Oihana Garro Larrañaga: "Arte Ederren Fakultatean etengabe hitz egiten dugu arteaz, artisten lanaz… eta aipatzen diren praktikak ahots singularretik modu sakonean ezagutzea inportantea da"
2025ko urtarrilaren 14a

Begiekin Aditu Nazazu liburua argitaratu berri dute UEUrekin Concepción Elorza Ibáñez de Gaunak eta Oihana Garro Larrañagak (Arrasate,1979). Liburua, EHUko Arte Ederren Fakultatean 2008-2018 urteen bitartean antolatu ziren hainbat hitzaldi eta lantegitan aurkeztutako esperientzien jarraipena da. Liburuaz gehiago jakiteko izan gara Garrorekin.
Begiekin Aditu Nazazu liburua argitaratu berri duzue. Nola sortu da ideia?
Hamar urtetan, 2008tik 2018ra, Arte Ederren Fakultatean Kontxa Elorza eta biok, irakasleak gu, “Begiekin Aditu Nazazu” deituriko hitzaldi eta lantegiak antolatu genituen. Egitasmo horren bitartez, urtean bitan Arte Ederren Fakultatera artistak edo arte-munduko eragileak etortzen ziren bertako ikasle eta irakasleoi eskarmentu praktikoari buruz lehengo pertsonan hitz egitera. Saioetan elkar ezagutzeko aukera izaten genuen; ikasleak artistari zuzenean galderak egiteko aukera izaten zuen, arte-praktikan modu profesionalean lanean ari diren pertsonak ezagutzeko aukera. Nolabait Arte Ederren eremurako, Fakultatetik kanpo gertatzen denaren ezagutza bultzatzea garrantzitsua da, arte-ikaskuntza akademikoa artearen bestelako esparruekin uztartzea.
Arrazoi ezberdinengatik hitzaldi eta lantegiak antolatzeari utzi genion, baina urte horietan hitzaldi eta lantegietan gertatutakoa biltzea interesgarria izan zitekeela pentsatu genuen, emandako jakintza horrek nolabait jarraibidea izan zezan, erabat gal ez zedin. Hortxe dago liburuaren abiapuntua.
Artista horietatik guztietatik hamar ekarri dituzue liburura. Zeintzuk?
Bai, artista guztietatik 10 aukeratu ditugu, 8 artista eta bi talde. Manu Arregui, Rogelio López Cuenca, Esther Ferrer, Dora Garcia, Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum, Sra. Polaroinska (Alaitz Arenzaga eta Maria Ibarretxe), Txuspo Poyo eta María Ruido dira aukeratuak. Baina liburuaren kontrazalean hitzaldi eta lantegietako parte-hartzaile guzti-guztien aipamena egin dugu, garrantzitsua iruditzen zaigu-eta arrazoi ezberdinengatik egindako 10 artisten aukeraketa hau zabalagoa izan zen egoera baten pusketa bat dela adieraztea, egoera zabal horren erakusle dena, bai, baina era berean, den-dena jasotzen ez duena.
Bakoitzaren proiektu jakin bat hartu eta galdera zehatzak egin dizkiezue. Zer da lortu nahi izan duzuena?
Esan bezala, hitzaldi eta lantegiak liburura pasatzeko, itzulpen-lan bat egin behar genuen, irentsezina izango litzateke-eta hitzaldiak hitzez hitz testuetara pasatzea. Itzulpena egiteko, formula berri bat asmatu genuen, liburu-formatuan pentsatu behar izan genuen. Alde batetik, aukeratutako 10 artistei galdera batzuk egin genizkien eta galderak moldatzeko, erantzunaren luzapen eta tonua aukeratzeko, momenturen batean ez erantzuteko… aukera izan dute une oro, elkarrizketa itxi bat baino zerbait irekiagoa egin nahi izan dugulako. Era berean, elkarrizketekin batera Arte Ederretako ikasle zehatz bati eskutitz bat idazteko ere eskatu genien (horrek dituen zailtasunak zailtasun). Badakigu konplexua dela saiakera hau, baina emaitzarekin eskertuta gaude, idatzi diren zenbait eskutitz oso dokumentu baliagarriak iruditzen zaizkigu eta.
Beste alde batetik, lehen aipatu dudan bezala, artistei beren lan guztietatik proiektu bakar batean fokuratzea eskatu genien. Ezinbesteko iruditzen zaigulako xehetasunaren ezagutza hau Arte Ederretako ikaslearentzat, orokortasunetik konkretura salto egitea eta horretarako arte-proiektu bakar baten ibilbidea, hastapenetatik bukaerako munduratzeraino, jasotzen saiatzea. Jakinik, noski, kasu askotan, proiektu ezberdinen ibilbideek elkar gurutzatzen dutela, eta bakantasuna, gehienetan, konpainian agertzen dela.
Garrantzitsua da artistei berei ahotsa ematea?
Bai, Arte Ederren Fakultatean etengabe hitz egiten dugu arteaz, artisten lanaz… eta aipatzen diren praktikak ahots singularretik modu sakonean ezagutzea inportantea dela deritzogu, irakaslea edo liburua izan litekeen zeharkako bitartekaririk gabe. Lehenengo pertsonan kontatzen direnei balio ematen diegu, arte-egoera erreal ezberdinekiko irekiera-momentuak dira hauek, eta irekierak beti, horrela uste dugu, jakintza bideratzen du.
Nori dago zuzenduta?
Batik bat, Arte Ederretako ikasleari. Hitzaldietara edo lantegietara joan ezin izan zenari, hitzaldiak lausotuta gogoratzen dituen ikasle ohiari, klaseetan lan konkretu baten inguruan euskaraz irakurri nahi duenari… eta baita ere, irakasleoi, proiektu zehatz baten inguruko informazioa euskaraz eta artistaren ahotsetik idatzia aurkitu dezagun.
Nabarmentzeko zerbait?
Gogoan dudan momentu gogoangarri bat Elena Asins-en bila Kontxa eta biok Azpirotzera egin genuen bidaia da, haren lana lekuan bertan ezagutzeko izan genuen aukera, bi mikro-sistemek (gurea eta Elena Asinsena) elkarrekin topo egiteko izan zuten abagunea. Begiekin Aditu Nazazu liburuak, ikus dezakegunaz gain, ikus ezin dezakegun asko ere biltzen du. Kalitatezko hartu-eman asko egon dira bidean, giza kalitate handiko testuinguruan lan egin dugu eta horregatik elkarrizketa bukatzeko, bai parte-hartzaile artista/autore guztiei eta baita UEUko lantaldeari ere, eskerrik zintzoenak eman nahi dizkiegu.