta?
Ikastaro hau irakasleei eta hezkuntza-arloko ikasleei zuzenduta dago.