Olaia Eizagirre Sagastibeltza: "Kanpaina bat emakumeei bideratzea ez da genero-perspektiba txertatzearen adierazle"
2023ko abenduaren 7a

"Kirol-kanpainetan genero-ikuspegia ebaluatzeko adierazleen proposamena" ikerketaz idatzi du Olaia Eizagirre Sagastibeltzak (Arbizu, 1996) Uztaro aldizkariaren 127. zenbakian. Lehen Hezkuntzako Irakasle Gradua (Heziketa Fisikoko aipamenarekin) egin zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Jarduera Fisikoa eta Kirolaren Zientzien Masterra (EHUn) du eta gaur egun, Jarduera Fisikoa eta Kirolaren Doktorego programan ari da. Tesiaren gai orokorra Gipuzkoako emakumeek jarduera fisiko eta kirola egiteko dituzten arrazoi eta oztopoen azterketa da, batez ere landa-eremuko emakumeetan sakonduz.
Genero-rolek eta -estereotipoek emakume eta gizonen kiroleko parte-hartzean eragiten dutela diote datuek. Zenbateraino?
Lehenik eta behin kontuan hartu behar da jarduera fisiko eta kirolaren mundua nagusiki tradizio maskulinokoa dela. Beraz, genero-estereotipoak kontuan hartzen baditugu, jarduera fisiko eta kirol horietan maskulinitatearekin lotutako jarrerak adieraztea espero da, adibidez, indarra, agresibitatea edo lehiakortasuna.
Emakumeengandik genero-estereotipoen arabera, sentikortasuna, goxotasuna edota pasibotasuna bezalako jarrerak adieraztea da gizartetik espero dena; beraz, tradizio maskulinoa duten jarduera fisikoa eta kirola egin izan duten eta egiten duten emakumeek genero-rolekiko disidentzia adierazten dute, haiengandik espero ez diren jarrerak agertzeagatik. Hori dela eta, emakume askok tradizio maskulinoko jarduera fisiko eta kirolak etsai-giroko eremutzat dituzte eta horietan parte hartzea errefusatzen dute.
Azkenik, aipatzekoa da badirela jarduera fisiko eta kirolaren arloan tradizionalki femeninotzat kontsideratu diren jarduerak, esate baterako, gimnastika erritmikoa eta artistikoa, igeriketa sinkronizatua, patinaje artistikoa edota askotariko dantzak. Jarduera horiek ez dute maskulinotasunarekin lotutako jarrerak adieraztea eskatzen, aitzitik, femeninotasunarekin lotutako alderdiak adieraztea da balioan jartzen dena zenbait jarrera nagusituz, hala nola edertasuna, fintasuna edo leuntasuna. Hori dela eta, asko dira jarduera horietan aritzea nahiago duten emakumeak, bertan leku segurua topatu ohi dutelako.
Emakumeei zuzendutako kirol-kanpainetan jarri duzu fokua. Zeintzuetan?
Uztaron argitaratutako lanean emakumeei zuzendutako kirol-kanpainak aztertu dituzten lanak hartu ditugu kontuan. Inklusio-irizpideak honakoak izan ziren: emakumeei soilik zuzendutako programak izatea, programaren helburua emakumeak ahalduntzea edo emakumeak erdigunean izatea, genero-ikuspegia aldagai eta adierazleetan txertatzea eta kanpainaren inguruko dokumentu publiko eta eskuragarriak izatea.
Kanpaina horiek genero-ikuspegia txertatzeko darabiltzaten adierazleak identifikatu dituzu. Zeintzuk dira?
Kanpainak aztertu diren lanetan oinarrituta, kanpaina batek genero-ikuspegia txertatu duen jakiteko 69 adierazle identifikatu ditugu. Horien artean, hartzaileen interes eta beharrak kontuan hartzen diren, adibidez, hartzaileen adin-tartera, bizitokira edo egoera sozioekonomikora egokitu den eskaintza; eskainitako baliabideak egokiak diren, adibidez, kalitatezko espazioak eskaini diren edo baliabideak hartzaileentzat ekonomikoki eskuragarriak diren; hizkuntzan, ikonografian, esloganetan sexismoa erabiltzen den, adibidez, sinesgarriak eta errealak diren proposatzen diren egoerak edo irudi eta gorputzak estereotipatuak diren; bultzatzen diren balioak egokiak diren, adibidez, pertsonen autonomia edo mendekotasuna sustatzen den; edota publizitatea egiten den modua egokia den, adibidez, erabili diren komunikabideak hartzaileentzat irisgarriak diren.
Eta zeintzuk dira akats edo hutsune nagusiak?
Aurretik aipatutako adierazleak kontuan hartuz, hona hemen emakumeei zuzendutako kirol-kanpainetan identifikatu daitezkeen hutsuneen adibide batzuk: kirol edo jarduera fisikoak proposatzerakoan heldu nahi den emakume taldeak dituen interes eta beharrak kontuan ez hartzea; gizonekin partekatutako espazioetan soberan dauden edo kaxkarrenak diren espazio eta ordutegiak esleitzea emakumeei; zabaltzen diren mezuetan sexismoa eta inklusibitaterik eza adieraztea; edo erabiltzen diren irudietan gorputz mota eta kolore estereotipatuak erabiltzea (emakume argalak, zuriak, gazteak eta arrosa tonuko arropekin jantziak).
Kanpainetan genero-perspektiba txertatu den aztertzeko ebaluazio-tresna sortu duzu. Zertan datza?
Literaturaren berrikuspen narratiboaren ondoren, emakumeei zuzendutako kirol-kanpainetan genero-perspektiba txertatzeko kontuan izan behar diren adierazleak identifikatu ditugu, honako zazpi dimentsio hauetan banatutako tresna-proposamena osatuz: Kanpainaren ezaugarriak (hartzaileak, jardueren ezaugarriak eta eskainitako baliabideak), Helburuak (asmoa, ezaugarriak), Sexismoa hizkuntzan (diskurtsoak, oztopoak, terminoak, bazterkeria), Sexismoa ikonografian (gorputz motak, argiaren erabilera, irudi estereotipatuak, protagonismoa, planoak, soinuak —ikus-entzunezko baliabideak erabiliz gero—), Sexismoa esloganetan, Bultzatzen diren balioak eta Publizitatea egiteko modua.
Tresna honen helburua, beraz, jarduera fisiko eta kirolaren sustapen-kanpainetan genero-perspektiba txertatzeko kontuan izan beharreko alderdiak identifikatuta izateko bide-orritzat funtzionatzea da.
Beraz, argi dago eta garrantzitsua da azpimarratzea kanpaina bat emakumeei bideratzea ez dela genero-perspektiba txertatzearen adierazle, horrek ez baitu zertan sexismotik, maskulinitate hegemonikoaren erreprodukziotik edota bazterkeriatik salbuesten.
Emakumeentzat diseinatutako kirol-kanpainen beharra dagoela erakutsi dute emaitzek. Nondik hasi? Zein da jomuga?
Datuek erakutsi dute emakumeen artean askok ez dutela behar beste jarduera fisiko eta kirol egiten haien aisialdian; eta horren atzean dauden arrazoiak askotarikoak badira ere, garrantzitsua da generoak horietako asko gurutzatzen dituela aipatzea, esaterako: zaintza-lanen ardura, jarduera fisiko eta kirolen tradizio maskulinoa, maskulinotasun toxikoaren adierazpenak zein genero-roletara mugatzeko edota kanon estetikoekin bat egiteko presioa.
Horregatik, jarduera fisikoa eta kirola sustatzera bideratutako kanpainak emakumeak haien aisialdian egiten hasteko edo gehiago egiteko baliagarriak izan daitezke. Horretarako, ezinbestekoa izango da kanpainaren helburu nagusien artean emakumeen aktibazioa kokatzea eta, noski, genero-ikuspegitik diseinatu eta garatzea.
Gipuzkoan, egon dira eta badaude kanpaina batzuk martxan, horietan artean Emakumea Pilotari eta Emakumea Surflari, emakumeek jarduera fisikoa beste era batean egitea ahalbidetzen dutenak.
Uztaro aldizkarian argitaratu dituzu ikerketaren emaitzak. Garrantzitsuak dira horrelako plataformak?
Bai, oso. Gaur egungo ikerketa-sistemak ingelesez argitaratzera bultzatzen gaitu, eta, halakorik ezean, gaztelaniaz. Inpaktu eta hedapen handiko aldizkarietan argitaratzeko nahi edo beharraren gurpilean sartuta, batzuetan ahaztu egiten zaigu burutzen ditugun ikerketa askok euskara eta euskal komunitatea dutela oinarri eta, guk ere, euskaraz egiten dugula lan. Horregatik, uste dut garrantzitsua dela Uztaro bezalako aldizkariak balioestea eta gure ikerketa aletxoa jartzea.