Onintza Etxebeste Liras: "Arteak eta artistek euskal identitate esentzialaren ilusioa nola konposatu, irauli eta mugiarazi duten erakutsi nahi izan da"

2023ko abenduaren 5a

Onintza Etxebeste Liras: "Arteak eta artistek euskal identitate esentzialaren ilusioa nola konposatu, irauli eta mugiarazi duten erakutsi nahi izan da"

Meta-nortasunak. Euskal arte garaikidearen ahalmenak liburua argitaratu berri du Onintza Etxebeste Lirasek (Iruñea, 1993) UEUrekin. Artean doktorea da bera eta ikertzaile-, irakasle- eta artista-jardueren artean, tokiko identitate kulturalari lotutako proposamenetan oinarritzen da haren ibilbidea. Liburuaz hitz egiteko izan gara berarekin.

Asko dira euskal identitatearen inguruan sortu diren definizioak. Zergatik?

Nortasunaren nozioa ez dago testuingurutik at, kokatutako eta posizionatutako definizioetatik kanpo ez dagoen bezala. Ideia gisa beti ari da aldatzen, eraikitzen eta deseraikitzen, eta definizio horien guztien arteko tentsioan osatzen doala esan daiteke. Tartean, badago kolektiboki miresten dugun identitatearen ideia bat, proiekzio substantzialago bat, iruditeria sinboliko bat konfiguratzen lagundu duena, eta horretan jarri nahi izan da fokua. Izan ere, euskal identitatearen kasuan, gure herriari loturiko gertakari sozial, politiko eta kulturalak direla medio, kultur ondareari loturiko ekarpenek badute erromantizismo kutsu bat, eta badago irudi esentzial eta iragankor bat goraipatzeko joera. Identitatearen erreferentzia kolektiboak estatiko bilakatu daitezke orduan. Kulturaren eta nortasunaren eraikuntza ezegonkorra eta, beraz, guztiz performatiboa ere badela azpimarratu nahi izan du lanak.

Identitate horren birdefinizioan artea txertatu nahi izan duzu. Begirada berria eskaintzen dio?

Gurean egin den arteak interes berezia izan du nortasunaren kontzepzio, konnotazio eta balio sinboliko horiek lengoaia plastikotik lantzearekin. Zentzu horretan, artea esentzialismo hori taxutzeko gai izan da, baina baita nortasuna kategorietatik askatu eta hari loturiko ideiak jokoan jartzeko ere. Begirada berria hor legoke, nortasunaren ikuspegia meta- edota haratago eraman dutenetan. Eta, liburuan artea ardatz nagusia bada ere, harekin nahasten dira euskal paisaia kulturalaren ikuspegia “garaikidetu” duten praktikak, adibidez, ondarearen edota kontsumigarri egin diren eszenen esanahien ekoizpenarena. Horien arteko loturek eta oihartzunek eramaten dute testua eta, bidean, sorkuntzak identitateari nola begiratu dioten ematen da aditzera.

Euskal identitatea performatzeko konpromisoa hartu duten arte-prozeduretan jarri duzu fokua. Zeintzuetan?

Proposamen artistiko batzuk aipatzen dira, ez denak. Euskal artearen erreferentzia Euskal Eskolako abstrakzio modernoetan eteten da batzuetan, baina badago gaiaren lanketari eta kontzeptualizazioari begira eman den trantsizio bat. Ikur batzuk mantentzen dira eta beste batzuk errefusatu dira, kritikara eraman dira. Horrela, batik bat, identitatearen alderdi performatibo horretan eragin duten proposamen artistikoetan jartzen da arreta, eta hautatu dira lan batzuk, kultur nortasunaren nozioa zuzenean edota zeharka gaurkotzen dutenak; Ibon Aranberri, Itziar Okariz, Asier Mendizabal, Iñaki Garmendia, Iratxe Jaio eta Klass van Gorkum, Miriam Isasi, Sra. Polaroiska, Usue Arrieta edota Nader Koochakirenak, besteak beste. Ikurrak mantendu, eraberritu edota irauli dituzten proposamenetatik abiatuta, liburuan zehar modu intuitiboan artikulatzen dira material, egoera, kontzeptu eta artelanak. Horien arteko bitartekari-lana izan da.

Zer lotura daude artearen eta euskal nortasunaren artean? Zer erakutsi du lanak?

Artea identitatearen nozioa espekulazioaren eremura eraman duen ardatz bat izan den bezala, asmo nagusia euskal nortasuna ikusmolde berrietara eramateko gogo eta ahalmen hori azpimarratzea izan da. Ideia desberdinak kontrajartzen dira horretarako, identitatearen eraikuntzaren alderdi esentzialenetik operatiboenera desplazatzen gaituztenak. Era berean, azpiegituraren ideia hartzen da identitatea itxi duten muntadura horiek ikusgarri egiteko, eta artisten “ardura hartzea” esanahiak eraberritzeko ahaleginarekin. Azken batean, arteak eta artistek euskal identitate esentzialaren ilusioa nola konposatu, irauli eta mugiarazi duten erakutsi nahi izan da. Horien haritik, artelanen artean interpretatu diren loturak kartografiatzen, esplizitatzen eta haratago eramaten saiatu naiz.

Irudiekin lagundu duzu ibilbidea. Zergatik?

Idatzia sortzerakoan sortu dira konposizioak, landa-koaderno baten gisan. Egindako ibilbidearen eta proposamenen arteko loturak, geruzak, jasotzen saiatu naiz. Artearen lengoaia txertatu nahi nuen idatziarekin batera eta, zentzu horretan, ideiak harremanetan jartzen lagundu duen prozedura izan da collagearena. Praktika propiotik ikusita, nahigabean jotzen dut tresna hauetara. Dimentsio gehiago emate dute, meta- edo haratago hartara gerturatzen dira. Identitatearekin, artearekin eta kontzeptuekin jolastea izan da oinarri, eta horrekin iruditeriaren erreferentzia berri bat sortu da, interpretazio gehiago ireki ditzakeen kartografia bat.

Nori zuzenduta dago?

Euskal artearen inguruko interesa duen eta, orokorrean, kultur identitatera gerturatu nahi duen pertsona orori zuzenduta legoke. Bitartekari nagusia da artea, baina hori nahasten da beste arlo batzuekin ere, soziologia, antropologia eta historiarekin, adibidez. Uste dut saiakerak begiradak ireki ditzakeela, eta baita eztabaidak ere, ausarta da zentzu horretan. Hartara gonbidatzen da irakurlea, hala nola azpiegituraz kargu hartzera, eta, gure iruditeriaren erreferentziak bere horretan erreproduzitzera baino areago, identitatea bestelako lengoaietatik birpentsatzeko tentsioan kokatzera. Horrela, interesgarria izan daiteke arlo desberdinetan dauden pertsonentzat, artean, hezkuntzan edota giza eta gizarte-zientzietan diharduen edonorentzat.

Zer da liburuarekin lortu nahi duzuna?

Alde batetik, artearen lengoaiak ikerketa kulturalekin duen lotura estua ekarri nahi izan dut euskal testuingurura eta bereziki nortasunaren aferara. Gai eztabaidatsua da identitaterena, eta zentzu horretan lanak ez du erantzun zehatzik ematen, ez du ezer “frogatzen”, baina badu ikonoklasta den keinu bat, espekulaziorako jarrera bat, erreferente-markoak birpentsatzera gonbidatu nahi duena eta, era berean, arteak hor izan duen eta izan dezakeen erantzukizuna mahaigaineratzen duena. Artea beste esparru batzuetara gerturatzea eta ikerketan izan dezakeen papera balioan jartzeko ariketa esanguratsua ere izan da niretzat. Horrekin bat dator landa-koadernoa, eremuak nahasteko eta ezagutza modu berriak proposatzeko saiakera dena.

Jakintza-arloak