Pauline Guelle: "Torturaren inpunitateak lehen erronka nagusi bat du: biktimen errekonozimendua arduradun politikoen eskutik"

2025ko urtarrilaren 30a

Pauline Guelle: "Torturaren inpunitateak lehen erronka nagusi bat du: biktimen errekonozimendua arduradun politikoen eskutik"

"Torturaren zigorgabetasuna Espainiar estatuaren trantsizio demokratikoan: Euskal Herriaren kasua" txioekin laburtu zuen bere tesia Pauline Guelle ikertzaileak (Paue,1992) Txiotesia7 lehiaketan. Zientzia Politikoetan du lizentzia (Quebec) eta Euskal Nazionalismoa XXI. mendean (Bilbo) eta Geopolitika eta nazioarteko harremanak (Tolosa, Okzitania) masterrak ditu. Doktorea da Zuzenbide Publikoan (UPPA, Baiona) eta egun, UEUko Talde Eragileko kidea da. Bere ikerketaz gehiago jakiteko izan gara berarekin.

Zuzenbideko ikasketak egin eta ikerketaren munduan murgildu zinen gero...

Lehenik Zientzia Politikoak ikasi nituen; eta horren egiteko ibili nintzen leku ezberdinetan. Quebec-en hiru urte pasa ondotik, Bartzelonan, Bilbon eta Tolosan (Okzitania) egon nintzen ikasten. Zientzia egiteko kultura ezberdinak ezagutu nituen eta asko ikasi nuen. Hastapenetik ikerketa egiteko joera eta gogoa izan nuen. Konparazione, hautua bazelarik ikastaro profesionalaren eta ikerketa-lanaren artean, ikerketa egitera joan nintzen. Bigarrenik Zuzenbidera jo nuen , gaiak eta zuzendariak baldintzaturik. Laburki esplikatzeko, errepresioaren inguruko gogoeta bat nahi nuen garatu Euskal Herriaren kasua ikergai hartuz. Garaian ateak itxi zizkidaten Tolosako Zientzia Politikoen eskolan gai honekin etorri nintzelarik irakasle batzuengana. Orduan Baionan irakasten zuen Jean-Pierre MASSIAS Zuzenbideko ikertzaileak onartu zuen enekin lan egitea eta nire lana babestea.

Torturaren gaia izan duzu ikergai. Nola sortu zen ideia?

Hain zuzen, Baionara joan nintzelarik irakasle horrengana, solasaren ondotik sortu zen ideia. Ene aletik argi nuen errepresioa Euskal Herrian ikergai behar nuela. Haren ustez, errepresioa bera gai orokorregia zen; beraz eztabaidatu genuen, bai ideiak trukatu baita informazioak ere bai. Torturaren garaian (2016an) biziki gutti ikertua izan zen. Ondoko urtean aterako zen lan ikaragarri bat, Francisco Etxebarriak eta Laura Pegok zuzendurik, Eusko Jaurlaritzak argitaraturik, 4.000 tortura kasu baino gehiago zenbatuko zituena Euskal Herrian (2017). Beraz, hasi ginelarik lanean hutsune bat betetzeko zen. Urteak joan arau espero dugu hutsune hori betetzen ariko garela.

Euskal Herriko torturaren bilakaera aztertu nahi izan duzu. Zer garaitan jarri duzu fokua?

Eraman dudan ikerketak argitan ezartzen du sistema bat: Espainiako Gerra Zibiletik gaur egun artekoa. Bereziki desberdindu ditut bi testuinguru; alde batetik, Espainiar Estatuko trantsizio demokratikoa eta, bestetik, Euskal Herriko trantsizioa bakerantz. Biak 2018. urtean ez nituen bukatutzat ematen. Orduan, tortura aztertu nuen bi testuinguru horietan: autoritarismoaren garaian, gatazka politikoaren garaian eta trantsizio bien garaietan.

Zeintzuk dira datuak?

Datu asko badira, baina bakar batzuk emanen ditut.

Zenbakiak aipatzeko, Euskal Herria bere osotasunean harturik 5.000 kasu baino gehiago aztertu nituen tesia honetan, 2017ko ikerketa EAEko eremuan baizik ez zelarik kokatzen. Salaketa formal guttik bide judiziala ideki dute eta arduradun biziki guttik sententzia bat bururaino eraman dute. Horrek erakusten du, partez, inpunitatearen sistema bat plantan ezarria izan dela torturaren arduradunentzat. Interesgarriena horretan da torturaren sistemak berak eragiten duen isiltasuna. Estatuek tortura erabiltzen dutela, hain zuzen, biktimek ez dutelako salaketarik errazki jartzen: traumaren ondorioz, beldurraren ondorioz, etab. Testigantzen arazoa dugu muga, ikerketan: nola aztertu errana ez dena? Eta hori nahi izan da ikertu torturaren problematika hautatzean.

Torturaren inpunitatea denbora luzez mantentzea lortu da... Zeintzuk izan dira arrazoi nagusiak?

Espainiar Estatuak bere trantsizio demokratikoa egin zuelarik prozesu berezi bat izan zuen. Estatu demokratiko batera bilakatzeko urratsak egitean ez zuen lortu Euskal Herriko gatazka politikoarekin bukatzea. Alderantziz, 1975etik 1982ra urte gogorrak izan ziren, biolentzia askorekin: tortura barne. Grafikoei begiratzen bazaie, Euskal Memoria Institutuaren arabera 1975. urtea izan zen latzena 387 kasurekin, eta gero 1980. urtea 347 kasurekin. Tortura ez zen izan oinarrizko eskubideen urraketa bakarra, baina neurgailu hori hautatu genuen trantsizio-prozesu guztia aztertzeko. Intuizioz kontrako datu bat agertu zen, hala ere: kondenatuak izan ziren torturatzaile bakarrak garai horretan izan ziren kondenatuak. 1982. urtetik goiti, demokrazia bezala kontsideratua zelarik Espainiar Estatua, ez da kondenarik izan.

Euskal gatazkari loturiko oinarrizko eskubideen urraketa hau sistemikoa izan dela diozu.

Tortura Estatuak erabiltzen duen errepresio-tresna bat da. Ondorioz, sistema oso batek elikatzen du inpunitatea: torturaren praktikak, autoritateen eskutik, biktimen isiltasuna segurtatzen du. Ber gisan, torturak ez baitu beti marka fisikorik uzten, auzietarako frogak nekez ekartzen dira. Epai guttik arduradunak kondenatzen dituzte eta, gure kasuen erdian, zigorrak ez dituzte bururaino eramaten gobernu buruek agindurik: barkamenak aplikatuz. Horrek agintariei uzten die aukera torturaren errealitatea kukutzeko, deuseztatzeko eta tortura baliatzen segitzeko. Judizialki oztopo anitz baldin badira, politikoki borroka armatuaren testuinguruan autoritateek diskurtso bat zabaldu zuten tortura-salaketak faltsuak zirela erranez. Diskurtso hori oinarritzen zen “Manual de ETA” eskuizkribu batean, non agertzen zen tortura salatu beharko zela Espainiaren errepresioa salatzeko eta presondegitik ateratzeko. Argumentu bakar horrek ondorio nagusiak ukan zituen, auzietaraino eraman zelako eta salaketa batzuk argudio horregatik ez zirelako bururatu.

Zer da egin dena? Eta zer egin beharko litzatekeena?

Ikerketek ez dute helburu moralik; erran nahi baitu ez duela erakusten egina izan dena ongi eta gaizki den. Aldiz, helburua errealitate bat islatzea da gure kasuan; eta torturaren inpunitatea demokrazia-garaietan ere ez doa bat zuzenbide-estatuko arauekin. Horrek erakusten du oinarrizko eskubidea den torturaren aurkako garantia ez zela betetzen ikerketa honen denboran eta leku-esparruan.

Hori dena erran ondotik, ikerketak erakusten du Espainiar Estatuan egin zen trantsizio demokratikoa, maiz modelotzat hartua izan bazen ere, ez zela baketsua izan. Are gehiago, bortizkeria asko iragan ziren trantsizio-garaian (Sophie BABY) eta ondoren ere jarraitu dute. Bortizkeriak iraun zuen, beraz, trantsizioan, eta horrek baldintzatu zuen torturaren inpunitatearen jarraipena. Ber momentuan, Konstituzio berriaren prozesuak baztertu zituen Euskal Herriko arduradun politikoak. Integratzaile izan behar den prozesuak uko egin zion behar zuen helburuari Estatu bateratu bat aurrera eramateko, euskal gatazka bazter batean utziz. Lan honetan jokabide hori analizatzen da eta inpunitatearen zergati bezala ere aztertzen da.

Zeintzuk dira erronka nagusiak?

Torturaren inpunitateak lehen erronka nagusi bat du: biktimen errekonozimendua arduradun politikoen eskutik. Alde batetik, Espainiar Estatuak sekula egin ez duen aitortza biktimei ematea. Oroitarazten dugu Espainiar Estatuaren ardura dela, bere erakunde militar eta polizialek dutelako eragin, eta, sustut, zuzenbidearen ikuspuntutik pertsonen babesa behar duelako segurtatu. Ertzaintza ere kasuen arduraduna izan da eta Jaurlaritzak argitaratu duen txostenak, partez, aitortu ditu biktimak.

Estatuko Memoria Historikoaren Legeak (2007) ere bide bat eman zuen frankismo-garaiko biktimak errekonozitzeko, nahiz eta ez duen tortura izendatu. Orduan ez zen euskal gatazkari lotutako bortizkeriarik azpimarratzen, baina bai Euskal Autonomia Erkidegoan bai berantago Nafarroako Foru Erkidegoan dekretu bidez saiatu ziren biktima batzuen aitortza egiten. Batzorde bereziak sortuz, eta trantsiziotik haragoko markoetan, Euskal Autonomia Erkidegoak izendatu zituen kasu batzuk bortizkeria polizialari zuzenki lotuta. Prozesua oraindik ez bada bukatua, biktimen elkartzeak “Euskal Herriko Torturatuen Sarea”-ren bidez aurrerapauso bat ekar dezake. Sare horrek Euskal Herri osoko biktimen biltzea du helburu, torturatuen mapa berri bat irudikatzen ahalko luke Ipar Euskal Herriko biktima guziak kontuan hartuz. Isiltasunari ahotsa emanez, agian, Espainiar Estatuaren aitortza eta beste arduradun politikoen aitortza ekar dezake egiazko lan zintzo bat eramateko gatazkaren ondorioen inguruan biktimen ikuspuntutik eta oinarrizko eskubideen urraketen ikuspuntutik.

Txiotesian parte hartu zenuen baita Ikerl(h)ari bideopodcastean, Ikergazte kongresuan... ere. Zientzia dibulgazioari zer garrantzi ematen diozu?

Dibulgazio-lana ikertzaile guzien curriculumean helburu bat izan beharko litzateke. Alde batetik, ikerketaren prozesuan laguntzen duelako jendeekin gure hipotesiak partekatzea. Batzuetan indartzen badu gure lehenengo hipotesia, zalantzan eman dezake eta dudak sortu. Azken elementu hori, dudarena, ikertzaileon iparrorratza izan beharko litzateke gure ideiak eta arrazoinamenduak etengabe konfrontazioan jartzeko. Bestalde, jendarteari partekatzea ere bada jakintza herrikoia garatzea. Zientziak elikatzen gaitu, jendarte gisa, eta alde horretatik ez luke muga ekonomikorik edo estrukturalik izan behar; orduan gure ardura ere bada ahal bezainbat gure lanak zabaltzea eta partekatzea, konparazione, UEUk ematen dizkigun aukerak baliatuz.

Tesia aurkeztuta... Zeintzuk dira orain esku artean dituzun erronkak?

2023ko irailean aurkeztu nuen, jadanik denbora pasa dela erran dezakegu. Tesiaren argitalpena segurtatu nahiko nuke horrek dakarren lan guziarekin, nahiz eta sarean dohainik deskargatzen ahal den. Sinetsi nahi nuke paperak oraindik baduela bere garrantzia gure belaunaldientzat! Horrek ere lagunduko luke unibertsitate ezberdinetan zabaltzen. Buru xoko batean ere atxikitzen dut esperantza ikerketa honi segida bat emateko, baina oraindik ez dut deus formalizatu. Momentuz beste lanbide batean ari naiz. Ikerkuntzan den prekaritateak ez dio ematen doktoreari segurtasun ekonomikorik, orduan, geroak erranen...!



UEUREN EGITASMO HAUETAN ERE PARTE HARTU DU

ikerl(h)ari bideopodcasta. Etxetik mundura (2024)

Akademiatik plazara. UEUfesta Baiona (2022)

III. Ikergazte kongresua. Nazioarteko ikerketa euskaraz. (2019)

Jakintza-arloak