Tania Razquin: "Profesionalen formazio faltak hizkuntzaren nahasmendua duten ikasleei eman beharreko arretan eragiten du"
2023ko otsailaren 17a

"Hizkuntzaren nahasmendua (TDL) Haur eta Lehen Hezkuntzan" ikastaroa emango da online otsailaren 27tik martxoaren 31ra. Tania Razquinek (Arbizu, 1994) emango du ikastaroa; komunikazio eta hizkuntzaren nahasmenduen master ofiziala du eta Entzumena eta Mintzairako irakasle espezialista da haur eta lehen hezkuntzako ikastetxe publikoan.
Zer da Hizkuntza nahasmendua? Kontzeptua argitzetik hasiko duzu ikastaroa.
Hizkuntzaren nahasmena, batez ere ahozko hizkuntzaren eskurapenari eta garapenari eragiten dion nahasmendu bat da, eta honako hamar ezaugarri hauek izan ditzake: espezifikoa, larria, iraunkorra, heterogeneoa, dinamikoa, konplexua, ohikoa, ikusezina, bilakaera motelekoa eta genetikoa. Nahasmendu horren barruan sartzen dira ulermenaren eta adierazpenaren hainbat osagaietako alterazioak, alderdi lexikoetan, fonologikoetan, morfosintaktikoetan edota adinean eta ama-hizkuntzan espero ezin den hizkuntzaren erabilera komunikatiboan.
Aurreiritziak eta mitoak apurtzea beharrezkoa dela diozu. Zeintzuk?
Nahasmendu honekin ideia "faltsuak" ondorioztatzeko arriskua dagoela uste dut eta askotan aurreiritzi eta mitoak sortzen dira, esaterako ahozko-adierazmenean eraginik ez duela, goiz esku-hartzeak garrantzirik ez duela, nahasmendu hau sendatu daitekeela...
Profesionalen formazio faltak hizkuntzaren nahasmendua duten ikasleei eman beharreko arretan eragiten du?
Bai, horrela da, profesionalen formazio faltak hizkuntzaren nahasmendua duten ikasleei eman beharreko arretan eragiten du. Ikasle askorekin lan egiten dugu eta gaur egun diagnostikatzen diren nahasmendu askoren inguruan ez dugu formakuntzarik jasotzen gure graduan zehar, unibertsitatean. Hortaz, gure esku-hartzea ikasle horiekin ez da beti hoberena estrategiak eta materialak ezagutzen ez ditugulako, hain zuzen ere.
Kasuak identifikatzen ikasteko tresnak eta esku-hartze eraginkorrerako estrategiak eskainiko dituzu ikastaroan. Zein helbururekin?
Nire helburua ikastaro honetan izena ematen duten pertsonei hizkuntzaren nahasmendua duten ikasleak identifikatzeko gakoak eta tresnak eskaintzea da, kasu hauek lehenbailehen esku-hartzeko. Beraz, lehenengo helburua identifikaziorako baliabideak ematea da eta bigarrena identifikatutako kasu horiei ahalik eta hobekien erantzuteko estrategiak, materialak, argibideak... helaraztea, gure hezkuntza-erantzuna kalitatezkoa izan dadin.
Nori dago zuzenduta?
Ikastaro hau irakaskuntza munduan lan egiten duten profesional guztiei zuzenduta dago, baina batez ere haur hezkuntzako eta lehen hezkuntzako ikasleekin lan egiten duten horiei. Nahasmendu hau adin hauetan nabarmentzen da eta lehen esan bezala, lehenbailehen esku-hartzea aproposena da.
Erabat online den ikastaroa da. Nolakoa izango da dinamika?
Ikastaroak metodologia parte hartzailea eta aktiboa izango du. Partaideen aurre ezagutzetatik abiatuko da, eta ezagutza berriak eguneroko lan jardunean kokatzea izango du helburu, hausnarketa pertsonalak elkarbanatzean oinarrituz. Era berean, ikastaroak alde teorikoa eta praktikoa uztartuko ditu, ikasle bakoitzaren ikaskuntza-prozesuaren ibilbideari eta konpetentzien garapenari garrantzi handia eskainiz.
Oinarri kontzeptualak idatzizko zein ikus-entzunezko materialekin landuko dira. Ondoren, jorratutakoaren inguruko jarduera praktikoak proposatuko dira, ikasleen parte hartzea eta hausnarketa kritikoa bultzatuz. Maila pertsonalean gogoetak sustatzea ez ezik, hausnarketa kolektiboetara salto egiteko planteamenduak ere sustatuko dira, horretarako talde foroak erabiliz.
Ikasleak momentu oro irakaslearen jarraipena eta tutoretza izango du. Ikastaroak jarraituko duen ikaskuntza-prozesua autonomoa eta esanguratsua izan arren, irakaslearen lankidetza eta laguntza izango dute, sortzen zaizkien zalantzei eta zailtasunei aurre egiteko.