Jose Inazio Imaz: “Hezkuntzak eraldaketa soziala bultzatu beharko luke eta bultzatu dezake”
2020ko martxoaren 24a
Jose Inazio Imaz Bengoetxearen “Hezkuntzaren Soziologia” liburua argitaratu du UEUk. Soziologiak hezkuntzaren azterketa zientifikoari eginiko ekarpen nagusiak jasotzen ditu liburuak eta hezkuntza-gizartea harremana aztertzen du. Imaz soziologian doktorea da eta 1999tik Hezkuntzaren Soziologia ikasgaia irakasten du UPV/EHUn.
Gizartearen eta hezkuntzaren arteko harremana da liburuaren gai nagusia. Zergatik da hain garrantzitsua hezkuntza begirada soziologikotik aztertzea?
Hezkuntza psikologiatik, historiatik, pedagogiatik eta beste gizarte zientzia batzuetatik begiratu izan da batez ere; baina horiekin batera, hezkuntza zientifikoki ulertu nahi duenak beharrezkoa du baita ere begirada soziologikoa erabiltzea. Batetik, nahiko nabaria den bezala, hezkuntza fenomeno sozial-kolektiboa delako. Zergatik bestela hainbeste "arreta-defizitaren nahaste" kasu garai eta gizarte batzuetan, eta gutxiago besteetan? Ziurrenik gizarte eta garai batzuetako hiper-estimulazioarekin, zailagoa delako arreta zerbaitetan kontzentratzea; edo agian gizarte horietan errazago diagnostikatzen delako nahaste hori... Edo, zergatik eskola porrota gehiago klase sozial batzuetan? Ziurrenik klase sozial batzuk, kapital ekonomiko eta eskolar gutxiago dutelako; eta ondorioz eskolan desabantailekin hasten direlako.
Emile Durkheimek esaten zuen ekintza sozialak soziologiak aztertu behar zituela; eta ekintza sozialak ziren gu jaio aurretik existitzen zirenak, eta hil ondoren ere existitzen jarraituko dutenak; indibidualki aldatu ezin direnak; eta inposatu egiten zaizkigunak. Hezkuntzak ezaugarri guzti hauek betetzen ditu, eta beraz soziologia ere aztertu beharko genuke.
Bestetik, soziologoen ustez, hezkuntzaren helburu eta funtzio nagusietako bat da gizarteratzea, pertsonak jendarte eta kultura zehatz batean bizitzeko prestatzea. Horregatik aldatzen da hezkuntza, gizartea aldatzen delako. Horregatik daude gaur egun hainbeste ingeniari, eta horregatik zeuden gizarte tradizionalean hainbeste fraide, moja eta apaiz. Nahiz eta guk "bokazio indibidual" bezala bizi ditugun. Ondorioz, hezkuntza-gizartea harremana aztertu beharra dago.
Hezkuntza ez da eskola bakarrik...
Hezkuntza instituzio ezagunena eskola da; baina hezkuntza gizarteratzea edo sozializazioa bada, gizarte batean bizitzen ikastea, nabaria da ez dela ikasteko leku bakarra. Beste sozializazio agente batzuk ere oso inportanteak dira: familia, lagun-taldeak eta bestelako taldeak, pantailak... Aztertu beharko genuke, beraz, agente horiekin ere zer gertatzen den: familia aldaketari buruzko eztabaidak, kultura digitalari buruzkoak...
Bestetik, irakaslea ez da hezkuntzan lan egiten duen profesional bakarra: hor daude baita ere gizarte hezitzaileak, pedagogoak... Eskolaz gain, bestelako hezkuntza instituzio eta arloak ere bai: aisialdia, babesgabe edo zaurgarritasun egoeran dauden kolektiboekin egindako lan sozio-hezitzaileak, urritasunak dituzten kolektiboekin egiten den lana... Hau ere ahaztu egiten zaigu askotan.
Gizarteratze prozesu eta agenteen gainean hitz egiterakoan, IKTak ere badituzu aztergai. “Pertsonak bere identitatea eraikitzeko patxada, isiltasuna eta bakardade momentuak” behar dituela diozu, eta pantailen kulturak ez duela horretarako denborarik ematen. Hala ere, kontuz ibili behar dugula “integratuekin” bezainbeste “apokaliptiko”ekin...
Lehenago ere aipatu dugunez, informazioaren gizarte global honetan, "pantailak" gizarteratze agente oso garrantzitsuak dira. Hor ikusten eta ikasten ditugu rolak, balioak, pentsatzeko, sentitzeko eta izateko moduak. Noski, kultura digital hori oso azkarra da, azalekoa kasu askotan; eta ikuskizunari lehentasuna ematen diona; itxura izatearen aurretik jartzen duena (Debord). Gure bizitza hobetu dezakeen zerbait ikasteko denbora behar omen da, eta pentsamendu-hausnarketa inportanteetarako in-put gabeko tarteak behar omen ditugu, igande arratsaldeak. Baina orain, "ni fisikoa"-z gain "ni-digitala" ere mantendu beharra dago, eta horrela zaila da denbora huts horiek bilatzea. Entretenituegiak gaude agian, azeleratuegiak...
Gertatzen dena da, 2020ko Euskal Herrian bizita, ekidin ezina dela egunero pantailen aurrean ordu asko pasatzea; gero eta gauza gehiago egin beharra baitaude haien aurrean: ikasketak, enplegua, harreman sozialak... Horregatik Umberto Ecoren esaldi hori, ez genukeela akritikoki onartu behar mundu berri hau; baina bestetik, olatu handi hauen aurka ere ezin dela joan; pertsonak ez garelako bakarrik bizi. Pantailen kontsumo arduratsua praktikatzea eta sustatzea izan liteke irtenbide bat; off-line eta baraualdi teknologiko denborak zabaltzea, pantailak ikusten ikastea, eta pantailak ikasteko erabiltzea.
Hezkuntzak jarduera politikoa edo neutrala izan behar du?
Alferrikakoa da hezkuntzak neutrala edo politikoa izan behar duen galdetzea; beti baita ekintza politikoa, baita neutral izaten saiatzen garenean ere. Izan ere, politika gizartearen edo polis-aren kudeaketa da, lehentasunak finkatu eta erabakiak hartzea; pertsonen bizitzan ekidin ezina den zerbait, eta guk egiten ez badugu, beste norbaitek egingo duena gure ordez; gure bizitzan eragina izango duten erabakiak hartuaz. Ondorioz, hezkuntza beti da politikoa, hezkuntza prozesu batean beti aurreikusten baita pertsona, gizarte eta etorkizun mota zehatz bat.
Normalean boterean dagoenak ezkutatu nahi du hezkuntzaren izaera politikoa; bere erabakiak naturalizatu eta normalizatuaz, bere izaera politikoa ezkutatuaz, eta erresistentzia egin nahi diona edo gauzak aldatu nahi dituena "politiko" bezala seinalatuaz. Erantzunak ez luke izan behar neutral izaten saiatzea, baizik eta hezkuntzaren izaera politikoa agerian uztea. Gainera, bidegabeak diren egoera eta zapalkuntzen aurrean neutral izaten saiatzearen ondorioak ez dira neutralak, botereari egiten dio mesede. Injustizia egoera batean neutral dena, zapaltzaileen alde jartzen da. Hezkuntza beti da, beraz, ekintza politikoa; eta, ondorioz, landu beharra dago munduaren irakurketa kritiko bat; beharrezkoa da kontzientziazioa (Freire), eta hezkuntzan lan egingo dutenek, prestakuntza teknikoaz gain, izan beharko lukete beharrezkoa den eraldaketa soziala bultzatuko duten intelektualak eta aktibistak (Giroux).
Zein da liburu honen helburu nagusia?
Hezkuntzaren izaera soziala aztertzea; eta hezkuntza eta gizartearen arteko harremanaren azterketa zientifiko horren barnean, konturatzea hezkuntzak zer egin dezakeen gure garaiko arazo sozial nagusien aurrean: ezberdintasun sozioekonomikoak errenta altuko eta baxuko herrien artean; ezberdintasunak errenta altuko herrien barnean ere; ekologia, genero ezberdintasunak, mota ezberdinetako zapalkuntza bidegabeak (arrazan oinarritutakoak, linguistikoak, kulturalak, nazionalak…). Konturatzea hezkuntzak eraldaketa soziala bultzatu beharko lukeela eta bultzatu dezakeela.
Nori zuzendutakoa da?
Nik Gizarte Hezkuntza eta Pedagogian erakusten dut Hezkuntzaren Soziologia ikasgaia;eta horretan pentsatuaz prestatuta dago liburua; baina nik uste Magisteritzako ikasleentzat ere oso baliagarria izan daitekeela; soziologoek hezkuntza aztertzean orain arte batez ere eskola aztertu baitute. Bigarren Hezkuntzako Masterrean ere erabili izan ditut material hauek. Eta orokorrean, pentsatzen dut hezkuntzan interesatua dagoen edonorentzat dela interesgarria.