Mikel Etxeberria: "Euskal Herriko naturaguneen egoera aitzakia hartuta naturaguneak eurak ere josteko baliatu nahi dugu topaketa"

2023ko urriaren 31a

Mikel Etxeberria: "Euskal Herriko naturaguneen egoera aitzakia hartuta naturaguneak eurak ere josteko baliatu nahi dugu topaketa"

Natur Zientzien V. Topaketak egingo dira azaroaren 18an eta 19an Iruñean. Euskalnatura elkarteak eta UEUren Natur Zientzien Sailak antolatu dute elkarlanean eta Euskal Herriko naturaguneen gaia jarriko dute mahai-gainean. Gaur egin dute topaketaren prentsaurrekoa Iruñean eta bertan izan da topaketako antolatzailea Mikel Etxeberria Okariz (Beasain, 1994). Biologian graduatua (EHU) da bera eta Ekologian du masterra (UCM, UAM). Aranzadi Zientzia Elkarteko Botanika Sailean dabil lanean 2018tik eta UEUko Natur Zientzien Saileko sailburua ere bada. Harekin izan gara 5. topaketa hauen gainean hitz egiteko.

Euskal Herriko natur zientzietako adituen eta naturazaleen elkargune izan nahi dute topaketok. Aurten 5. edizioa antolatu duzue Iruñean. Zein da orain arteko balorazioa?

Egia esateko, oso ona. Edizio bakoitzak nortasun propioa izan arren, badago nolabaiteko fideltasun bat, urtez urte errepikatzen baitute zenbaitek. Batzuk etorri izan dira bost ekitaldietara, eta hori aitortza handia da guretzat, topaketa beharrezkoa den erakusgarri. Era berean, topaketa bakoitzean jende gehiago ere erakartzen dugu, eta harro diogu horiek ere errepikatzen dutela. Gaiei erreparatuz, naturaren esparruko ikerketak izan dira ekitaldi guztietan ardatz, baina hainbat ikuspegitatik jorratuz. Gainera, Donostian hasitako ibilbideak Gasteiz izan zuen geltoki, eta aurten lehen aldiz Iruñean izango gara. Nafarroako naturazaleengana jo nahi izan dugu aurten, 5. edizio honetan, hamargarren urteurrena ospatzeko. Urte hauetan guztietan, gure txikian, uste dugu lortu dugula parte-hartzaileen agendan tokitxo bat egitea, horregatik gaude horren gustura.

Euskal Herriko naturaguneetan jarriko duzue arreta. Zergatik?

Zoritxarrez, gero eta ohikoagoa da mundu mailako problemetan arreta jarri eta handitasun horretan galtzea. Arazo globalek Euskal Herriari ere eragiten diote, jakina, baina ekiteko garaian askoz ere errazagoa da eskala txikian eragitea mundu mailan baino, horregatik landuko ditugu, besteak beste, Urdaibai, Irati eta Arabako Hegoaldeko Mendiak. Naturagunez naturagune, bertako ikerketak izango ditugu hizpide eta hainbat zertzelada emango dizkigute bertako arazoak eta erronkak lantzeko. Horretarako, tarteka-marteka, gure kontraesanak ere mahai gainean jarri beharko ditugu, eta ariketa hori zintzotasunez egitea ez da beti erraza. Horretarako ere bada topaketa. 

Naturaguneen arteko arrakalak eta zubiak, kontserbazioa, espezieen birsartzea... Begirada asko landuko duzue.

Bai, gustatzen zaigu gai bakarra hainbat ikuspegitatik lantzea. Espezieen birsartzeen kasuan ugaztun bat, landare bat eta hegazti bat izango dira hizketagai, eta aztertuko dugu zer kasutan balio dezaketen biodibertsitatea babesteko. Ur-sistemei buruz ere arituko gara, esaterako, hizlari bat ibaien inguruan ariko da, baina, era berean, lur azpiko urak ere jorratuko dira, eta urei lotutako ibar-basoak ere bai. Horrela, sistema osorik ulertzeko gakoak eman nahi ditugu, baliabide zeharo garrantzitsua baita ura. Dena den, mahai-ingurua ez dut aipatu gabe utzi nahi. "Natur ingurunearen kontserbazioa XXI. mendeko gizartean" izenburupean, mende honetako natur kontserbazioaren erronkak eztabaidatuko dira. Ikertzaileez gain, energia-kooperatiba bateko ordezkari bat izango da, baita militantzia ekologistan urteak daramatzan beste bat ere. Egungo bizimoduaren eta natur ondarearen kontserbazioaren arteko talkez arituko gara, eta ziur eztabaida ezin interesgarriagoa sortuko dela.

Poster deialdia ere egin duzue. Zergatik? Zer bilatzen duzue?

Bi eguneko topaketa batean, hitzaldi eta gai kopurua mugatua da. Poster saioekin, berriz, euskal naturazaleen komunitateko kideek beren intereseko gaiekin posterrak ekar ditzakete, eta, hartara, askoz ere gai gehiago plazaratzeko aukera eman. Euskal unibertsitateetako zein kanpoko unibertsitateetako ikasle euskaldunen punta-puntako ikerketak gurera ekartzeko modua da, herrigintzako eragileek beren lanen eta praktika onen berri ematekoa, kontserbazioan dabiltzan talde egituratuagoek beren lana zabaltzekoa. Guztiak elkarren alboan ikusita, gainera, elkarren arteko sinergiak sortzeko aukera biderkatu egiten da, eta harremanak indartuz kooperazioa bultzatzea ere bai. Gainera, postergileen lana sarituko da. Batetik, topaketako poster onena sarituko da, eta bestetik, gradu- edo master-amaierako lanik onena ere sarituko da.

Nori dago zuzenduta?

Topaketa naturazale guztientzako bilgunea da. Badakigu naturazale hitzak jende mordo bat hartzen duela bere baitan, nola profesionalak, hala zale arruntak, ikasleak zein ikertzaileak, baita asteburuetako hegaztien behatzaileak edo talde ekologistetako militanteak ere. Guztientzako moduko topaketa egiten saiatzen gara, zientzia-ekarpenek garrantzia dutelako, baina era dibulgatzailean adierazten direlako. Beraz, inorentzat natura gozamen-iturri bada, nekez topatuko du topaketa baino leku hoberik azaroaren 18an eta 19an. 

Zer lortu nahi duzue natur zientzien topaketekin?

Topaketek bi helburu nagusi dituzte: natur zientzien dibulgazioa eta naturazaleen saretzea. Aurtengo leloa horren isla nabarmena da: ezagutzaz josi. Askotan ikertzaileek jakintza ugari izaten dute, eta topaketa haien ezagutza zabaltzeko plaza bilakatzen dugu. Halaber, topaketek jendearen topagune izateko helburu argia dute, eta horrek laguntzen du sareak iruten, dinamika berriak josten, diziplinarteko proiektuak sortzen… Euskal Herriko naturaguneen egoera aitzakia hartuta naturaguneak eurak ere josteko baliatu nahi dugu topaketa. Natur erreserbez harago txoko guztietan topa daitekeelako aberastasuna, baina haren inguruko ezagutza ezinbestekoa da haren garrantziaz jabetzeko. Garrantzitsuenarekin amaitzeko, topaketa aukera paregabea izaten da asteburu batez eguneroko albisteen hotzetik babesera sartu eta naturazaletasunaren epelean indarberritu eta gogoberritzeko. Su hori gero Euskal Herriko hamaika txokotara zabaldu eta natur kontserbazioaren alde lanean jarrai dezagun.

Jakintza-arloak