Maialen Berridi: “Etorkizuneko osasun-profesionalarentzat alor humanistikoa eta filosofikoa garatzea ezinbestekoa izango da"

2021ko azaroaren 30a

Maialen Berridi: “Etorkizuneko osasun-profesionalarentzat alor humanistikoa eta filosofikoa garatzea ezinbestekoa izango da"

“Medikuaren oinarrizko gaitasun profesionalak” liburua argitaratu du Maialen Berridi Agirre familia-mediku donostiarrak UEUrekin.Berridik Gipuzkoako Familia eta Komunitate Arretako Irakaskuntzako Unitate Multiprofesionalean dihardu 2017tik. Komunikazio klinikoa eta genero-ikuspegia dira bere lan-ildo garrantzitsuenak. Osasungintza Euskalduntzeko Erakundeak (OEE) antolatzen duen Agote saria jaso zuen lan hau egiteko.

Argazkia: Noaua

Hutsune bati erantzutera dator? Zein hutsune?
Bai. Batetik euskaraz idatzitako osasungintzako liburu akademiko gehiagoren beharra asetzea, eta bestetik, mediku batek eskuratu beharreko oinarrizko gaitasun profesionalen inguruko beharrezko gogoeta egitea.

Izan ere, azken urteetan euskaraz eskainitako osasun-arloko irakaskuntzarako materiala ugaritzen ari bada ere, graduondoko egoiliarren irakaskuntzan eta osasun-langile orok jorratuko duen irakaskuntza jarraituan gaztelania da nagusi. Familia eta komunitate arretako erizain zein mediku egoiliarrekin lanean, oinarrizko konpetentziak lantzen dituen euskarazko materiala sortzearen beharra nabaria izan da. Lehenik eta behin, Medikuntzako gradu-aurreko zein graduondokoan, euskaraz idatzitako liburu akademiko gehiagoren eskaera etengabea delako. Bigarrenik, Medikuntzako gradu-aurreko ikasleek eta graduondoko Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako Irakaskuntzako Unitateetako egoiliarrei egindako galdetegien ondorioz jakin delako euren formakuntza euskaraz jasotzea eskatzen dutela. Azkenik, urteak direlako familia-mediku askok eta askok euren espezialitatearen inguruko euskarazko liburu bat eskatzen dutela.

Gaitasun profesionala helburu bat lortzeko borondatez egindako ekintza-kate batek osatzen du. Nahi izanez gero, behin eta berriro errepikatu daitekeena. Hiru alor landu behar dira amaierako konpetentzia hori lortzeko: ezagutza, ikasleak ezagutzak eskuratu behar ditu; gaitasuna, ikasleak gai izan behar du trebakuntza batzuk garatzeko; eta balioa, ikasleak osasun-profesioaren balioak eskuratu behar ditu.

Liburuan aipatzen diren gaitasun profesionalak medikuaren beraren berezko trebetasun gisa kontsideratu izan dira, norberaren izaeraren menpe dagoena eta ezin irakats zitekeena. Teknikak Miaketa fisikoaren teknikak irakasten diren zorroztasun berberaz irakatsi behar dira. Izan ere, esperientzia hutsak, kasu hauetan, bide okerretik eraman gaitzake. Konpetentziak eskuratzea progresiboki gauzatu beharreko zeregina da, osasun-formakuntza osoan zehar, baina ezinbestekoa izango da gaitasun profesional horiek ondo definituta egotea eta, horien guztien artean, edozein osasun-langilerentzat oinarrizkoenak direnak zehaztea.

Mediku batentzako zenbateko garrantzia du alor humanistikoa edo filosofikoa lantzeak? Egiten al da?
Oro har, sendagilearen prestakuntza gaixotasunean oinarritzen da, eta ez gaixoan, humanismoari lotutako gaiak osasun-profesionalaren berezko gaitasun edo trebeziaren araberakoa beharko lukeela pentsatzen delarik. Ideia hori aldatzea proposatzen da lan honetan.

Hala nola, askotan esparru desberdinetan aipatu izan da, mediku on bat izateko onena asko jakitea, eguneratua egotea eta punta-puntako berrikuntzetan jantzia egotea dela. Eta ikasleek zein profesionalek ez diote garrantzirik ematen alor humanistikoa edo filosofikoa lantzeari. Horrek medikua gaixoarengandik urruntzea eragiten du ordea, gizatasuna galtzea, alegia.

Medikuntzaren praktika klinikoa dinamikoa da, aldaketa sozial, ekonomiko eta teknologikoen eraginpean aldatuz doana. Hori dela eta, XX. mendeko azken hamarkadetatik hona bizitzen ari garen medikuntzaren aro modernoak balioen, lehentasunen eta ikuspuntuen aldaketa eragin du. Aldaketa neurri handi batean biologia molekularrean eta iraultza digitalean ematen ari diren aurrerapausoek eragindakoa da. Hortaz, osasun-arloan garapen zientifiko-teknologikoari ematen zaion leku pribilegiatua nabarmentzen da. Ildo beretik, medikuntza edo osasungintza osotasunean gaixoarekin zuzenki lotutako lan-esparrua bada ere, hots, gizakiekin harreman zuzena duena, EHUko medikuntzako gradu-aurrean eskaintzen diren ikasgaien artean, urriak dira humanismoarekin lotutako gaiak.

Baina teknologiaren aurrerapenez gain, medikuntzaren azken urteetako benetako iraultza aldaketa kulturalak dakar. Gizarteak eta osasun-profesionalek ikusi dute humanismoan formatzeko beharra. Aldaketa kultural horrek osasun-sistema norbanakoan oinarritzera behartzen gaitu eta lan egiteko era aldatuko du. Gainera, uka ezin daitekeen errealitate bat azpimarratzen du: antzekoak diren gaixo asko daude, baina gaixo guztiak desberdinak dira. Hau da, norbanakoaren aldakortasuna onartzera garamatza. William Oslerrek zioen gisara, «aldakortasuna bizitzaren legea da, bi aurpegi berdin ez dauden moduan, ez daude bi gorputz berdin, ezta bi gizabanako berdin jokatuko dutenak gaixotasun gisa ezagutzen ditugun egoera ezohikoetan».

Etorkizuneko profesionala egungo erronkei aurre egiten eraginkorra izatea lortzeko, alor humanistikoa eta filosofikoa garatzea ezinbestekoa izango da. Oso garrantzitsua baita gaixotasunaren atzean gauza gehiago badirela ikastea; hau da, desberdintasun sozialek osasunarekin zerikusia duela eta ditugun baliabideak ez direla soilik preskribatzen diren medikamentuak, baizik eta testuingurua, familia, sare sanitarioa eta osasunerako prebentzio eta promozioko politikak ere kontuan hartu behar direla.

Azken urteetan genero-ikuspegia ere sartu dela oinarrizko konpetentzien artean. Zein eratan?
Pertsonen eta populazioen bizitza hainbat faktorek baldintzatzen dute (ekonomikoak, sozialak, kulturalak, etab.). Faktore horiek osasunaren mugatzaile sozialak dira eta osasun-sistemek baino eragin handiagoa dute osasunean. Azken urteetan osasuna hobetzeko helburuarekin, begirada mugatzaile sozialetara zuzentzen ari da. Izan ere, eraginkorragoa izango da hauek aldatzea, tratamendu edo aldaketa indibidualak jorratzea baino.

Generoa desberdintasun biologikoaren gainean, momentu, kultura eta gizarte jakin batean egiten den eraikuntza soziala da. Hau da, gizarteak izaera biologikoaren gainean eraikitako estereotipoak dira. Nolakoa izan eta nola jokatu zehazten dutenak eta generoarekin lotutako aginduak edo mandatuak zehazten dituena. Gainera, generoak pertsonen arteko harremanei eta harreman horietan boterearen banaketari egiten die erreferentzia.

Generoa eraikuntza soziala izanik eragile soziala ere bada, eta mugatzaile sozialen garrantzia aipatu dugunez gero, generoa ere patogenoa izan daiteke, hau da, gaixotzeko ahalmena du. Are gehiago, emakumeen egoera sozialak kaxkarrenak dira; esaterako, pobrezia gehiago pairatzen dute eta lan baldintza okerragoak dituzte. Horrek osasunaren mugatzaile sozialen zama areagotzen du emakumeengan.

Zientzia medikoaren garapenean hutsune nabarmenak egon dira emakumeen osasun arretan. Ikerketan, esaterako ikerketak historikoki gizonengan egin dituzte eta zuzenenean emakumeekin berdin jokatu zitekeela ondorioztatu da, beraien ezberdintasun biologiko bakarra ugal aparatu zelaren ustean. Berdin tratatu da desberdina dena; adibidez, gaixotasun kardiobaskularrak gutxietsi dira eta gaixotasun mentalaren aitzakiarekin gehiegizko medikalizazioa bultzatu da.

Honekin batera, emakumeetan ohikoak diren patologiak ez dira ikertu eta gutxietsi dira; anemia, tiroide-gaixotasunak, gaixotasuna autoinmuneak, etab.

Azkenik, generoa patogeno gisa ulertzeko, emakumeen gainkarga aztertzea komeni da. Barneratutako rol eta aginduen ondorioz, aurrera eramateko betebeharrek gaixotzen dituzte eta baita rol horien kontra borrokatzeko grinak. Orokorrean, gainkarga, urduritasuna, mina eta nekea dira gaixotzera eramaten dituzten sintomen atzean daude ondoez nagusiak.

Medikuntzako gradu-aurrean, familiako medikuntzari buruzko katedra edota ikasgai bat izatea etorkizuneko medikuak egoki prestatzeko berme bat litzatekeela diozu. Zergatik? Zein da egoera?
Familia-medikuak dira mediku espezialisten artean kolektibo handiena, eta egoiliarren % 30ek batez beste familiako medikuntza aukeratuko du. Eusko Jaurlaritzak diru gehien inbertitu beharko duen espezialitatea bada ere, Medikuntzako Fakultatean ez du inolako pisurik eta orain hasi dira ikasgaiaren inguruan lanean. Ondorioz, espezialitatea aukeratuko duten medikuen ia ezezaguna zaien alorra aukeratu beharko dute. Gainera Familia eta komunitateko medikuntzaren ezaugarriek aipatutako oinarrizko konpetentzia horiek eskuratzeko eta garatzeko espezialitate apropos gisa definitzen dute. Akademikoki, familiako medikuek ekarpen garrantzitsuak egiten dituzte medikuntzako fakultateetan, graduondoko formakuntzan eta formakuntza jarraituan. Familia-medikuntzak berezkoak dituen ezaguera, trebetasun eta jarreretan (pazientearekiko harremana, abordatze bio-psiko-soziala, prebentzioa eta osasun-sustatzea, arreta integrala, familiaren arreta, zainketen jarraitutasuna, pazientearen ezaguera bere familia- eta komunitate-inguruan, etab.), ezinbestekoak dira edozein medikuren prestakuntza osatzeko, edozein espezialitate aukeratuta ere.

Honenbestez, nire iritziz, familiako medikuntza unibertsitateko ezaguera-alor gisa aitortu behar da, inguruko herrialdeetan bezala. Familiako medikuntza gradu-aurreko ikasketetan ikasgai tronkal gisa barneratu egin behar da, eta unibertsitateek hori posible egiteko beharrezko egitura sortu behar dute. Etorkizunean AEB, Kanada eta Europako herrialde gehienetan egin dutenaren antzera, familia-medikuntzako departamentuak sortu beharko lirateke, gradu-aurreko eta graduondoko prestakuntza integratuz eta doktoretza-programa propioekin.

Jakintza-arloak