Nora Olañeta Jainaga: "Moodle bezalako tresna digitalek irakaskuntza-prozesua egituratu, erraztu eta kudeatzen laguntzen digute"

2023ko abenduaren 11a

Nora Olañeta Jainaga: "Moodle bezalako tresna digitalek irakaskuntza-prozesua egituratu, erraztu eta kudeatzen laguntzen digute"

Nora Olañeta Jainaga (Eibar, 1973) Informatikan lizentziatua da eta UEUk eskainitako Ikastaronline ikas-ibilbidean parte hartu zuen. Berarekin izan gara gaiaren inguruan hitz egiteko.

Hezkuntzarako online ikastaroak sortzeko gaitasuna trebatzeko Ikastaronline ikas-ibilbidean parte hartu zenuen. Zergatik eman zenuen izena?

Moodlemoot Euskadi 2022 jardunaldira joan ginen BIRTLHko kide batzuk eta bertan izan genuen ikastaroaren berri. Izena ematea interesgarria izan zitekeela iruditu zitzaigun. Gure zentroan hezkuntza arautuko Lanbide Heziketako zikloak online ikaskuntza-modalitatean eskaintzen ditugu eta aukera ona iruditu zitzaigun UEUk duen ikuspegia ezagutzea, gurera ekarpenak egin ahal izateko; bai egitura didaktikoaren ikuspuntutik, bai Moodle inguruneko erreminten erabileraren ikuspuntutik, eta batez ere, portfolioen erabileraren ikuspuntutik. Azken horren inguruan hausnarketa bat egiten ari ginen dagoeneko eta, ikastaroak Moodle eta Mahararen arteko elkarreragina ezagutzeko aukera eskaintzen zuen.

Baliabide eta erreminta desberdinetan trebatu zarete: Moodle, Mahara...

Bai. Online ikastaro bat sortzeko orduan egitura didaktikoa planifikatzeak duen garrantzia aztertu dugu ikastaroaren hasieran. Moodle eta Mahara inguruneek eskaintzen dizkiguten baliabide eta jarduerak nola erabili, frogatu eta egitura horretan non kokatu ditzakegun erabakitzen ikasi dugu: edukiak sortu eta edukiak lantzeko baliabideak, komunikazioa sustatzekoak, ikasprozesu kolaboratiboak sustatzekoak, eztabaida eta hausnarketa sustatzekoak, motibazioa lortzera bideratutakoak (dominak), ebaluaziora eta kalifikaziora bideratutakoak... Garbi izan behar dugu nori zuzendua den ikastaroa, zer egin eta nola lortu nahi dugun, baliabide egokiak aukeratu eta ikastaroa ondo diseinatzeko.

Ibilbidearen bukaeran proiektu bat egin behar izan duzue. Zer da landu duzuna?

Datozen oposizioetara begira baliagarri izen zitekeelakoan, LOMLOE legeko DBH 4. mailako curriculuma aintzat hartuta, Digitalizazioa arloko 2. gaitasun espezifikoa (“Ikasteko ingurune pertsonala (PLE) konfiguratzea, elkarreraginez eta esparru digitaleko baliabideak baliatuz, etengabeko ikaskuntza optimizatzeko eta kudeatzeko) lantzeko ikastaro bat diseinatu dut. Eta zuk, nola ikasten duzu?” izendatu dut.

Erronketan oinarritutako ikaskuntza-metodologia erabili dut, eta erronka diseinatzeko Lanbide Heziketan erabiltzen den Ethazi ereduari jarraitu diot. Erronka errazteko online saio sinkronoak zein asinkronoak diseinatu ditut. Helburua ikasleak aktiboki elkarrekintzan jartzea da, Moodle ikas-inguruneak eskaintzen dituen baliabideak erabiliz.

Zer da ikastaroak egin dizun ekarpena?

Hasieran aipatu dudan bezala, portfolioen gaia zen, batez ere, aztertu nahi nuena; Moodle eta Mahararen integrazioa portfolio digitalak kudeatzeko. Integrazio horrek eskaintzen dituen aukerak ikusi eta praktikan jarri ditugu. Oso interesgarria iruditu zait Mahara, ikasi eta irakasteko espazio osagarri bezala. Portfolio digitalak ikaskuntza-ebidentziak jasotzeko erabiltzeko aukeraz gain, Maharak blog-funtzionalitatea ere badu, ikasprozesuaren egunerokoa idazteko aukera zabalduz, eta, gainera, sare sozial gisa, parte hartzen duten hezkuntza-komunitateko kide guztiekin harremanak sortzen laguntzen die ikasleei. Erabilera ondo aztertu beharrekoa bada ere, aukera polita zabaltzen dela iruditu zait, Moodle ikaskuntzaren alderdi formal eta egituratu gisa eta Mahara alderdi sozial eta hausnarketarako gisa erabiliz.

Bogan dagoen gaia da online irakaskuntzarena. Hartan trebatzea beharrezkoa ikusten duzu?

Azken urteetan bizi izan dugun ezohiko egoerak areagotu egin du, itxuraz, lehenagotik ikusten zen behar bat: irakasleok gaitasun digitalak hobetu behar ditugula eta, testuinguruaren arabera, ikasteko eta irakasteko prozesua egokitzen jakin behar dugula. Aurrez aurreko saioak eman ezin izanak, fokua, online irakaskuntzan jarri du. Eta hor mundu zabal bat zabaltzen zaigu: online ikastaro mentorizatuak, autoikaskuntzarakoak, online saio asinkronoak, online saio sinkronoak, online saioak eta aurrez aurrekoak bateratzen dituenak, etab.

Moodle bezalako tresna digitalek irakaskuntza-prozesua egituratu, erraztu eta kudeatzen laguntzen digute. Baina ez online formaturako bakarrik... Aurrez aurreko saioak ere teknologia digitalak baliatuz eraman ditzakegu aurrera. Horregatik beharrezkoa ikusten dut: tresna digitalak ezagutu eta haien erabilera kritikoa egiteko trebatzea, online zein aurrez aurreko ikasteko eta irakasteko prozesuaren ezaugarriak bereizteko trebatzea, eta tresna horiek testuinguruaren arabera egokitzen jakiteko trebatzea.

Nolako esperientzia izan da ibilbide hau egitea?

Online ikastaroak sortzeko gaitasuna landu dugu online ikastaro batean parte hartuz. Esperientzia hori, eta aurreko puntuari lotura eginez, oso baliagarria ikusten dut ikasle-roletik bizi izana; irakaskuntza-eredu horren ezaugarriak “sufritzen” dituzulako (eskerrik asko irakasleei izandako pazientziagatik!) eta ikastaroak diseinatzeko orduan bestela kontuan izango ez zenituzkeen ezaugarrietan erreparatzen laguntzen dizulako. Asmatzea lortzen duzun edo ez, beste kontu bat da, ordea 😅.

Ibilbidea arlo eta esperientzia desberdinetako irakasleen multzo batek partekatu dugu eta aberasgarria izan da ikustea nola, tresna berberak erabiliz, forma eta egiteko era desberdinak sortu ditugun.

Jakintza-arloak