Maite Luengo: "Artearen historiaren arloan euskaraz aritzeko topagunea sortu nahi dugu"
2023ko uztailaren 7a
Maite Luengo Aguirre (Arrigorriaga, 1995) UEUren Udako ikastaroen barruan egingo den "Euskal artearen historiaren bide berriak" jardunaldiaren antolaketa-lanetan aritu da. Luengo, Artearen Historian doktorea da eta irakaslea UPV/EHUn. Berarekin izan gara jardunaldiaren gainean hitz egiteko.
Bide berriak ireki dira euskal artearen historian. Horiek ezagutaraztea da helburuetako bat.
Bai, hamaika bide ireki da azken urteotan eta guretzat garrantzitsua da horiek ezagutaraztea. Besteak beste, feminismotik eta queer ikasketetatik berrirakurketa ugari egiten ari da artearen inguruan, baina horiek ez dira askotan jendartean zabaldu. Ez behintzat artearen historiaren diziplinatik eta euskaraz.
Talde desberdinetako ikertzaileek hartuko dute hitza. Akademiatik gizartera?
Hain zuzen ere, hori da gure helburuetako bat eta baliteke garrantzitsuena izatea, akademian ikertzen ari garena gizartean zabaltzea. Jendarteratze hori edozein esparrutan beharrezkoa dela uste dut eta, are gehiago, euskal testuinguruko ikerketa egiten bada, gure kasuan bezala.
Nola gerturatu artera? Zein da bidea?
Artera gerturatzeko jakin-mina eta jarrera irekia nahitaezkoak dira. Alde batetik, beharrezkoa da ezagutzen ditugun artelanak berrikustea eta horietatik haratago zer dagoen jakin nahi izatea. Bestalde, arteak zur eta lur utziko gaitu askotan, dela atsegina delako, dela deseroso sentiarazten gaituelako. Era batean edo bestean, esperientzia aberasgarria eskainiko digu.
Arloko topagunea ere izan nahi du jardunaldiak. Garrantzitsuak dira izaera honetako foroak?
Ezinbestekoak dira. Kongresuetara Euskal Herritik kanpo joatea ohikoa da guretzat, baina gure inguruan ikerketa zabaldu ahal izatea ez hainbeste. Jardunaldi hau aukera ederra da guretzat euskal artearen historiaren inguruan hausnartzeko. Halaber, profil desberdinetako pertsonak elkartzeko aukera emango digu jardunaldiak.
Nori dago zuzenduta?
Artearen Historiako Graduan zein Arte Ederretako Fakultatean ikasle direnei eta izandakoei, institutuan Artearen Historia ikasi zutenei edota horretan irakasle aritzen direnei. Ez hori bakarrik, orokorrean artearekiko interesa duen edonori dago zuzenduta, ez dago halabeharrez aldez aurretik formakuntza zehatzen beharrik, gure artearekiko jakin-mina eta hausnartzeko grina dira nahitaezko bakarrak.
Zer da jardunaldiarekin lortzea gustatuko litzaizukeena?
Artearen historiaren arloan euskaraz aritzeko topagunea sortu nahi dugu. Bereziki, euskal artearen inguruko diskurtsoak elkarrekin garatu eta partekatzeko. Honako hau lehendabiziko jardunaldia izango da eta gogo handiz ari gara prestatzen. Epe ertainera begira, gure helburua litzateke UEUrekin batera edizio gehiago antolatu eta gure arloarekiko interesa duen euskal komunitatea sendotzea.