Koldo Garcia: "Herritarrak zientzietan ahalduntzea giltzarria da gizarte heldu, kritiko eta arduratsu bat izateko"
2023ko ekainaren 6a
UEUren Udako Ikastaroen 51. edizioaren hasiera-ekitaldia egingo da ekainaren 14an, Bilbon. “Herritarrak ikerketan inplikatzen” jardunaldiarekin "zientzia herritarra ezagutzea, bultzatzea eta zabaltzea" da helburua Koldo Garcia Etxebarria (Basauri, 1982) antolatzailearen esanetan. Garcia, Biologian lizentziaduna eta Genetikan doktorea da, Biodonostia OIIko ikertzailea, UEUko talde eragileko kidea eta zientzia-dibulgatzailea.
Zientzia herritarrean jarriko da fokua Udako Ikastaroen irekiera-ekitaldian. Zergatik?
Udako Euskal Unibertsitatean, sorreratik, herritarrak zentroan jarri ditugu eta gure balioen eta izaeraren ardatz nagusietakoa da. Hala, akademia herritarra garen heinean, zentzuzkoa da planteatzea nola egin ikerkuntza herritarrekin batera, hau da, zientzia herritarra ezagutzea, bultzatzea eta zabaltzea.
Kultura zientifikoaren hedapenean gakoa izan daiteke zientzia herritarra.
Bai, hala da. Landuko dugun ardatzetako bat izango da nola ahaldundu herritarrak zientzia egin dezaten. Halabeharrez, kultura zientifikoaren hedapenaren bidez egin behar da, metodo zientifikoa, hipotesiak, esperimentuak, datuen azterketa, ikuspegi kritikoa... ezagututa eta landuta. Gainera, Zientzia eta Teknologiako Euskal Sareko Agente gisa, gure konpromisoa da kultura zientifikoa bultzatzea beste agenteekin batera, eta zientzia herritarra oso ardatz interesgarria da #ElkarEkin aritzeko.
Zientzia herritarra bultzatzeko euskal ikertzaileek abiatutako hainbat egitasmo partekatuko dira ekitaldian. Zer ikusiko dugu?
Ikerketa-prozesuaren hainbat puntutan adin guztietako herritarrak nola txertatu daitezkeen ikusiko eta ikasiko dugu: herritarren iniziatibaz ikerketa-proiektu bat abiaraztea edo gauzatzea, herritarrek laginketan laguntzea, herritarrek modu aktiboan datuak ematea, herritarren esku uztea lan akademikoak haien onurarako edota herritarrek modu aktiboan dibulgazio-gaiak aukeratzea eta horietan formatzea.
Euskal komunitate zientifiko-teknikoaren iritzia jasotzeko galdetegia egin duzue. Emaitzak ekitaldian aurkeztuko dituzue, baina zerbait aurreratzeko moduan?
Bai, aurreratu dezaket erantzunak askotarikoak izaten ari direla. Horrek hasiera-ekitaldiko eztabaida aberastuko du eta oso interesgarria da, gurea komunitatea dibertsoa dela esan nahi duelako, baina, era berean, erronka bat izango da sintesi batera heltzea. Bide batez, irakurleak bere iritzia eman nahiko balu, hemen du galdetegia.
Nori dago zuzenduta?
Adin guztietako eta jakintza-maila guztietako herritarrei. UEUren edozein jardueratan bezala, bakarrik bi gauza dira beharrezkoak: euskalduna izatea eta jakin-mina izatea. Eta nola ase dezakegu gure jakin-mina? Zientzia herritarra praktikatuta.
Zein da UEUk esku artean duen ikerketa-lerroa?
UEUk bere lehen pausoak emango ditu ikertzen, bereziki online hezkuntzan, hezkidetzan, humanitate digitaletan eta euskal komunitate zientifiko-teknikoaren antolaketan. Jakintza-arlo horietan herritarrak direnez ikergaia edota onurak jasoko dituztenak, eta UEUren balioekin eta izaerarekin koherenteak izan nahi badugu, zentzukoa da herritarrak bertan inplikatzeko bideak jorratzea. Horregatik, estrategikotzat jo dezakegu ekitaldi hau.
Zerbait nabarmentzea gustatuko litzaizuke?
Herritarrak zientzietan ahalduntzea giltzarria da gizarte heldu, kritiko eta arduratsu bat izateko. Aurretik erronka handiak ditugu (krisi demografikoa, klima-larrialdia, etorriko diren osasun-arazoak, etab.) eta zientziak ulertzea eta kultura zientifiko sendoa beharko dugu horiei aurre egiteko eta aurrea hartzeko. Ze modu hobea hori sustatzeko herritarrak ikerkuntzan inplikatzea baino?