Olaia Egurrola Arrizabalaga: "Software libreak bultzatzen dituen balioak hezkuntza publikoan indartu beharko lirateke"
2024ko apirilaren 25a
"Mooteu Euskadi 2024. Moodle Erabiltzaileen XVI. Topaketa" egingo da ostiralean Eibarren, aurten UEUk antolatuta. Bertan izango da hizlari Olaia Egurrola Arrizabalaga (Berriatua, 1979). Ingeniaritza Informatikoan graduatua da (Deustuko Unibertsitatea) eta gaur egun Eibarko Berritzegunean eta Berritzegune Nagusian egiten du lan, bereziki hezkuntzaren berrikuntzan. Berarekin izan gara.
Zer da hezkuntzaren berrikuntza?
Nire iritziz, hezkuntzaren berrikuntzak lotura du ikasleen beharrei erantzuteko egiten diren aldaketa edo berrikuntzekin. Hau da, ikasgeletan erabiltzen diren metodologiekin, irakasleen rolekin, bai eta ikasleenekin ere. Azken urteetan gure errealitatea azkar aldatzen ari da, eta bada denbora bat ikastetxeetan beste era batera jokatu behar dela ohartu garela. Errealitatera eta etorkizunera gure ikasleak ahalik eta egokien integratzeko egiten diren aldaketa oro dela esango nuke.
Berritzegune Nagusian egiten duzu lan. Zergatik interes hori prestakuntzan eta hezkuntzaren berrikuntzan?
Hezkuntzaren berrikuntzan aurrepausoak emateko, nonbaitetik hasi beharra dago. Ikastetxeei aholkularitza ematen saiatzen gara Berritzegunetik. Berrikuntzan lagundu ahal izateko, giza baliabideak beharrezkoak dira ikerketak, probak eta ikastetxeetan aurrera eramateko moduko estrategiak, teknikak, metodologiak eta abar aztertzeko. Lan horretan nabil besteak beste, arestian esandako laguntza edo aholkularitza hori zabaltzeko asmoz.
IRADI proiektuan ari zara lanean, zertan datza?
Hezkuntza Sailak ikastetxe publikoei eskainiko dien software librean oinarritutako online ikasketa plataforma bat da. Bertan, hezkuntza-jarduerarako oinarrizko aplikazioak ditugu eta programa eta datu horiek guztiak Eusko Jaurlaritzako zerbitzarietan kokatzen dira. Proiektu horren helburuak ikastetxeen alfabetatze digital integralean aurrera egitea eta digitalizazio etiko eta arduratsu baten alde egitea dira; bereziki babestu beharreko datuen segurtasuna bermatuz.
Datuen babesa gai zabala bezain garrantzitsua da, batez ere adinez nagusiak ez direnekin lanean ari zarenean. Gai delikatu honen aurrean, sarean lan egiten dugunean oso tentuz ibili beharrean gaude zenbait datu non, zertarako, nola... gordetzen eta erabiltzen ditugun.
Zergatik egiten duzue apustua software librean oinarritutako ikaskuntzan?
Tresnen osagarritasunaren eta ikastetxeen autonomiaren printzipioa errespetatzeaz gain, uste dut software libreak bultzatzen dituen balioak (hezitzailea, euskara babestu, segurtasuna eta pribatutasuna bermatu, lankidetza sustatu...) hezkuntza publikoan indartu beharko liratekeela, eta horregatik egiten dugu apustu teknologia horren alde.
Nola laguntzen die ikasleei eta irakasleei Moodle plataformak?
Moodle plataformak, software librean oinarrituta egonik, aurretik aipaturiko ezaugarriak betetzen ditu. Horrez gain, honako hau ere eskaintzen digu bai ikasleei zein irakasleei: urrutiko ikas-irakaskuntza prozesuetan laguntzen digu, askotariko hezkuntza-baliabideak partekatzeko aukera ematen digu, elkarlanean aritzea ahalbidetzen du, bai eta ikaskuntza pertsonalizatzea ere, aniztasuna kontuan hartuz. Irakasleoi ebaluaziorako laguntza ederra eskaintzen digu, uneko atzera elikadura baliatuz, besteak beste.