Nola egin aurrera zentro inklusibo baterantz
Aurkezpena
Ikastaroa BETE egin da. Interesa izanez gero, izena eman eta itxaron-zerrendan sartuko zara.
Ikastaroaren datak: Apirilak 17- Maiatzak 17
Zer da, baina, zentro inklusibo bat? Esanahi poliedrikoa duela ezin da ukatu, alegia, ertz askotatik heldu daitekeen kontzeptua da. Alta, era berean, oinarri sendo eta komunak ditu, justizia sozialeko paradigma etiko batean ardatzen direnak. Zentro inklusiboak aukera berdintasuna bermatu behar du, ikasle ororen gaitasun pertsonalak ahalik eta gehien garatzen direla bultzatzearekin batera.
Irakasleak
Helburuak
- Aniztasuna ezaugarri positibo gisa hartua izan dadin eman beharreko prozesuaren zein praktiken berri izatea.
- Gure zentroa eskola inklusibo bat bilakatzeko eman beharreko urratsen gainean hausnartzea.
- Komunitate anitz baten bizikidetza bultzatzea, ezaugarri pertsonal, sozioekonomikoak edo kulturalak alde batera utzita.
- Gure egunerokotasuneko praktikak ikasleen beharrei erantzuteko sortzea, generoaren aldagaia aintzat hartuz eta aniztasunean zein berdintasunean oinarrituz.
Edukiak
- Aniztasunaren kontzeptualizazioa, estrategiak eta ildo pedagogikoak.
- Eskola inklusiboaren ezaugarriak eta dimentsioak.
- Hezitzailearen rola eta eskola inklusibo baterako jardunbide egokiak.
- Metodologia aktiboak.
- Hezkuntza Proiektua ikuspegi inklusibotik.
Metodologia
Ikastaroak metodologia parte hartzailea eta aktiboa izango du. Partaideen aurre ezagutzetatik abiatuko da, eta teoria bizi esperientzietan eta eguneroko lan jardunean kokatzea izango du helburu, hausnarketa pertsonalak elkarbanatzean oinarrituz. Era berean, ikastaroak alde teorikoa eta praktikoa uztartuko ditu, ikaskuntza-prozesuari eta gaitasunei garrantzi handia eskainiz.
Ikastaroa emateko, Moodle irakaskuntza-plataforman oinarrituta dagoen UEUren Ikasgela Birtuala erabiliko da.
Oinarri kontzeptualak idatzizko zein ikus-entzunezko materialekin landuko dira. Ondoren, lan pertsonala beharrezkoa izango da, hausnarketa pertsonaletatik kolektiboetara salto egiteko eta taldeari modu eraikitzailean eraginez.
Ikasleek momentu oro irakaslearen jarraipena eta tutoretza izango dute, baita UEUko lantalde pedagogiko eta arduradun teknikoaren sostengua ere bai.
Nori zuzenduta
Oro har Hezkuntza arloko ikasle zein irakasleei. Baina batez ere, 0-6 Hezkuntza Zikloan aritzen diren irakasle, ikasle eta hezitzaileei.