Saioa Esnaola Martin: "Hezkuntza-komunitate bateko haur edo gazte guztiek elkarrekin ikastea dakar inklusioak"
2024ko apirilaren 19a
"Nola egin aurrera zentro inklusibo baterantz" ikastaroa antolatu du UEUk Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean. Saioa Esnaola Martin (Ordizia, 1992) da irakaslea, berak, Psikologiako Gradua ikasi zuen Bilbon eta ondoren Hezkuntza Orientazioko Masterra egin zuen Donostian. Ikasketak amaitu zituenetik hezkuntza-testuinguruan dago murgilduta. Berarekin izan gara ikastaroaz hitz egiteko.
Zer da zentro inklusibo bat?
Hezkuntza-komunitate bateko haur edo gazte guztiek elkarrekin ikastea dakar inklusioak, beren ezaugarri pertsonalak, sozioekonomikoak edo kulturalak edozein direla ere.
Zeintzuk dira eskola inklusibo batean bilakatzeko eman beharreko urratsak?
Galdera hau ez da batere erraza, baina erantzuten saiatuko naiz. Eskola bat guztiz inklusiboa bilakatzeko urrats hauek aipatuko nituzke. Batetik, ikasleek ikasteko dituzten oztopoak kentzea edo ikasketa-prozesua beren beharretara egokitzea. Horretarako, oso garrantzitsua izango da detekzio-faseak eta diagnostikoak egitea. Bestetik, ikasle guztien parte-hartzea sustatzea. Hirugarrenik, gaitasun espezifikoak garatzea eta ikasleak helduarorako prestatzea. Laugarrenik, ikasleekin modu kooperatiboan lan egitea eta ikasten dutena esanguratsua izatea. Hortaz, ikaskuntzak eguneratua eta aktiboa izan beharko du, errealitatearekin gertutasuna adierazten duena. Eta azkenik, pertsonarengan zentratzea. Alegia, ikaskuntza indibidualizatua.
Erronka asko daudela uste dut. Gizartea pixkanaka garatuz doa, eta horietako erronka batzuk pixkanaka betetzen ari dira, baina oraindik lan asko dugu egiteko.
Zein da gaur egungo zentroen egoera?
Gaur egungo zentroen egoera ez da erraza. Eskoletan gero eta aniztasun gehiago dago eta beharrak nabariak dira, baina behar horiei erantzuteko baliabideek berdin jarraitzen dute. Beraz, gero eta behar gehiago badaude, baina horiei erantzuteko baliabideak ez badira areagotzen, eskola inklusibo bat bilakatzeko eman beharreko urratsak betetzea ezinezkoa dela uste dut.
Zeintzuk dira erronka nagusiak?
Hezkuntza-komunitateko kide guztiak norabide berean joatea eta lan egitea dela uste dut.
Nori dago zuzenduta?
Ikastaro hau DBH, Batxilergo eta Lanbide Heziketako irakasleei zuzenduta dago, inklusio kontzeptuaren gainean jakin-mina dutenentzat eta beren eskoletako aniztasunari modu inklusibo batean erantzun nahi diotenentzat.