Ione Zuloaga Muxika: "Emakumeei eragindako errepresaliak ez dira errazak izaten ikertzeko"

2024ko uztailaren 4a

Ione Zuloaga Muxika: "Emakumeei eragindako errepresaliak ez dira errazak izaten ikertzeko"

Ione Zuloaga Muxikak (1995, Azkoitia) "Informazio eta Dokumentazio Kudeatzaileen X. Bilkura: Artxiboen papera ikerkuntza prozesuan" ikastaroan parte hartu du. 1936-1945 artean errepresio frankista jasan zuten emakumeei buruz aritu da. 2017an Historian graduatua, ordutik, Oroimen Historikoan zenbait ikerketa egin ditu eta Euskal Herriko Unibertsitatean Historia Garaikideko Masterra ere egin zuen. Gradu- eta master-amaierako ikerketa-lanetan gerra eta diktadura frankistako emakume errepresaliatuak izan ditu oinarri. Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea da.

"Isilpeko historia berreskuratuz. Emakumeen aurkako errepresio frankista artxiboetako dokumentazioaren bidez berreskuratzeko erronkak" gaiaz arituko zara. Zergatik da zaila emakumeen arrastoei jarraitzea?

Diktadura frankista amaitu eta lehenengo urteetan, esan bezala, batik bat, gerran zehar eta diktaduran zehar errepresaliatu ziren gizonezko liderren bizitzak atera ziren argitara, tartean-tartean Juana Doña bezalako emakume errepresaliatuen testigantza-liburuak baditugu ere. Aranzadi Zientzia Elkarteko Memoria Historikoko taldetik dezente urte daramagu metodo zientifikoa aplikatuz herrika 1936ko gerra eta gerraostean gertatutakoa ikertzen. Herrikako ikerketa horietan beti horma berarekin topo egiten dugu eta genuen, emakumeei eragindako errepresaliak ez dira batere errazak izaten ikertzeko. Gizonezkoen kontrara, jaso zituzten errepresalia mota gogorrenen errealitatea ez da dokumentu historikoetan hain islatuta geratu. Hori esaten dudanean, errepresio sexuatuaz ari naiz, hau da, ile-mozketez, bortxaketez… gehienetan ahozko testigantzen bidez jasotzen ditugu halako gisako errepresaliak, lehen adierazi dudan bezala. Hala eta guztiz ere, badira dokumentu historikoetan agertu zaizkigun kasuak, horietako bat Bienvenida Agirrezabalaga tolosarrarena da. Frankistek, Tolosara sartzean, ile-mozketa egin zioten eta hori jakitea, hari egin zioten epaiketa ikertuz jakin ahal izan dugu. Beste kasu antzeko bat, Clara Moran emakume milizianoarena dugu. Elgetako frontean emakume miliziano gisan ari zela, frankistek hartu, bortxatu eta hil egin zuten oso modu bortitzean. Horren inguruko testigantza La fiesta terminó en tragedia Montevideon 1944an Fernando Artasánchezek argitaratu zuen liburuan dago eta, lehen aldiz, Etxahun Galparsoro ikertzaileak haren berri eman zuenean jakin nuen neuk.

Beraz, azpimarratu nahiko nuke, emakume errepresaliatuen historia osoa behar bezala edo ahalik eta modu osotuenean jasotzeko ezinbestekoa dela tokiko historia egitea. Tokiko historiaren bidez, herriko memoria ahozko iturrien bidez jasotzen baitugu eta kasurik gehienetan halakoetan ematen digute errepresio sexuatua jasan zuten emakumeen inguruko informazioa, besteak beste. Historialariok, ikerketa egiteko orduan, iturrien aniztasunaz baliatu behar dugu eta iturri horiek guztiek emandako informazioa ezinbestekoa da dagokion testuinguru historikoan ulertzea.

Zergatik da garrantzitsua emakume horien historia ekartzea?

Historia osoa ezagutu nahi baldin badugu, ezinbestekoa da garai hartan gizartea osatzen zuten subjektu politiko guztiak ikertzea; beraz, zentzu horretan, emakumeen historia hura ere jakiteak gure iragan hurbila osoago ezagutzea eragingo du eta ez erdizka.

Zer-nolako funtzioa hartzen dute artxibozainek historialarien ikerketa batean?

Ezinbestekoak dira dokumentazio historikoa errazteko orduan, kontsultak egiteko orduan haiek gabe ezin izango genuke ikerketa behar bezala osatu.

Ba al dauka jendeak antzina gertatutakoaren interesik?

Herriz herri sentitzen dugu oraindik ere badagoela interesa iragan hurbilean, hau da, 1936ko gerra eta diktadura frankistan zehar gure herrietan gertatu zena jakiteko. Orokorrean edozeini galdetzen badiogu kalean Franco edo Jose Antonio Agirre nor izan ziren, badakite. Ez dugu ahaztu behar, ordea, gerra hartan parte hartu zuten bakarrak ez zirela izan. Etxe bakoitzean 1936ko gerrako eta diktadurako memoria bat dago, gizarte haren parte izan ginen eta ondorengoak ere bagara, eta batik bat, gerra hartan galdu eta haien memoria eta historia ukatu zitzaienek interes berezia adierazten digute haien iragana berreskuratzerako orduan. Kontuan hartu behar dugu gerra ankerra izan zela, baina gerraosteko diktadura are ankerragoa bihurtu zen galtzaileentzat. Galtzaileei egunero gogorarazten zieten gerraren galtzaile izan zirela, eta egin zizkietenak giza eskubideen aurkakoak baziren ere, isilpean gorde behar izan zituzten. Hala, beraz, ez da harritzekoa gaur egun isiltasun hori apurtzeko eta publiko zabalak haiei gertatu zitzaiena jakiteko adierazten duten beharra. Betiere, haien gehiengoak jakiteko behar batetik egiten du eta ez gorrototik.

Aranzadi Zentzia Taldeko kidea zara. Nola hasi zinen bertan?

Unibertsitateko lehen urtean, gaur egun oso lagun ona dudan Manex Arrastoa Mendizabalek esan zigun uda hartan Aranzadik 1936ko gerrako indusketak egin behar zituela Adunan, Asteasun eta Zizurkilen (Gipuzkoa). Izugarri gustatzen zitzaidan Arkeologia irakasgaia, baina hori bakarrik ez; gerran eta diktadura-garaian gertatu zena lehen pertsonan ezagutu nahi nuen. Ordurako gaiaz irakurrita nengoen eta pixka bat ikertuta nuen, baina horretaz hitz egiten nuen aldiro jendearengan isiltasuna eta deserosotasuna nabaritzen nituen. Beldurragatik? Edo gaiaz hitz egiteak zenbaiti mina sortzen ziolako? Bost urtez nire ikerketa-gaia izan denez, gaur egun baditut galdera horientzako erantzunak. Gainera, garai hartan mundu berri bat ireki zitzaidan; izan ere, Adunan, Asteasun eta Zizurkilen egindako indusketek gero Amaiurren, Irulegin eta Auritzen indusketak egiteko bidea ireki zidaten. Poliki- poliki, udaro, metodo zientifikoan geroz eta formakuntza handiagoa hartzen joan naiz. Hori ez zen posible izango Juantxo Agirre Mauleon Aranzadiko idazkari nagusiak elkartearen etorkizuna gazteongan ikusi izan ez balu.

Jakintza-arloak