Joxerra Furundarena: "Osasun-zientzietako gradu-amaierako lan horiei ikusgarritasun handiagoa eman nahi diegu"

2023ko ekainaren 16a

Joxerra Furundarena: "Osasun-zientzietako gradu-amaierako lan horiei ikusgarritasun handiagoa eman nahi diegu"

UEUren Udako Ikastaroen baitan antolatu da Osasunaldia: osasun-zientzietako gradu amaierako lanen 3. jardunaldia. Jardunaldiaren antolaketa lanetan aritu da Joxerra Furundarena Salsamendi (Usurbil, 1961); Furundarena medikua da, UPV/EHUn lizentziatua Hematologia eta Hemoterapia espezialitatean eta Donostia Unibertsitate Ospitaleko hematologiako laborategiko atalburua da. UPV/EHUren Donostiako Ikastegiko Hematologiako irakaslea da eta OSAGAIZ osasun-zientzien aldizkariko zuzendaria. Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeko kidea ere bada.

Osasun-alorreko ikasleak erdigunean jarri nahi dituzue jardunaldiarekin.

Bai, urtero osasun-zientzien graduak euskaraz ikasi dituzten ikasle asko graduatzen dira, ikasketen bukaerarako gradu-amaierako lan bat idatzi behar izaten dute eta epaile-lanak egiten dituzten irakasleen aurrean defendatu behar izaten dute lan hori. Benetan ordu asko eskatzen dituen lana izaten da eta pena da epaimahaiaren aurrean aurkezteaz aparteko beste zabalpenik ez izatea. OSASUNALDIA Jardunaldiaren asmoa da gradu-amaierako lan horiei ikusgarritasun handiagoa ematea eta beste ikasleen aurrean ere aurkeztu ahal izatea.

Maiatzera arte izan dute ikasleek lanak bidaltzeko aukera. Zer-nolakoa izan da erantzuna?

Denetara 12 lan jaso ditugu, erizaintzakoak, medikuntzakoak eta farmaziakoak eta jatorriaren arabera Gipuzkoatik, Bizkaitik eta Arabatik iritsi dira. Arazoak dauzkagu lan gehiago jasotzeko, Erizaintza Gradua bukatzen dutenek segituan lanean hasteko aukera izaten dutelako udako kontratazioekin eta ia atsedenerako tarterik gabe lanean hasten direlako. Medikuntza Gradukoek bukatu eta 5-7 egunetara BAME edo MIR azterketa famatua prestatzeko ikastaroak hasten dituzte Euskal Herriko edo inguruko komunitateetako akademietan eta, beraz, horiek ere atsedenerako tarterik ez dute izaten. Ikasle batzuek esan digute ezin direla jardunaldian presente egon eta galdetu digute ea modu telematikoan aurkez dezaketen beren lana. Baina, aurten, jardunaldia osorik presentziala egitea pentsatu dugu eta beharbada hori ere izan daiteke beste arrazoi bat; izan ere, aurreko bi urteetan, eta pandemiaren eraginez, jardunaldiak modu telematikoan antolatu genituen.

Bi sari banatuko dituzue. Zer da sarituko dena?

Alde batetik, OSAGAIZ saria emango zaio gradu-amaierako lan onenari eta kontuan hartuko da lanaren kalitatea.

Beste alde batetik, LARATZ saria emango zaio euskara estandarrean egindako aurkezpen onenari.

Aurkeztutako gradu-amaierako lanen laburpenak Osagaiz aldizkarian argitaratuko dira. Ikasle askorentzat haien lehen argitalpena.

OSAGAIZ osasun-zientzien aldizkariak antolatzen du jardunaldia eta egun horretan ikasleen arteko harremanak bultzatzea eta sarea sortzea nahi izaten dugu. Ondoren gradu-amaierako lanen ikusgarritasuna gehiago zabaltzeko aldizkariaren ale berezi batean argitaratzen ditugu lan guztiak iraila aldera. Ikasle gehienentzat lehen argitalpena izaten da eta egindako lan guztiarengatik jasotako aitorpen modukoa izaten da.

Nori dago zuzenduta?

Osasun-zientzietako unibertsitate-ikasketetan azkeneko bi urteetan gradu-amaierako lanak euskaraz aurkeztu dituzten ikasleei zuzenduta dago. Izan daitezke medikuntzakoak, erizaintzakoak, farmaziakoak, odontologiakoak, fisioterapiakoak edo osasun-arloko psikologiakoak.

Jardunaldiaren 3. edizioa da aurtengoa. Nolako ibilbidea izan du?

Lehen aipatu dudan bezala, lehenengo bi jardunaldiak telematikoak izan ziren eta aurten lehen aldiz presentzialak izango dira. Lehenengo jardunaldian jaso ziren lan gehien eta ondorengoetan lan-kopurua antzekoa izan da. Lortu dugu osasun-arlo desberdinetako lanak jasotzea eta besteen aurrean aurkeztea. Inkesta bat egin genuen jakiteko zein izan zitekeen data hoberena horrelako jardunaldi bat antolatzeko eta gehienek erantzun zuten garairik onena gradu-amaierako lanak epaimahaiaren aurrean aurkeztu ondorengo egunak direla. Inkesta horretan jardunaldi presentzialaren alde zeuden batzuk, baina askok, modu telematikoarekin konbinatzea ere ondo ikusten zuten. Aurten UEUri esker Eibarren egingo dugu eta espero dugu giro onean jardutea.

Nabarmentzeko zerbait?

Iruditzen zaigu ikasleak asko gogobetetzen dituela gradua aurrera ateratzeko hainbeste lan egin ondoren beren gradu-amaierako lana beste ikasle batzuen aurrean aurkezteko aukerak, eta OSAGAIZentzat, berriz, aukera da profesional berriak izango direnen artean aldizkaria ezagutarazteko.

Jakintza-arloak