Maite Luengo Aguirre: "Tresna biziki erabilgarriak dira betaurreko moreak erretratugintza aztertzeko"
2024ko urriaren 3a
"Artea gozatzeko: erretratuaren teknika eta begiradak XVI. mendetik aurrera" ikastaroa emango du UEUrekin Maite Luengo Aguirrek (Arrigorriaga, 1995). Arte Garaikidean da doktorea eta Artearen Historiako irakaslea da UPV/EHUko Arte Ederren Fakultatean. Irakaskuntzan aritzeaz gain, euskal testuinguruko artea ikertzen du genero-ikuspuntutik, gorputza erdigunean jarriz. Harekin izan gara.
Erretratuen teknika jarriko duzu erdigunean. Zergatik?
Erretratugintza arte mota nabarmena izan delako historian zehar. Ez hori bakarrik, gaur egungo gizartean ere esanguratsua da, selfiearen kulturan murgilduta bizi garelako. Lehen agintarien erretratu piktoriko eta eskultorikoak ziren ohikoenak, baina denborak aurrera egin ahala protagonistak eta materialak aldatuz joan dira. Bilakaera horretan murgiltzeko gonbita da honako ikastaro hau, artelanen hautaketa mamitsu eta gozagarri baten bitartez erretratugintzaz gehiago jakiteko aukera.
Erretratuaren inguruko ikuspegi historiko-artistikoa garatzea izango da helburua.
Bai, arte mota hau lantzeko alderdi sozial zein estetikoak kontuan hartuko ditugu. Erretratuek garai bateko gizarteko botere-dinamikez eta joera artistikoez gehiago jakiteko aukera ematen diguten heinean, garai eta toki desberdinetako “argazkiak” eskainiko dizkigute. “Argazki” horiek ateratzeko, XVI. mendeko erretratu alegorikoarekin hasi eta gaur egungo euskal testuinguruko artistekin bukatuko dugu ibilbidea.
Generoaren ikuspegiari ere erreparatuko diozue.
Tresna biziki erabilgarriak dira betaurreko moreak erretratugintza (eta orokorrean artea) aztertzeko. Gainera, gaur egungo testuinguruan zaila iruditzen zait artearen historiari begiratu eta genero-ikuspuntua alboratzea, beharrezkoa iruditzen baitzait iragana eta oraina hobeto ulertzeko. Besteak beste, jeinuaren ideia deseraikitzeko baliatuko ditugu betaurrekoak eta emakume artisten ekarpenak ezagutzeko.
Metodologia parte-hartzailea eta praktikoa izango dela diozu.
Gai hau lantzean eduki teorikoak barneratzeaz gain, irudimena martxan jartzeko praktikak aurreikusi ditut, norberak ikastaroan landutakoak bere egin ditzan. Ariketa gozagarriak proposatzea dut helburu, disfrutatzean hobeto ikasten delakoan bainago. Ez da beharrezkoa artegintzan trebea izatea, irudiekin eta hitzekin arituko baikara lanean. Gainerako partaideekin giro atsegina sortuko delakoan nago, iaz UEUrekin online emandako beste ikastaro batean dinamika polita sortu zen eta berriz ere hori lortzea espero dut.
Nori dago zuzenduta?
Orokorrean artearekiko interesa duen pertsona orori zuzenduta dago, gai honen inguruan era kritiko eta gozagarrian ikasteko grina duen edonori. Bigarren Hezkuntzan gizarte-zientziak eta humanitateak irakasten dituztenentzat edo arlo horietan aritzen diren ikasleentzat ere baliagarria izango dela uste dut, artelan eta ikuspegi berriak ezagutuko baitituzte.