Iñigo Balerdi Urrestarazu: "Gaitasun digitalak lantzeko ikasleak teknologia digitalen erabileran hezi behar dira"
2024ko apirilaren 23a
"Mooteu Euskadi 2024. Moodle Erabiltzaileen XVI. Topaketa" egingo da ostiralean Eibarren, aurten UEUk antolatuta. Bertan parte hartuko du Iñigo Balerdi Urrestarazuk (Alegia, 1967) "Tolosaldea Lanbide Heziketan, ETHAZI ereduko erronken Moodleko ezarpena" hitzaldiarekin. Bera, Informatikan lizentziatua da (EHU) eta gaur egun Tolosaldea LHko eraldaketa digitalaren bultzatzailea eta Tknikako kidea da.
Ikaslearen ikaskuntza-prozesua gaitasun digitalen lanketaren bidez hobetzea da zure lana. Zergatik begiratu diozu horri?
Badira urteak teknologia digitalak gure artean daudela (ikastetxean, etxean, lagun artean, gizartean...). Hezkuntzan urteak daramatzagunok, nire kasuan Lanbide Heziketan, gailu digitalak gure geletan pixkanaka nola joan izan diren txertatzen ikusi dugu. Hasiera batean inongo hezkuntza-helbururik gabe edo prestakuntza-zikloetako beste moduluekin lotura pedagogikorik gabe. Bazirudien helburua informatika bera zela, zegokion prestakuntza-zikloarekin lotura nabarmenik izan gabe.
Teknologia digitalen erabilera horrek ikaskuntzari mesede askorik egiten ez zionez, teknologia digitala helburu izan ordez bitarteko gisa ulertzen hasi ginen. Hori horrela izanik, argi zegoen ezinbestekoa zela ikasle eta irakasleen gaitasun digitalen lanketarekin hastea.
Gaitasun digitalak lantzeko ikasleak teknologia digitalen erabileran hezi behar dira, baina betiere modu seguru, arduratsu eta kritikoan. Ikasleak digitalki ahaldundu egin behar du. Eta lanketa honek zeharkakoa izan behar du prestakuntza-zikloetan, beste zeharkako gaitasunen antzera (autonomia ikaskuntzan, talde-lana, aparteko emaitzetarako orientazioa, etab.). Prestakuntza-ziklo guztia busti behar du lanketa honek eta lanketa honen emaitzak.
Lanketa honen sustapenean eta eraldaketa digitalari buruzko beste hainbat gaitan 20 urte inguru daramat Tknikan kolaboratzen. Bertan burututakoak gero EAEko LHko ikastetxeetan sustatzen dira, tartean Tolosaldea LHn.
Zer da ETHAZI?
Ethazi (etekin handiko zikloak) ikaskuntza-eredu bat da. Eredu guztia erronketan oinarritutako ikaskuntza kolaboratiboaren inguruan antolatzen da, hori da elementu nagusia. Eredua Tknikako Ikaskuntzak eta etekin handia izeneko arloan garatzen hasi zen 2014-2015 ikasturtean. Ikaskuntza-eredua EAEko LHko ikastetxe publiko eta itunpekoetan dago jada zabaldua, tartean Tolosaldea LHn.
Ikasleei egoera problematiko bat planteatzen zaie. Egoera horrek erronka gisa bizitzeko aukera eman behar die ikasleei. Hortik, behar den ezagutza sortu behar dute, soluzio hoberenak proposa ditzaten.
Erronka, zeharkako (autonomia ikaskuntzan, talde-lana, aparteko emaitzetarako orientazioa, etab.) zein gaitasun teknikoak eskuratzeko baliabide bilakatzen da.
Proba pilotua gainditu duzue, momentu honetan zer fasetan zaudete?
Aipatu bezala, Ethazi ikaskuntza-eredua Tknikako Ikaskuntzak eta etekin handia izeneko arloak darama eta beraren eboluzio, hobekuntza eta garapena berak gidatuko du; baita ereduaren hedapena EAEko LHko ikastetxeetan ere. Tolosaldea LHn, besterik gabe, gida-lerro horiei jarraitzen zaie eta esan daiteke gaur egun Ethazi eredua prestakuntza-ziklo guztietara hedatuta dagoela bertan.
Zer-nolako ekarpenak egin dizkie Moodlek Ethaziko erronkei?
Kontuak egiten aritu naiz eta Tolosaldea LHn gutxienez 17 urte inguru daramagu Moodle ikaskuntza-plataforma gisa erabiltzen. Hasiera batean prestakuntza-zikloetako moduluak ezartzen genituen Moodlek eskaintzen zituen aukerak aprobetxatuz eta ahal zela edukien biltegi soil bat izatetik aldentzen saiatzen ginen. Denborarekin Moodle eboluzionatzen eta garatzen joan denez, interesgarria ikusi dugu haren funtzionalitate berriak Ethaziko erronken Moodleko ezarpenetan erabiltzea.
Ethaziko erronka batean ikasleen arteko lankidetza ezinbestekoa denez, Moodleko hainbat baliabide eta jarduera erabiltzen ditugu, besteak beste, glosario eta foro jarduerak (Moodlek berak dakartzanak) edota ONLYOFFICE document (plugin gisa guk instalatuta) eta Nextcloud (gure ikastetxeko hodeia).
Komunikazioak Ethaziko erronketan duen garrantzia islatzeko, Moodleko foroak erabiltzen ditugu eta BigBlueButton (gure ikastetxean erabiltzen dugun bideokonferentzia-plataforma).
Erronkak ikaslearentzat motibagarria izan behar duenez, Moodle H5P jarduerak erabiltzen ditugu, jolasa ere ikaskuntzaren parte eginez (hizki-zopak, gurutzegramak, karta-jokoak, memoria-jokoak...).
Aniztasun funtzionala duten ikasleen irisgarritasuna bermatzeko, Moodleko jarduera eta baliabide digitalen aurkezpenetan premia desberdinetarako aukera desberdinak eskaintzen saiatzen gara, besteak beste, bideoetan azpitituluak jarriz, testuetan audio-deskripzioak erantsiz eta jardueren osaketaren jarraipena egiteko ikasleei eskainiz.
Aipatu behar da, halaber, azken aldian Moodlek eskaintzen dituen datu-analisirako hainbat funtzionalitate erabiltzen saiatzen garela ikaskuntza-prozesua, ebaluazio-estrategia eta edukien eta baliabide digitalen diseinuak hobetzeko. Adimen artifizialak (AA) eskaintzen dituen aukerak ere aintzat hartzen ditugu ebaluazio diagnostiko eta formatiborako galderak (Moodleko galdera-bankua) disenaitzeko.
Ikusteko dago hemendik aurrera nola uztartzen ditugun Ethazi ikaskuntza-ereduko erronkak eta Moodlek eskaintzen dizkigun aukerak.