Jaione Berraondo Iriondo: "Hezkuntza-arloan lan egiten duten pertsona guztiek dolu-seinaleak ezagutzeko prestatuta egon behar dute"
2024ko urriaren 18a
"Doluaren kudeaketa eskola testuinguruan: orientatzaileen prestakuntza" ikastaroa emango du UEUrekin Jaione Berraondo Iriondok (Eibar, 1985). Enpresagintza ikasi zuen eta marketin-arloan urte asko eman eta gero, Psikologia ikasi zuen. Osasun-psikologoa izateko masterra Deustun egin zuen eta 3 urte eman zituen ludopatia bizi zuten heldu eta gazteak laguntzen. Bere kontuz lanean hasi zenean, doluan espezializatu zen. Gaur egun hezkuntza-orientatzailea izateko ikasketak egiten ari da Mondragon Unibertsitatean.
Doluaren gaia jarriko duzu erdigunean. Zergatik?
Doluan espezializatutako osasun-psikologo gisa, galerak izan dituzten heldu eta familia ugarirekin lan egin dut. Askotan, familia horien kezka nagusietako bat da ez dakitela nola lagundu alabari edo semeari eskolan. Adibidez, gogoan dut ama batek kontatu zidala bere semeak bakarrik joan behar izan zuela komunera negar egitera, gelan familiari buruzko ariketa bat egiten ari zirelako. Ume eta gazte askok isilean aurre egin behar diete holako egoerei. Irakasleek, trebatuta egonez gero, umeak isolatuta edo ulertu gabe sentitzea saihets dezakete. Gainera, askotan zerbait oker esateko beldur dira, eta horrek bakardade-sentsazioa areagotzen du ume eta gazteengan. Modu egokian jardunez gero, eskola espazio segurua izan daiteke bai emozioak lantzeko bai prozesu zail horretan zehar lagunduta senti daitezen.
Nola kudeatzen da doluaren gaia eskola-testuinguruan?
Hasteko, heriotza eta doluaren gaia modu irekian eta enpatikoan lantzeko ingurune bat sortu behar dugu, emozioak beldurrik gabe adieraz ditzaten. Irakasleek dolu-seinaleak ezagutzeko prestatuta egon behar dute, eta baita galera bat bizi izan dutenei emozionalki laguntzeko ere. Bestalde, dolua ez da soilik maite den pertsona bat galtzera mugatzen; bigarren mailako galerak ere ohikoak dira, hala nola familia-egituraren aldaketak edota zailtasun ekonomikoak. Alderdi horiek ezagutzeak laguntza-sare osoagoa eta eraginkorragoa sortzea ahalbidetuko die, umeak prozesuan bakarrik sentituko ez direla ziurtatuz.
Ikastetxeek dolua kudeatzeko plan bat izan beharko luketela diozu. Nondik hasi?
Dolu-plan bat garatzeko lehen urratsa langile guztiak, ez irakasleak bakarrik, akonpainamendu-estrategietan eta emozioen kudeaketan prestatzea da. Eskola barruan eta eskolatik kanpo dauden laguntza-baliabideak zeintzuk diren jakin dezaten komeni da, hala nola psikologoak, orientatzaileak edota laguntza-sare komunitarioak. Protokolo argi bat sortuz, egoera zailei aurre egiteko bide argi bat izango dugu: heriotza bat ikasleei nola jakinarazi, mina pizten duten eragileak kudeatu, edo laguntza emozionala epe luzera nola mantendu. Gainera, galera bat bizi izan duten ikasleentzat kontaktu-pertsona bat ezartzea gomendagarria da, beti konfiantzazko heldu bat izan dezaten. Eskolek, irakatsi ez ezik, ikasleei emozionalki laguntzeko guneak ere izan behar dute.
Zer da ikastaroarekin lortu nahi duzuna?
Ikastaro honen helburua hezkuntza-arloan lan egiten duten profesionalak dolua identifikatu, ulertu eta prozesu hau bizi izan duten ikasleei modu eraginkorrean lagundu ahal izateko ahalduntzea da. Dolu-seinaleak detektatzeaz gain, parte-hartzaileek gai hau tabua izateari uzteko giroa sortzeko beharrezkoak diren tresnak eskura ditzaten nahi dut. Funtsezkoa da laguntza proaktiboa eskaintzea, doluan dauden ikasleen isolamendua prebenitzeko eta une zailetan emozionalki lagundu ahal izateko. Ikastaroak, krisi bat gertatzen den egoeretarako prestatzeaz gain, deboran zehar laguntza iraunkorra emateko prestatzea du helburu, dolua pizten duten momentuak ez baitira bat-batean desagertzen eta laguntza iraunkorra eskaini behar diegulako.
Nori dago zuzenduta?
Ikastaroa hezkuntza-arloan lan egiten duten pertsona guztiei zuzenduta dago, hala nola irakasleei, orientatzaileei edota ikastetxeetako zuzendariei. Doluaren inguruko prestakuntza funtsezkoa da ume eta nerabeekin kontaktua duen edonorentzat; izan ere, dolua modu konplexuan ager daiteke eta sarritan identifikatzen zaila izaten da. Ikastaro honek hezkuntzan lan egiten duten profesionalei dolu-seinaleak identifikatu eta dolu-prozesuan laguntza emozionala eskaintzeko beharrezkoak diren tresnak eskuratzen lagunduko die.
Gainera, hezkuntza-politikak kudeatzen edo ezartzen dituzten pertsonentzat ere diseinatuta dago, eta baita esku-hartze planak diseinatu eta gauzatzen dituztenentzat ere. Profesional hauek doluak haurrei eta nerabeei nola eragiten dien ulertzeaz gain, dolua maila instituzionalean kudeatzeko estrategia eraginkorrak nola garatu ikasiko dute.
Horrek barneratzen du irakasle, familia eta eskolako beste eragile batzuen arteko koordinazioa , ikasleari laguntza integrala eta koordinatua bermatzeko. Horrela eskola heriotza eta doluarekiko ingurune enpatikoagoa eta kontzienteagoa izatea sustatuko duten politikak abiarazi ahal izango dituzte. Krisi-egoerak ez ezik, eskola osatzen duten pertsona guztien ongizate emozionala kudeatzeko eta bermatzeko ere prest egongo dira.
Bestalde, doluak umeengan eta nerabeengan nola eragiten duen ulertu nahi duen edonork jaso ahal izango du ikastaro hau, ezagutza sakona eta praktikoa eskainiko baitie eraginkortasunez jarduteko.