Rakel Gamito Gomez: "Garrantzitsua da metodologikoki programazioa edo robotika bitarteko gisa ulertzea. Helburuak sormena eta motibazio pertsonala sustatzea izan behar du"

2025ko martxoaren 5a

Rakel Gamito Gomez: "Garrantzitsua da metodologikoki programazioa edo robotika bitarteko gisa ulertzea. Helburuak sormena eta motibazio pertsonala sustatzea izan behar du"

Programazioa eta robotika hezigarria Haur eta Lehen Hezkuntzan liburua argitaratu berri du Rakel Gamito Gomezek (Arrasate, 1984) UEUrekin. Hezkuntza Zientzietan doktorea da eta UPV/EHUko irakaslea eta ikertzailea. UEUkidea eta UEUkoPedagogiako sailburua ere bada. Harekin izan gara liburuaz hitz egiteko.

Programazio informatikoaren irakaskuntzak hezkuntzaren alorrean paradigma-aldaketa bat eragin du. Zertan?

Paradigma-aldaketak pentsamendu konputazionalaren esanahiaren bilakaerarekin bat egin dezake. Hasieran terminoa programazioaren trebetasun tekniko-instrumentalekin soilik lotzen zen eta orain, aldiz, problemen ebazpenari lotutako trebetasunei erreferentzia egiteko erabiltzen da. Horregatik, pentsamendu konputazionala hezkuntza-legedian aitortzen da eta eskola-curriculumean jasotzen da. Edozein diziplina akademikotako edo eguneroko egoeretako arazoak konpontzeko tresna mental erabilgarria da eta eskolak horren garapena bideratu behar du.

Zer erabilera izan dezakete programazioak eta robotika hezigarriak hezkuntza-esparruan?

Aurretik aipatutako pentsamendu konputazionalak osagai eta trebetasunen zerrenda zabal batekin lotzen da. Pentsamendu konputazionalaren prozesuetan, teknika algoritmiko eta logikoez gain, metakognizioa, heuristika, sormena, berrikuntza, tolerantzia, moldagarritasuna, erabakiak hartzeko gaitasuna, akatsetatik ikastea, memoria, hausnarketa, lankidetza eta komunikazioa aktibatzen dira. Hori guztia modu askotara garatu daiteke eta hezkuntza-estrategia batzuek, besteak beste, tresna teknologikoen programazioa eta erabilera barne hartzen dituzte, hala nola programazioa eta robotika.

Nola aplikatu Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan?

Garrantzitsua da metodologikoki programazioa edo robotika bitarteko gisa ulertzea. Helburuak sormena eta motibazio pertsonala sustatzea izan behar du eta, horretarako, hezkuntza-praktikak zeharkakoa izan behar du, aktiboa, kooperatiboa eta kritikoa. Irakasleak mailara egokitutako proposamenak egin behar ditu, ideia irekiak sustatuz, gidaritza bermatuz eta prozesua bera baloratuz.

Izaera teoriko-praktikoa du liburuak. Zer aurkituko du bertan irakurleak?

Lehenengo kapituluan, ikaskuntza-prozesuetan programazioak eta robotika hezigarriak eskain ditzaketen onurei buruz sakontzen da. Ostean, bigarren kapituluan, arlo biak Haur Hezkuntzako zein Lehen Hezkuntzako etapetan lantzeko zenbait tresna eta proposamen aurkezten dira: bloketan oinarritutako programazioa, gailu mugikorretarako aplikazioak, trantsiziozko programazio-inguruneak, zoruko robotak, eraikuntzako eta robotikako kitak, garapen-plakak, asmakuntza-kitak eta beste batzuk. Jarraian, hirugarren kapituluan, baliabide ezberdinak gelara eramaten direnean kontuan izan beharreko alderdi pedagogikoak azpimarratzen dira. Eta, amaitzeko, bosgarren kapituluan, programazioaren zein robotikaren funtsa den pentsamendu konputazionala zertxobait sakontzeko asmoz, horri buruzko zenbait ezaugarri eta prozedura azaltzen dira, horiek modu deskonektatuan lantzeko aukera ere aipatuz. Liburu osoan zehar, jarduerak proposatzen dira (irakurketak, bideoak, bilaketak, proiektuen programazioa, erronkak, hausnarketak…), arloak bestelako ikuspegi didaktiko batetik ulertzeko.

Nori dago zuzenduta?

Batez ere Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako irakasleei zuzenduta dago, bai hasierako formakuntzan daudenei bai dagoeneko profesionalki ari direnei. Hala ere, bestelako etapetako irakasleentzat ere erabilgarria izan daiteke, oinarrizko kontzeptu ugari azaltzen direlako. Eta, noski, gaian interesa duten familientzat ere lagungarria izan daiteke, alorren panoramika orokorra eskaintzen delako.

Jakintza-arloak