Artea gozatzeko: erretratuaren teknika eta begiradak XVI. mendetik aurrera

Hasiera - Bukaera data: 2024ko urriaren 16a - 2024ko azaroaren 22a (astelehen-ostiral)
Tokia: Ikasgela Birtuala
Ordutegia: 00:00-23:00
Izaera: Online
Ordu kopurua: 25
Matrikula-epearen hasiera: 2024ko irailaren 2a
Matrikula-epearen bukaera: 2024ko urriaren 14a

Aurkezpena

Ikastaro honekin parte-hartzaileek erretratuaren inguruko ikuspegi historiko-artistikoa garatuko dute metodologia praktikoen bitartez. XVI. mendetik gaur egunera arte eta nazioarteko testuingurutik euskal testuingurura egingo dute ibilbidea erretratuaren historian zehar. Horrela, aurrerapen formalen berri emango da, arterako konpetentzia garatuz.

Era berean, genero ikuspuntua baliatuko da gizarte desberdinetako erretratuak aztertu eta horien botere-dinamikak era kritikoan aztertzeko. Ikastetxeetan erretratua irakasteko eredu esanguratsuen identifikazioaz gain, ikasten eta pentsatzen ikasteko zeharkako konpetentzia garatzeko tresnak eskainiko dira

Irakasleari elkarrizketa hemen.

Irakasleak

Helburuak

Ikastaroa bukatzerakoan, ikasleak jakingo du Aro Modernotik gaur egunerako erretratu-tipologia esanguratsuak identifikatzen eta bere testuinguru historikoan kokatzen.

Era berean, mendebaldeko artearen historian erretratugintzarako baliatutako euskarri esanguratsuenak ezagutuko ditu.

Guzti hori, genero ikuspuntutik lantzen jakingo du, artearen historia era parekidean irakatsi ahal izateko.

Azkenik, ikasgelan erretratuak lantzeko ariketak prestatzeko gai izango da, zehazki, ikasle taldearen pentsamendu kritikoa eta irudimena sustatuko dituzten atazak garatzeko.

Edukiak

1.GO GAIA: Hurbilketa erretratuaren generora

  • Erretratuaren kategoria artistikoa
  • “Maisu handiak”, eta maistrak?
  • Artisten autoerretratuak

2. GAIA: Erretratuak eta boterea Aro Modernoan

  • Erretratu alegorikoa Italian eta Frantzian
  • Gorteko erretratua Espainian
  • Erretratu korporatiboa Holandan

3. GAIA: Teknika berriak abangoardietan

  • Abangoardien iraultza
  • Dadaismoa

4. GAIA: Erretratua euskal gizartean

  • Irudikapen tradizionalak
  • Artista garaikideen ekarpenak
  • Selfiearen kultura

5. GAIA: Azken produktua

Metodologia

Ikastaroak metodologia parte hartzailea eta aktiboa izango du. Partaideen aurre ezagutzetatik abiatuko da, eta teoria bizi esperientzietan eta eguneroko lan jardunean kokatzea izango du helburu, hausnarketa pertsonalak elkarbanatzean oinarrituz. Era berean, ikastaroak alde teorikoa eta praktikoa uztartuko ditu, ikaskuntza-prozesuari eta gaitasunei garrantzi handia eskainiz. Formatuaren aldetik, ikastaroa online motakoa izango da.

Ikastaroa emateko, Moodle irakaskuntza-plataforman oinarrituta dagoen UEUren Ikasgela Birtuala erabiliko da. Plataforma honen bitartez, ikasleek ikastaroko informazio, eduki eta jarduera guztiak eskura izango dituzte, eta komunikatzeko bestelako tresnak ere bai (foroak adibidez). Tresna horiek ikasleen arteko elkarrekintza, eta ikasle-irakasle komunikazioa erraztuko dute.

Oinarri kontzeptualak idatzizko zein ikus-entzunezko materialekin landuko dira. Ondoren, lan pertsonala beharrezkoa izango da, hausnarketa pertsonaletatik kolektiboetara salto egiteko, horretarako talde dinamikak erabiliz. Honetarako, talde dinamiketan norberaren iritzi, hausnarketa, esperientzia edota zalantzak ikaskideekin partekatzeko aukera egongo da, taldeari modu eraikitzailean eraginez.

Ikasleek momentu oro irakaslearen jarraipena eta tutoretza izango dute, baita UEUko lantalde pedagogiko eta arduradun teknikoaren sostengua ere bai. Ikastaroak jarraituko duen ikaskuntza-prozesua autonomoa eta esanguratsua izan arren, irakaslearen lankidetza eta laguntza izango dute, sortzen zaizkien zalantzei eta zailtasunei aurre egiteko.

Jakintza-arloak