Jon Fernandez Iriondo: "Segun eta zer testuliburu erabiltzen dituzten eskolan, nazio-identitate bat edo bestea helduko zaie gehiago ikasleei"
2024ko azaroaren 5a
UEUren Uztaro aldizkarian aurkeztu ditu "Nazionalismo subliminala(k) eta testuliburuak: alfabetatze nazional paraleloak Euskal Autonomia Erkidegoan" ikerketaren nondik norakoak Jon Fernandez Iriondok (Bilbo, 1998). 2021ean Nazioarteko Harremanetan eta Zuzenbidean graduatu zen Deustuko Unibertsitatean eta 2022an Subiranotasuna Europako Herrietan Masterra bukatu zuen EHUn. Gaur egun Soziologian doktoratzen ari da EHUn, aditua izanik Nazionalismo Ikerketetan.
Nazio-identitatearen transmisioan hezkuntzak duen papera izan duzu aztergai. Nola sortu da aukera?
Nazio-identitateen gaia aspalditik iruditu zait interesgarria. Alemanian Erasmus ikaslea nintzenean 2019an, gogoan dut nazio-nortasunari, herritartasunari eta multikulturalismoari buruzko pare bat irakasgai hartu nituela, eta orduantxe jabetu nintzen posible zela gai horiek ikertzea. Ondoren, Subiranotasuna Europako Herrietan Masterrak ahalbidetu zidan Nazionalismo Ikerketetan sakontzea. Master-amaierako lanerako ikergai bila nenbilela, eskola partikularrak ematen nizkion DBHko ikasle bati. Iñaki Petxarromanek testuliburuei eta Euskal Herriaren errepresentazioari buruz egindako erreportaje bat irakurri nuen Berrian, eta arreta handiagoz begiratzen hasi nintzen nire ikaslearen ikasmaterialak. Orduan okurritu zitzaidan masterrean ikasitako teoria konkretu bat eskolako testuliburuekin kontrastatu nezakeela. Hilabete batzuk aurrerago, master-amaireako lanaren ikergaia nire doktore-tesiaren ikergaia ere izan zitekeela pentsatu nuen.
Lehen Hezkuntzan erabiltzen diren Gizarte Zientzietako testuliburuak konparatu dituzu. Zein izan da lagina?
Konkretuki, hiru testuliburu aztertu ditut, Lehen Hezkuntzako 6. mailakoak eta Gizarte Zientzietakoak (Gizarte eta Naturaren Zientzietakoak, argitaletxe baten kasuan). Hautatutako argitaletxeak Santillana-Zubia, Anaya-Haritza eta Ikaselkar izan dira, Ikaselkar izanik laginean multinazionalen menpe ez dagoen tokiko argitaletxe bakarra. Gainera, esan beharra dago argitaletxe horiek Euskal Autonomia Erkidegorako merkaturatu dituzten azkenengo edizioak baino ez ditudala aztertu, gaur egungo egoeraren diagnosia egin nahi nuen-eta, eta ez testuliburuen azterketa historikoa.
Ikurrak, mapak... zer da bertan bilatu nahi izan duzuna?
Bilatu nahi nuenak oso izen konkretua dauka gure ikerketa-arloan: 'nazionalismo banala' delakoa. Kontzeptua garatu zuen autoreari kritikak egin dizkiote 'banal' hitza hautatzeagatik ingelesez, eta are zailagoa dugu euskaraz: banala? Hutsala? Jendeak hobeto ulertuko zuelakoan, artikuluaren izenbururako 'subliminal' hitza erabili nuen, azken batean Michael Billig-ek nazionalismoaren forma diskurtsibo subliminalei egiten dielako erreferentzia. Eta zer forma hartzen ditu nazionalismo subliminal horrek testuliburuen kasuan? Bada, adibide gutxi batzuk emate aldera, liburu batek “gure gizartea” dioenean Espainiari egiten badio erreferentzia, argi dago nazionalismo espainiarrarekin lerrokatzen dela. Beste batzuetan, elipsien bidez egiten da hori: “uharteetako erliebea”. Munduko uharte guztietako erliebea ikasten dute haurrek? Ez, Espainiako Estatuko uharteei buruz ari gara. Horrelako hizkuntza-praktikez gain, mapei ere garrantzi berezia eman diet, nazioa modu bisualean imajinatzeko eta mugei itxura objektiboa emateko aparteko tresnak baitira. Bestelakoei ere erreparatu egin diet, hala nola oroimen selektiboari, sinbologiari, etab.
Eta zer diote emaitzek? Nola transmititzen dute identitatea testuliburuek?
Azterketa kuantitatiboa eta kualitatiboa uztartu ditut eta, Anayaren kasuan ñabarduraren bat egingo nukeen arren, esan dezakegu Santillana-Zubiak eta Anaya-Haritzak nazio-nortasun espainiarra transmititzen dutela nagusiki, haien edukiek Espainia analisi sozial eta historiko arrazionalerako marko naturala balitz bezala aurkezten duten heinean. Daturen bat ematearren, Santillana-Zubiak 64 orri eskaintzen dizkie Espainiari buruzko edukiei, eta soilik 11 orri Euskal Autonomia Erkidegoari. Anaya-Haritzaren kasuan, antzeko: 70 eta 18 orri, hurrenez hurren. Salbuespena Ikaselkar argitaletxea litzateke, haren ikasmaterialek zazpi lurraldeetako Euskal Herria hartzen baitute abiapuntu edo erreferentziazko marko gisa. Laburbilduz, segun eta zer testuliburu erabiltzen dituzten eskolan, nazio-identitate bat edo bestea helduko zaie gehiago ikasleei. Hurrengo urteetan liburuen lagina handitzeko asmoa dut, ikasmaila eta argitaletxe gehiago aztertzeko, baita Nafarroa Garaiko eta Ipar Euskal Herriko egoera aztertzeko ere.
Zer indar dute lurralde-identitateen transmisioan?
Haurren eta nerabeen identitatean faktore batek baino gehiagok dute eragina: familiak, eskolak, komunikabideek, Internetek, lagunek, etab. Horrenbestez, zaila da jakitea zehazki zenbateko inpaktua duen faktore horietako bakoitzak. Beharbada ez dago modurik hori neurtzeko. Nolanahi ere, ideia bat izateko, kontuan hartu behar dugu ikasleek ordu pila ematen dituztela testuliburuekin, izan paperezko bertsioarekin, izan bertsio digitalarekin. Izan ere, testuliburuak erabiltzen dituzte ikastetxean ez ezik, etxean ere, etxerako lanak egiteko edota azterketak prestatzeko. Ildo horretan, astelehenetik ostiralera milaka eta milaka ikaslek estandarizatutako testuliburuak erabiltzen badituzte, esan dezakegu eskolako testuliburuak berezitasun pedagogiko edo didaktikoak dituzten masa-hedabideak direla. Horri gehitzen badiogu ikasleei sinetsarazi egiten zaiela eskolan eskuratutako ezagutza objektiboa edo neutrala dela, bistan da liburuen eragina ez dela eskasa.
Uztaro aldizkarian argitaratu dituzu ikerketaren emaitzak. Garrantzitsuak dira horrelako plataformak?
Bai, Uztaro aldizkarian argitaratu dut artikulua, oso aukera ona iruditu zitzaidalako euskaraz argitaratzeko eta inpaktu-maila jakin bat izateko akademikoki nahiz sozialki. Oraindik ere akademian hasi berritan nagoela esango nuke eta ez dut guztiz ondo ezagutzen aldizkarien mundua, baina euskaldun eta ikertzaile gisa funtsezkoa eta oinarrizkoa iruditzen zait Uztaro bezalako giza eta gizarte-zientzietako euskarazko aldizkari bat egotea, ez soilik hizkuntzaren hobe beharrez, baizik eta gure komunitatean inpaktua izateko ere. Uztarorik egongo ez balitz, horrelako bat sortu beharko genuke.