Sheila Padrones: "Komunitate inklusiboak sortzea gizarte osoaren erronka da, eta ezin zaio soilik gizarte-zerbitzuetatik erantzun"
2023ko uztailaren 3a
51. Udako Ikastaroen barruan "BideGurutzean. Partaidetza komunitariotik elkarbizitza sustatzen" jardunaldia antolatu dute UEUk, Emaus Gizarte Fundazioak eta Gipuzkoako SOS Arrazakeriak elkarlanean. Sheila Padrones Gil (Donostia, 1986) Emaus Gizarte Fundazioko kidearekin izan gara jardunaldiren inguruan gehiago jakiteko asmoz. Gizarte Antropologian lizentziaduna da Padrones eta bera ibili da ikastaroaren antolaketa-lanetan.
Zer da eta zer ez da partaidetza komunitarioa?
Emausen defendatzen dugun komunitate-ereduan, berdintasuna bizitza sozial eta pertsonalaren dimentsio guztietan sustatu behar da. Hortaz, pertsona orok gizartearen arlo guztietan parte hartzeko aukera eduki beharko luke.
Parte-hartze komunitarioa herritartasuna ahalbidetzen duen tresna gisa ulertzen dugu; pertsona bezala gure ingurunean eta gure bizitzetan gertatzen dena kudeatzeko eta eraldatzeko dugun ahalmenaz kontzientzia kolektiboa hartzeko aukera ematen duena. Horrela, parte-hartzaileek gizartea eraldatzeko eragile gisa ikusiko dute beren burua.
Parte-hartze komunitarioa ahalduntze-estrategia gisa eratzen da, eta bertatik zuzentzen da norberaren eta komunitatearen bizitzaren zentzua: erabakiak hartuz, gauzatuz eta norberak bizitako prozesuen protagonista bihurtuz.
Bazterketa-egoeran dauden pertsonen kasuan, parte-hartzeak gizarteak haiengan duen ikuspegia aldatzea baimentzen du, subjektu pasibo gisa ikusia izatetik subjektu aktibo bezala ikusia izatera pasatzen dira. Hau da, komunitatearen eta gizartearen antolamenduan erabakiak hartzeko prozesuetan parte hartzen duten pertsona gisa. Horrek ahalduntze-prozesuak eta harremanak hobetu eta zabaltzea ere baimentzen du.
Zer ez den partaidetza komunitarioa? Pertsona batek edo pertsona-talde batek zer esparrutan esku hartu nahi duen erabakitzea, eta, ondoren, bere helburua lortzeko pertsona-talde zabalago bat bilatzea berau aurrera eramateko.
Eta, zer da, orduan, partaidetza komunitarioa? Partaidetza komunitarioak esan nahi du parte-hartzaileek beren interes eta beharretatik abiatuta, baina komunitate osoari mesede egingo dion proiektu baten erabakietan eta gauzatzean parte hartzen dutela; modu kolektiboan eta era adostuan ekinez, prozesuaren fase guztietan parte hartuz (diseinua, ekimena, ebaluazioa) eta prozesuaren zentzuaz jabetuz.
Parte-hartzeaz jardungo duzue, baina gizarteratze-arloan lan egiten duten instituzio eta gizarte-erakundeei begira. Zein da bada gaur egungo egoera? Zerk bultzatu zaituzte jardunaldia antolatzera?
Gizarteratzeko eta euskal gizarte-zerbitzuetako hainbat planek adierazten duten bezala (besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren V. Gizarteratze Plana, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzko Dekretua, Gizarte Zerbitzuen Legea), gizarte-bazterkeria egoeran bizi diren pertsonek askoz gutxiago hartzen dute parte arlo politiko eta sozialean. Horregatik, bai erkidego-mailan, baita foru- eta udal-mailan ere, bultzatutako gizarte-politikak, neurri batean, komunitate-harremanak sustatzera bideratzen dira, arreta eta esku-hartzearen eredua ikuspegi komunitario eta diziplinartekotik bideratzearen garrantzia azpimarratuz. Horrek esan nahi du pertsonen arreta-ereduan beste urrats bat eman behar dela, alderdi komunitarioak ere barne hartzeko.
Begirada zabaldu behar da, garapen pertsonala, besteak beste, sare sozial eta komunitario bat ehuntzean ere gertatzen baita, bertan pertsona baloratua sentitzen delako eta gizarteari egiten dizkion ekarpenei ere balioa eman zaielako.
Emausetik gizarteratzearen eremuan benetako gizarte-eraldaketa lortzeko urrats hori beharrezkotzat jotzen dugu. Horregatik, ikastaro honen bidez, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema osatzen duten prestazio, zerbitzu, programa eta jardueren kalitatea hobetzen lagundu nahi dugu.
Aldi berean, komunitate inklusiboak sortzea gizarte osoaren erronka da, eta ezin zaio soilik gizarte-zerbitzuetatik erantzun. Horregatik, partaidetza komunitarioak berak ikuspegi zabalagoa izan behar du, eta errealitate desberdinetatik datozen pertsonen arteko interakzio-espazioak sortzeko gai izan behar du, gizartean dagoen aniztasuna ezagutu eta balioetsi ahal izateko. Elkar ezagutzetik bakarrik has gaitezke elkar ulertzen eta elkar eragiten. Espazio hori ez da sektore horretako profesionalei bideratutakoa bakarrik; aitzitik, partaidetza komunitarioak gizarte bidezkoago bat sortzeko duen potentziala baloratzen duen pertsona edo kolektibo oro gonbidatu nahi dugu.
Bidegurutzean proiektuaren barruan kokatu behar dugu? Zertan datza proiektu hori?
Nahiz eta BideGurutzean 2021aren hasieran jaio zen ofizialki, Emausen urte askotan zehar hainbat motatako gizarte-erakundeekin (ekologismoa, feminismoa, eskubideen defentsa, herri-hezkuntza, gizarte-ekonomia) egin dugun lankidetzaren emaitza da.
Emausetik bagenuen harremana proiektua osatzen duten erakunde guztiekin, baina haiek ez zuten elkar ezagutzen. Hala ere, guztiek alderdi komun bat zutela ikusten genuen: oinarrizko gizarte-zerbitzuak izan gabe, kalteberatasun-egoeran dauden pertsonekin lan egiten dute, eta pertsona horiek ahalduntzen eta gizartean aktiboki parte har dezaten laguntzen dute, bai eta haien eskubideak aldarrikatu ere. Horregatik, interesgarria iruditu zitzaigun haien arteko topaketa-guneak sortzea, haien praktikak ezagutu eta trukatzeko.
Horrela jaio zen BideGurutzean, bide ezberdinak gurutzatzeko. Proiektua Gipuzkoako SOS Arrazakeriarekin batera eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren babesarekin garatzen ari da, eta bi fasek osatzen dute. Alde batetik, Emaus eta SOS Arrazakeriatik gure baliabideak elkarte horien zerbitzura jarri ditugu, dagoeneko martxan zituzten, baina bultzatzea kostatzen zitzaien ekimenak garatzen laguntzeko asmoz. Bestalde, aipatu ditudan topagune horiek sortu ditugu, haien artean sarea sortzeko aukera eman dutenak.
Beren praktikak mahai gainean jartzeko egindako ariketari esker, nahiz eta ezberdinak izan, denek rolak txandakatzea ahalbidetzen duten lidergo-ereduak sustatzen dituztela jabetu gara, botere-dinamika bidezkoagoak sortuz eta komunitate inklusiboagoak eraikitzeko bidea eginez. Aldi berean, beste era batera nekez gertatuko liratekeen pertsonen arteko harremanak sortzea ahalbidetzen duten prozesuak bultzatzen dituzte.
Hainbat hilabetez praktika eta egiteko modu horiei buruz hausnartzen aritu ondoren, ezagutza hau ezin genuela guretzat gorde iruditu zitzaigun. Aitzitik, kode eta helburu berberetan mugitzen ari diren beste gizarte-erakunde batzuekin partekatu behar genuela ulertu genuen, guztien artean gizarte bidezkoagoa lortzeko bidean elkarlanean jarraitzeko.
Zure esperientziatik zer ikasi beharko lukete erakundeek gizarte-mugimenduetatik?
Emaus gizarte-mugimendu gisa jaio zen 50eko hamarkadan Parisen eta Gipuzkoara 80ko hamarkadan iritsi zen. Urte hauetan asko eraldatu da mugimendua, gizarte-fundazioa gara orain, baina argi daukagu ezin dugula beste alde batera begiratu gizartean berdintasunik eza eta injustiziak dauden bitartean. Begiak irekita eta adi eduki behar ditugu administrazioarekin bai, baina herri-mugimenduekin ere harremanetan egon behar dugu, denen artean gaur egungo gizartea hobetu dezagun.
Kalean egon behar da benetan zer gertatzen ari den jakiteko, pertsona jakin batzuek beren egunerokoan zer egoera bizi dituzten ezagutzeko. Arrazakeriaz ari naiz, adibidez, gizarte-mailan baina baita erakunde-mailan ere; edo generoaren edo sexu-orientazioaren araberako diskriminazioaz. Azken aldian asko entzuten da 'aporofobia' hitza, pertsona txiroenganako gorrotoari erreferentzia egiten diona. Zergatik dira pobreak mehatxu? Besteak beste, gizarte gisa zerbait gaizki egiten ari garela erakusten digutelako, pertsona batzuk ondo bizi garen bitartean beste batzuk egoera horietan egotea onartzen delako. Eta, era berean, edozein egunetan egoera horretan gu ere egon gaitezkeela gogorarazten digutelako.
Erraza da erakundeetatik herritarrei dei egitea egoera horiek arintzeko jardun dezaten; baina diskriminatua den pertsona batekin kalera irteten zaren arte ez duzu sentitzen begiak nola aldentzen diren, nola entzuten diren mespretxuzko hitzak. Norberari zuzendutakoak ez izan arren, eta modu berean eragin ez arren, ulertzen hasten zara gizarte-bazterketa ez dela arazo indibiduala, sistemikoa baizik. Sistemak berak sortzen ditu egoera horiek, eta ez pertsona baten ekintza zehatzek. Pertsonekin egunerokotasunean aritzeak bakarrik ematen dizu errealitatearekiko kontaktu hori. Askotan, erakundeetatik lan egiten duzunean, prozesu burokratiko luzeetan sartzen zara, eta horrek fokua eta errealitate horrekiko kontaktua galtzea eragiten du.
Oinarrizko gizarte-mugimenduak, ordea, kaleko errealitatetik elikatzen dira. Saiakuntza- eta errakuntza-metodoaren laborategi ere bihurtzen dira, problematika horiei aurre egiteko formula desberdinak probatuz. Administrazioek, ordea, ezin dute entseatzeko tarterik hartu, huts egindako edozein saiakerak erantzukizun handia baitakar. Eta gauza bera administrazio publikoari zerbitzua ematen dioten gizarte-erakundeek ere. Hortaz, formula berriak martxan jartzea oso zaila da.
Horrekin ez dut esan nahi gizarte-zerbitzuetan lan egiten duten pertsona guztiek errealitatearekiko harremana galdu dutenik. Inola ere ez. Hala ere, administrazioan zenbat eta goragoko mailan egon, orduan eta urrunago zaude egoera jakin batzuk ulertzetik.
Horregatik, administrazioaren, erakundeen eta gizarte-mugimenduen arteko etengabeko harremana eta elkarreragina funtsezkoak dira gizarte bidezkoago eta berdintsuago baterantz jotzeko.
Administrazioek badakite hori, eta gero eta topagune gehiago sortzen ari dira gizarte-erakundeekin. Hala ere, gizarte-mugimenduak jolas horretatik kanpo geratzen ari dira eta horiek dute lurrarekiko kontakturik handiena. Horregatik, gizarte-erakundeok gizarte-mugimenduekiko zubiak eraikitzearen alde egin beharko genuke, elkarrekin jardun ahal izateko eta administrazioarekin dituzten harremanetan bitartekari-lanak egin ahal izateko. Gutxienez, administrazioak gizarte-mugimenduak kontuan hartu arte.
Hain zuzen ere, hainbat mugimendutako kideak gonbidatu dituzue. Zer helbururekin?
Esan bezala, Emaus gizarte-mugimendu gisa jaio zen. Baita Gipuzkoako SOS Arrazakeria ere. Eta instituzionalizatu egin badira ere, ibilbide horretan ez dute harremana galdu EAEko eta Latinoamerikako hainbat udalerritan modu autogestionatuan eta tokiko eta hurbileko ingurune batean lan egiten duten erakundeekin. Ikastaroa erakunde horietako batzuekin batera eratu da.
Batzuk gizarte-erakunde txikiak dira, eta beste batzuk oinarrizko gizarte-mugimenduetatik gertuago daude, edo haietatik jaio ziren, nahiz eta orain forma juridiko aitortua izan, Emaús eta SOS Arrazakeria bezala.
Butroi Bizirik Trantsizioan elkarteak ekologismotik eta trantsizioko mugimendutik hurbilago dagoen ildo batetik egiten du lan. Cenderos elkarteak migranteen edo errefuxiatuen eskubideen defentsan oinarritzen du bere borroka. Gu Haziak Garak gizarteratzera eta laneratzera bideratzen du bere lana. SOS Arrazakeriari lotutako Etxeko Langileen Taldeak, azkenik, lan-aholkularitza eskaintzen du; eta, aldi berean, etxeko langileen eskubideen alde eta haien ongizate psikosozialaren sustapenaren alde lan egiten du.
Ikuspegi desberdinetatik bada ere, guztiek beren ekintzak ikuspegi komunitario batetik bideratzen dituzte, eta jardunbide arrakastatsuak lortu dituzte gizarteratzea sustatzeko. Horien artean, aipatzekoa da paradigma-aldaketa bat lortu dutela, non erabiltzaileak subjektu pasibo izateari utzi eta eragile aktibo eta aldaketaren sustatzaile bihurtu diren beren komunitatean.
Ia guztiek emakumeekin egiten dute lan, eta hori da gizarte-zerbitzuak ematen dituzten erakundeek aurre egin beharreko beste erronketako bat. Izan ere, orain arte gizonak izan dira gehiengo gizarte-zerbitzuak jasotzeko orduan. Joera hori aldatzen ari da. Emakumeak gizonenak ez bezalako bazterketa-ibilbideetatik iristen dira gizarte-zerbitzuetara, eta gizonentzat diseinatutako gizarte-zerbitzuak topatzen ari dira, beren beharrei erantzuten ez dietenak. Zerbitzu horiek pixkanaka aldatzen ari diren arren, interesgarria da kalteberatasun-egoeretan dauden emakumeen parte-hartze komunitarioa erraztuko duten praktikak eta metodologiak partekatzea ere.
Emausen lan-eremu nagusia kontuan hartuta, hau da, administrazio publikoen eskumeneko hainbat zerbitzuren kudeaketa, garrantzitsua iruditzen zitzaigun udako ikastaroa hirugarren sektorean lan egiten duten gizarte-erakundeei tresnak ematera bideratzea, pertsonen gizarteratzea eta autonomia sustatzeko aukera izan dezaten.
Zer nabarmenduko zenukete?
Urte hauetan identifikatutako ezagutzak partekatzeaz gain, topaketa hau elkarrengandik ikasteko eta saretzeko espazio bat ere izan dadila nahiko genuke. Horregatik, gerturatzen diren pertsonen esperientziak entzuteko eta hausnartzeko tartea ere edukiko dugu. Argi baitugu gizartea denon artean osatu eta eralda dezakegula.
Bestalde, partaidetza errazteko, itzulpen- eta haurtzaindegi-zerbitzuak eskainiko dira. Gure ibilbidean zehar hemengo hizkuntza menderatzen ez duten pertsona askorekin egin dugu topo, eta baita haien kargu haurrak dituztenenekin ere (batez ere, emakumeak), eta horrek espazio batzuetatik kanpo uzten ditu. Pertsona horien partaidetza sustatzeko, bi zerbitzu hauek eskainiko ditugu. Itzulpen-zerbitzuaren kasuan, bi norabidetan izango da: euskaratik gaztelaniara, baina baita gaztelaniatik euskarara ere.