NZ5T. Natur Zientzien V. Topaketa: ezagutzaz josi.
Aurkezpena
UEUren Natur Zientzien sailak eta Euskal Natura elkarteak antolatuta, Natur Zientzien V. Topaketa izango da 2023ko azaroaren 18an eta 19an. Topaketa hauek Euskal Herrian natur zientzietan adituen eta naturzaleen elkargune izateko borondatea dute. Bere aurreko edizioek (2013 NZTOPA!, 2015 NZ2TOPA!, 2018 NZ3T eta 2021 NZ4T) alorreko kide asko erakarri eta eztabaidarako gune interesgarriak sortu dituzte.
Edizio honetan, Euskal Herriko naturguneak (babesguneak) oinarri hartuta, bertako ezagutza zientifikoa argitara eman eta elkar elikatzea izango da helburua. Horretarako, hitzaldi sorta bakoitzean gai orokor bat aukeratu eta hiru proiektu azalduko dira. Naturguneen arteko igarobide ekologikoak nola, hala josi nahi baititugu ikerlariak euren artean eta baita naturzale gazteak ere, hari irule bihurtuta.
Ikusi topaketaren web gunea: www.nztopaketa.eus
Hemen antolatzaileetako baten elkarrizketa.
>>> POSTER DEIALDIA zabalik - ikusi argibideak beherago.
Helburuak
- Ingurumenari eragile mota bakoitzak egindako ekarpenak partekatzea.
- Ingurumenaren inguruko eragileen arteko elkarlana sustatzea.
- Zientziaren alorreko ondorioak gizarteratzea.
- Euskal naturzaleen arteko saretzea bultzatzea.
- Ingurumen gaiak euskaraz jorratzea.
- Herrietako tokiko proiektu eta ekintzak ezagutzera ematea.
- Lanbide Heziketako eta unibertsitateetako ikasleei lan irteeren aniztasuna erakustea.
Edukiak
POSTER DEIALDIA
Natur Zientzien V. Topaketan aurkeztu nahi diren posterrak bidaltzeko epea urriaren 16an zabalduko da. Bidalketetan posterra bera bidaltzeaz gain, txantiloi bat bete beharko da.
Txantiloi horretan posterraren inguruko zenbait datu orokor bete beharko dira alde batetik, eta gehienez 2000 karaktere dituen laburpena idatzi beharko da bestetik. Posterrak bidaltzeko epea azaroaren 10ean itxiko da.
Behin bidalketak eginda, posterrak gaiaren arabera sailkatuko dira eta ondorengo irizpideen arabera baloratuko dira:
- Helburua. Proiektuaren helburua zein den argi azaldu behar da: lanaren testuingurua azaldu, bertan hipotesia ondo kokatu eta ikerketarekin lortu nahi dena adierazi.
- Helburua lortzeko eman den garapena. Proiektuaren helburua betetzeko egindako bidearen azalpena: formulak, grafikak, taulak eta testua.
- Azken emaitzak. Emaitzen berri emateko adierazpena: datuak eta arrazoiketak.
- Baliabide bisualak. Posterraren diseinua erakargarria izatea eta eman nahi den informazioa ulergarriago egiteko erabilitako baliabideak egokiak izatea. Posterraren formatua eta antolaketa zuzenak izatea, logika bat jarraitu duela antzematea.
- Izenburua. Izenburuak zehatza izateaz gain erakargarria eta argia izan behar du.
- Originaltasuna. Ikerketaren zein posterraren originaltasuna.
- Hizkuntzaren erabilera. Euskararen erabilera egokia izatea.
Nori zuzenduta
- Natur zientziak eta Ingurumen arloko ikerketa taldeetako kideei.
- Unibertsitateko eta Lanbide Heziketako ikasleei.
- Naturaren kudeatzaileei.
- Ingurumen arlorrean eskumenak dituzten erakundeei.
- Natur Elkarteetako kideei.
- Naturzaleei.
- Natur hezitzaile eta irakasleei.
- Euskal Herrian naturarekin interesatuta dagoen edonori.