Miren Telleria Zufiaur: "Errespetuzko ziberbizikidetza sustatzeko trebetasunak garatuko ditugu ikastaroan"
2024ko urriaren 11a
"Sare sozialetan heziz, ziberbizikidetza eraikiz" ikastaroa emango du UEUrekin Miren Telleria Zufiaur (Gasteiz, 2002) psikologoak. Harekin izan gara ikastaroaz hitz egiteko.
Sare sozialak eta gazteak. Pil-pilean dagoen gaia da.
Nola ez da izango pil-pilean dagoen gaia, hain urte gutxitan hainbesteko zabalpena izan badu eta jendearengan (eta bereziki gazteengan) harremanak izateko erak erabat hankaz gora jarri baditu?
Plataforma hauek izugarrizko eragina dute nerabeen bizitzan, positiboa zein negatiboa. Alde batetik, sare sozialek aukera ematen diete gazteei gai globaletan konektatzeko, ikasteko, adierazteko eta aktiboki parte hartzeko. Horrek sormena eta interakzio soziala bultza ditzake, eta zentzu horretan, tresna ahaltsuak dira lankidetzan aritzeko, harremanak zaintzeko eta gizarte-mugimenduetan parte hartzeko.
Hala ere, erronka garrantzitsuak ere badaude. Eduki desegokiak eskuratzeak, ziberjazarpenak, irudi perfektua izateko presioak eta sareak gehiegi erabiltzeak eragin negatiboa izan dezakete gazteen osasun mentalean eta emozionalean. Asko dira haien irudiagatik kezka neurrigabea duten gazteak, sare sozialetan ezartzen diren kanon estetikoak direla medio.
Horrekin lotuta, ni bereziki kezkatzen nauen gaia da, nola azkenaldian gazteek ideologia eskuindarreko edukiak jasotzen eta barneratzen dituzten TikTok bezalako sare sozialak direla medio. Adibide batzuk jartzearren, trad wife-ak modan jarri dira. Emakumearen rol tradizionalaren ideia erromantikoa eta nostalgikoa sustatzen duen mugimendua da hori, gizonarekiko mendekotasunean, haurren hezkuntzan eta etxearen zaintzan euren bizitza oinarritzen duten emakumeak influencer bihurtu direlarik. Bestetik, genero-indarkeria existitzen ez delako ideia zabaltzen duten TikTok-ak gero eta gehiago dira, indarkeria bera ukatzean horren etengabeko hazkuntzarako baldintza hobeezinak jartzen dituztenak. Azkenik, kezkagarria da gazteak jasotzen ari diren immigrazioaren inguruko diskurtsoa, ideia faxistetara gero eta gehiago hurbiltzendena.
Sare sozialetan hezi behar dela diozu. Hor dago gakoa?
Hezkuntza-arloan interes handia duen pertsona naiz, gizartearengandik bananduta dagoen irla bat izatetik urrun, gizarteko balioak erreproduzitzen diren ingurua delako. Era berean, balio horiek ezbaian jartzeko eremu oso aproposa iruditzen zait, interbenitzeko eremu ezin hobea.
Hala ere, kontziente izan behar dugu, esan bezala, hezkuntza gizarteak sostengatzen duen beste esfera bat den heinean, hezkuntzan egin nahi diren aldaketak, gizartearen aldaketa batekin batera egin behar direla.
Esaterako, gu sare sozialekin harreman osasuntsu bat izatea garrantzitsua dela transmititzen saiatzen gara, eta horretarako erremintak ematen dizkiegu ikasleei. Iniziatiba pertsonal hau, honako salaketa hauekin batera eraman behar dugu: Instagram gero eta adiktiboagoa izan dadin profesionalak lanean daudela, edota X-ko algoritmoak gorroto-mezuak sustatzen dituela interakzio gehien sortzen duten edukia direlako, TikTok gazteen arreta-gaitasuna gero eta txikiagoa izan dadin diseinatzen den aplikazioa dela…
Guk hezkuntzaren alorretik, gure eskuan dagoena egingo dugu, noski, eta beste balio batzuk ezartzeko hautua egingo dugu. Hori bai, sare sozialek errentagarritasuna bilatze aldera aurrera daramatzaten basakeriak ere jopuntuan jarri behar ditugu eta haien aurka posizionatu.
Ingurune digitalak dituen erronkei eraginkortasunez aurre egiteko baliabideak eskaini nahi dituzu.
Bai, noski! Hainbat jarduera eramango ditugu aurrera. Batetik, sare sozialen inguruko ikerketatxo bat, haien arteko aldeei eta antzekotasunei erreparatzeko. Haien onurak eta arriskuak identifikatzen hastea… Bestetik, erabilera arduratsuan sakonduko dugu, jokabide-kodeak tratatuz, haien urraketaren aurrean zer baliorekin jokatu beharko genukeen zehazteko. Hirugarrenik, arriskuez jabetuko gara eta sentsibilizazio-kanpainak aztertuko ditugu. Horrela, gure erara, interesatzen zaigun gai batekin harremana izan dezakeen bat diseinatuko dugu… Laugarrenik, sare sozialek identitate pertsonalaren eraikuntzan eta pertsonen arteko harremanetan nola eragiten duten aztertuko dugu, influencer batzuen profilak oinarri harturik. Eta azkenik, ekintza-plan konkretuak diseinatuko ditugu egoera desberdinen aurrean aterabide hitzartuak izateko… Hau guztia ikaskideen artean partekatuko dugu aberasgarriagoa izan dadin.
Zer da ikastaroarekin lortu nahi duzuna?
Ikastaroarekin, gizartean aldaketa bat eragin nahiko nukeela esan dezakedan arren, umila izatea dagokit, eta jabetzen naiz oso inplikazio mugatuak dituela gure harreman-dinamikak ezbaian jartzeko, lehen azaldutakoa dela eta. Ordea, ikastaroa jasotzen duten parte-hartzaileentzat ikaskuntzak asko izan daitezkeela esango nuke, eta aberasgarria ere bada ikaskuntza horiek haien inguruan sortu dezaketen eragina, ingurune txikietan bada ere.
Ikastaroa amaitutakoan, parte-hartzaileek sare sozialek dituzten arriskuak ulertuko dituzte, hala nola ziberjazarpena eta pribatutasunaren urraketak, eta errespetuzko ziberbizikidetza sustatzeko trebetasunak garatuko dituzte. Gainera, informazioa kritikoki aztertzeko, albiste faltsu eta gorroto-diskurtsoen aurrean egoki esku hartzeko eta eduki digitalen kontsumo arduratsua sustatzeko gaitasunak eskuratuko dituzte. Halaber, ingurune birtualetan modu eraginkor eta eraikitzailean komunikatzen ikasiko dute, gatazkak modu arrazionalean konpoduz, eta sare sozialak parte-hartze zibikorako eta aktibismorako erabiliz.
Nori dago zuzenduta?
Interesa duen edonori. Profilak askotarikoak izan daitezke, hezkuntzaren inguruan lan egiten duen jendea, guraso kezkatuak, gizartean sare sozialek duten eraginaz jabetzen diren eta hausnartzen duten pertsonak, gazteekin harremanetan dauden pertsonak, euren buruari muga batzuk ezarri nahi dizkiotenak eta horretako erremintak behar dituztenak…