Mooteu Euskadi 2024. Moodle Erabiltzaileen XVI. Topaketa.

Data: 2024ko apirilaren 26a (Ostirala)
Ordutegia: 9:00-16:30
Izaera: Presentziala
Ordu kopurua: 10
Matrikula-epearen hasiera: 2024ko martxoaren 15a
Matrikula-epearen bukaera: 2024ko apirilaren 24a

Aurkezpena

Moodlemoot Euskadi jardunaldiaren lehen edizioa 2007an izan zenetik hona, etengabe hazi da Moodle izeneko Ikaskuntza kudeatzeko Sistemaren (IKS) erabilera. Une honetan, baina, e-learningak, eta horrekin batera ikasteko plataforma telematikoek, teknologiaren nahiz metodologiaren ikuspuntutik, ziurgabetasunik gabeko garapena izango dute zeren bide hori baldintza dezaketen aldagaiak hainbat dira. Besteak beste, adimen artifiziala dugu, baina ez hori bakarrik. Jakin badakigu ikasteko moldeen arteko aldeak lausotzen ari direla, eta halaber, ikasgela hedatuak (HyFlex) gora doazela. Gainera, ikasteko eta irakasteko ekosistemek ikuspuntu globalago batetik erantzungo diete hezkuntza-premiei, eta horietan Moodle ere birkokatu beharko da.

Horregatik, #mooteu24 jardunaldi honetan hainbat gai jorratu nahi ditugu. Alde batetik, etorkizunari begira jarriko gara adimen artifiziala bezalako teknologiek zer eman dezaketen aztertu nahian. Lehenago, ordea, iragana izango dugu hizpide, hiru alderdi lotzen saiatzeko: azken urteotako Moodleren garapena; tresna bera hobetzen, zabaltzen eta itzultzen lagundu duten Euskal Herriko pertsonak eta proiektuak, eta aurreko biak e-learningaren historiako zein alditan kokatu diren.

Jakina, oraina ere izango da aztergai, eta horrela, Moodle erdigunean dituzten proiektuak eta egitasmoak aurkeztuko dira, bai eta horien garapenean suertatzen diren zailtasun teknikoei erantzun ahal izateko laguntza eskaini ere.

> Ikusi hemen jardunaldiaren aurkezpen agerraldia.

Irakasleak

Jakintza-arloak