Maitane Urizar: "Haurren kontrako sexu erasoak mahaigaineratu behar ditugu, eta hau guztion artean bakarrik lortu daiteke"

2023ko otsailaren 16a

Maitane Urizar: "Haurren kontrako sexu erasoak mahaigaineratu behar ditugu, eta hau guztion artean bakarrik lortu daiteke"

"Haur eta gazteen kontrako sexu erasoen kasuen aurreko jarduketa" ikastaro erdi presentziala emango da otsailaren 21etik 31ra. Maitane Urizar eta Hugo Castro izango dira irakasleak eta Urizarrekin izan gara ikastaroaren gainean gehiago jakiteko. Maitane Urizar (Bilbo, 1985) Haur eta Lehen hezkuntzako irakaslea da eta haur eta gazteen kontrako sexu abusuen gaian aditua.

Lau neskatotik batek eta zazpi mutikotik batek sexu abusuak jasango ditu hamahiru urte orduko... zein da arazoaren dimentsio erreala?

Datu horiek biztanleria orokorreko datuak dira eta gizarte, kultura eta maila ekonomiko guztietan ematen da maila berdinean. Baina haurrek zenbat eta zaurgarritasun maila altuagoa izan (haur bakartiak, desgaitasuna dutenak, gizarte bazterketa pairatzeko arriskua duten kolektiboak, etab.), orduan eta aukera gehiago dute sexu abusuak jasateko. Nahiz eta datuok ezin daitezkeen estrapolatu, justiziarekin harremanetan dauden neskatoen % 42,1ak eta babes egoitzetan dauden neskatoen % 44,6ak sexu abusuak pairatu ditu. Era berean, badago bereziki zaurgarria den kolektibo bat, desgaitasuna edota dibertsitate funtzionala duten haurrena. Atzerapen mentala duten bi neskatoetatik 1ek eta hiru mutikoetatik batek sexu abusuak pairatzen ditu.

Oso ohikoa da pentsatzea kolektibo konkretu batzuetan bakarrik gertatzen den zerbait dela, baina hau ez da horrela. Uste honek gainera, arrisku larrian uzten ditu gure haurrak, gurean gertatu ezin dela pentsatzen dugulako, eta beraz, hau detektatzeko zailtasun handiagoak izaten ditugulako.

Oraindik ere abusu hauek zoroek egiten dituztela pentsatzen dugu, arazo desberdinak dituzten pertsonek. Baina problematika honek biktima idealaren profilarekin apurtzen duen bezala, erasotzaile idealaren profilarekin apurtzen du. Erasotzaileekin lan egiten duten profesionalek ikertu bezala eta Save the Childrenen azken txostenak azaltzen duen bezala, oso gizon karismatikoak izaten dira: profesionalki gailurtuak, aurrekari penal eta polizialik gabeak, bikote helduak dituztenak edota ezkonduak. Berez, aztertu diren familia barneko sexu abusu kasuen % 83,82ak azaleko harreman harmoniatsuak zituzten. Haur sexu-erasotzaile batengatik espero den justu kontrakoa.

Hala ere, ez dira profesionalak gai honetan formatzen...

Ez, gai hau berria da gurean. Antolatu eta eman diren formakuntzak pertsona konkretu batzuen lanketa itzelarengatik izan dira. Ez dago iniziatiba instituzional sendorik nahiz eta legeek aspalditik derrigortu eta Nazio Batuen errelatore eta lan talde desberdinek urgentziazko neurri bezala planteatu. Gaur egun problematika hau ez da haurrekin harremana duten profesionalen karrera, master edo formakuntza jarraituetan lantzen. Egon badaude iniziatibak, baina puntualak dira eta ez daude sistematizatuak. Zentzu honetan aipagarri da UPV/EHUk sortutako ikastaro iraunkorra, bere ikasle, irakasle eta langileentzat doan eskaintzen dena. Oker ez banago, Espainiar Estatuko lehenengo unibertsitatea izan da honetan, eta gaur egun ere, bakarra dela esango nuke.

Kasu hauek identifikatzen jakitea eta nola esku-hartu jakitea garrantzitsua da. Hori da ikastaroaren helburua?

Hori da, maiz esaten da detektatzeko problematika zaila dela eta ados nago. Baina biktimak laguntza eskatu zuten eskolen % 85ak ez zuten ezer egin edota abusua kontatu zutenen % 70ak ez zuen laguntzarik jaso. Sentsibilizazioarekin ez da nahikoa, detekzio baten aurrean zehatz mehatz zer egin behar dugun eta zer ez jakin behar da, gure behar profesionala izateaz gain, haurraren eskubidea delako.

Nori dago zuzenduta?

Haurrekin harreman zuzena duten profesionalentzako eta aurretik oinarrizko ikastaro bat eginda dutenentzako. Problematika honek oso ezaugarri konkretuak ditu eta hauek ikastaro hau egin aurretik landuak izan behar dira.

Online emango den ikastaroa den arren, saio presentzialei garrantzia berezia emango diezue.

Bai, ikastaro guztietan sustatzen dugu sare lana, hau baita azken batean jarduketa egoki bat egiteko aukera bakarra. Gerta daiteke zuk zure protokoloa betetzea eta haurra(k) ez babestea. Aurrez aurreko saioetan elkarri aurpegia jartzen diogu, etorkizunean koordinatu beharko garen pertsonak elkar ezagutzea, bestearen lana ezagutzea, elkarrekin hausnartzea... garrantzitsua da, beldur asko kentzen ditu eta gero kasua iristen denean, orokorrean dena hobeto doa. Kasu bat detektatzea guztiontzat da gogorra, izan senidea edo profesionala. Inor ez dago prestatuta haur txiki bat sexu eraso bat jolas bezala deskribatzen entzuteko. Egoera hauek aurreikusi behar ditugu, shockean gaudela, burua hotz mantendu ahal izateko.

Zer lortu nahiko zenukete?

Euskal gizarteak apurka-apurka problematika honi heltzea. Haurren interes gorena eta ikuspuntu feminista bermatzen duen jarduketa landu behar dugu, legeek agintzen duten bezalaxe. Gure gizarteak badauka eskarmentua sare lana antolatu eta aurrera eramaten; problematika desberdinekin edota konfinamenduan argi geratu da hau. Helduen kontrako sexu erasoekin bezala, haurren kontrako sexu erasoak mahaigaineratu behar ditugu, eta hau guztion artean bakarrik lortu daiteke. Etxeko trapu zikinak mahaigaineratuz, “problematika pertsonalak”, maiz, problematika politiko eta sozialak direlako, genero biolentziarekin ikusi izan dugun bezala.

Jakintza-arloak