Jon Mentxakatorre: "Filosofiaren erronka nagusia bere izaera benetan ulertzea da"

2023ko uztailaren 3a

Jon Mentxakatorre: "Filosofiaren erronka nagusia bere izaera benetan ulertzea da"

Filosofo Euskaldunen I. Bilkura antolatu dute UEUk eta Agora Filosofia Elkarteak Eibarren, uztailaren 3an. Bilkurako antolatzaileetako bat da Jon Mentxakatorre (Galdakao, 1992) filosofoa. Mentxakatorre, Giza Zientzietan graduatua da (Deustuko Unibertsitatea) eta Filosofian doktorea (Madrilgo Unibertsitate Autonomoa). Mondragon Unibertsitatean ari da, gaur egungo gizartea eta hezkuntza gaien gainean irakas-ikerketan. 2021etik Filosofia Saileko arduraduna da UEUn. Berarekin izan gara bilkuraren gainean hitz egiteko.

Filosofo Euskaldunen I. Bilkura egingo da aurten. Zerk bultzatu du bilkuraren sorrera?

Euskara, Euskal Herria, filosofia, ikas-irakaskuntza eta unibertsitatea ardaztuko dituen komunitaterako ingurunea sortzearen beharra. Bada aurreko hari bat eta beste josten dituen erakunde, talde edo proiekturik, noski, baina guztiak lotu beharra zegoen, UEUk bakarrik eman dezakeen testuinguruan eta haren asmoekin bat.

Euskal filosofoen komunitatea biltzea lortu nahi duzue. Oso barreiatuta dagoen komunitatea al da?

Beste diziplinen ondoan, filosofian ari direnak oso gutxi dira, eta horien artean adituak are gutxiago. Elkarren berri izatea eta elkarrekin harremanetan egotea erraza eta berezkoa da, baita asmoren baten inguruan batzea ere. Bada, hortaz, filosofoen komunitatea. Bilkurak begirada handiagoz elkar aberasteko helburua dauka, eta euskal unibertsitate eta herrigintzari laguntzeko nahia. Era honetara ere eratuz, filosofoen komunitateak oinarri, indar eta helmen berezirako aukera izango du.

Alorreko materiala ere bildu eta zabaldu nahi duzue. Zergatik? Nola?

Eduki eta ekarpen ugari oso lagungarri izan daitezkeelako aldamenekoarentzat. Biltzeko erak asko eta erabilerrazak izan daitezke; zein erabili batera erabaki egin behar dugu.

Auzi desberdinetan jarriko duzue fokua: dibulgazio-aukerak, hezkuntzako lege berria... Zeintzuk dira filosofiaren erronka nagusiak gaur egun?

Ikasgai edo ikergai izateaz gain, zalantzan egin eta gogo eta kritikorako zorroztarri izateaz gain, sakoneko hariak elkarri ondo lotzeko ardatz izateaz gain, arimarentzat jakituri-iturri izan behar duela gogoratzea. Horrekin bat, jendartean, ezagutza eta ekimenerako bide onartua bilakatzea. Horren ondoren, filosofoak, herriaren baitan, soziologikoki tokia izatea. Filosofia-ikasketaduna, oro har, irakasle da, edo kazetari, sorosle, suhiltzaile… filosofia-ikasketekin. Baina filosofo, bere horretan, ez. Horretarako, sakoneko taupadetan, herriak toki egin behar dio filosofoari. Era berean, filosofia-ikasketadunak filosofo izateko bidea aurkitu behar du. Horregatik, filosofoen komunitatean egun dagokeen zenbait kezka filosofiaren zabalkundearekin edota herritarren hezkuntzan daukan tokiarekin loturik legoke. Baina, esan bezala, filosofiaren erronka nagusia bere izaera benetan ulertzea da.

Nori dago zuzenduta?

Bilkura filosofiari lotutako ikasketa, lan eta ardura estua duen orori zuzendurik dago, eta, horrez gain, jakin-mina edo gogoa duen edonor deituta dago. Pentsamendua bide ezezagun baina sendoetatik eramateko gogoa duen edonori zuzendurik dago, hortaz.

Lehenengo edizioa izango da aurtengoa, zer da bilkurarekin lortu nahiko zenuketena?

Elkarrekin pentsatzeko eta asmatzeko abiapuntu emankorra. Bilkura aberatsa eginez gero, bikaina litzateke gehiago egitea, baina are gehiago batetik besterako elkarlana, euskara eta Euskal Herria arnas nagusi izanik.

Nabarmentzeko zerbait?

UEUk eskaintzen duen plaza eta, askok adierazi dutenez, ekimenerako gogo on eta poztasuna. Euskal Herriaren baitatik gogoeta egiteko aukera asko eta behar handia dago.

Jakintza-arloak